Zirkulazio- eta Arnas Aparatuak: Funtzionamendua eta Patologiak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 12,13 KB

Odol-hodiak: Arteria eta Zainak

Odol-hodiek sistema baskularra osatzen dute. Honako geruzak dituzte:

  1. Adbentizia: Ehun konjuntiboz osatutako kanpo-geruza.
  2. Ertaina: Muskulu-zelulak.
  3. Intimoa: Endotelioa.
  • Arteriak: Odola bentrikuluetatik gorputzera bideratzen dute. Horma sendoak dituzte, presio handia jasateko.
    • Biriketako arteria: Eskuineko bentrikulutik biriketara.
    • Aorta arteria: Ezkerreko bentrikulutik organismora.
  • Zainak: Ehunetako kapilarretatik bihotzera garraiatzen dute odola. Odol-presio txikiagoa jasaten dute, meheagoak dira.
    • Birika-zainak.
    • Kaba-zainak.

Bihotzaren Irrigazioa eta Inerbazioa

  • Irrigazioa: Arteria koronario txikiek odol oxigenatua bihotz-muskulura eramaten dute. Ezkerreko bentrikulua irrigatuagoa dago eskuinekoa baino, aorta arteriaren bitartez organismo osora odola pasa behar baitu, eta horretarako presio gehiago egin behar du. Zain koronarioek bihotzeko odola jaso eta eskuineko aurikulara eramaten dute.
  • Inerbazioa: Eroapen elektrikoko sistema intrintsekoa du, estimulurik gabe uzkurtzeko gaitasuna ematen diona. Zelulen uzkurdura koordinatua da. Nerbio-sistema autonomoak inerbatzen du:
    • Sinpatikoa: Bihotz-maiztasuna areagotzen du (takikardia).
    • Parasinpatikoa: Bihotz-maiztasuna murrizten du (bradikardia).

Hemostasia

Organismoak odol-galera saihesteko eta odoljarioa eragiten duten lesio traumatikoen kasuan bolemia mantentzeko dituen defentsa-mekanismoen multzoa da.

Faseak:

  1. Basokonstrikzio lokala: Odol-fluxua murriztu eta odol-galera mugatzeko. Plaketen serotoninak eragiten du. Basokonstrikzioak plaketen pilaketa errazten du.
  2. Agregatu plaketarioaren eraketa (hemostasia primarioa): Plaketak batu eta agregatua eratzen dute, zauritutako eremua tapatuz.
  3. Koaguluaren eraketa (hemostasia sekundarioa): Agregatua koagulu bilakatzen da. Fibrinogenoa fibrina bilakatzen da. Fibrina hauspeatu eta plaketa-tapoia sarea eratzen du.

Zirkulazio-Aparatua

  • Zirkuitu txikia/biriketakoa: Organismotik jasotako odol desoxigenatua bihotzetik biriketaraino daraman zirkuitua da, eta bihotzera itzultzen du, oxigenatuta. Zainetako odola biriketako arteriatik ateratzen da eskuineko bentrikulutik, eta birika-zainek oxigenatuta itzultzen dute ezkerreko aurikulara.
  • Zirkuitu handia/sistemikoa: Odol oxigenatua bihotzetik organismora eramaten duen zirkuitua da. Ondoren, karbono dioxidoz betetakoa bihotzera itzultzeko aukera ematen du. Odola ezkerreko bentrikulutik ateratzen da aorta arteriatik, eta kaba-zainetatik itzultzen da eskuineko aurikulara.

Horregatik, zirkulazio-aparatua bikoitza eta osoa dela adieraz dezakegu:

  • Bikoitza: Zirkuitu handiago batek eta zirkuitu txikiago batek osatzen dutelako.
  • Osoa: Bihotzean ez baitago odol oxigenatu eta oxigenatu gabearen nahasketarik; oxigenatua bihotzaren ezkerraldetik igarotzen da eta oxigenatu gabea eskuinetik.

Bihotz-Zikloa

  • Sistolea (uzkurtze-mugimendua):
    • Sistole aurikularra: Aurikula uzkurtu eta bertako odola bentrikulura igarotzen da. Balbula trikuspide eta mitralak irekitzen dira.
    • Sistole bentrikularra: Bentrikulua uzkurtu eta bertako odola arterietara igarotzen da. Bentrikuluetako presioak igotzeak balbula trikuspidea eta mitrala ixten ditu, eta birika- eta aorta-balbulak irekitzen ditu.
  • Diastolea (erlaxatze-mugimendua): Bentrikuluak uzkurtu ondoren, balbula aurikulobentrikularrak irekitzen dira. Aurikulak erlaxatu eta odolez betetzen dira. Aurikulak betetzen doazen heinean, odola bentrikuluetara igarotzen da, eta berriro sistole aurikularra ematen da.

Zirkulazio-Aparatuaren Patologiak

PatologiaDeskribapenaEtiologiaZeinu/SintomakTratamendua
Barizeak (odol-hodiena)

Zainetako dilatazioak dira, gehienetan beheko gorputz-adarretan ematen direnak. Zainetako balbulen alterazioen ondorioz, balbulak ez dira ondo ixten eta odolaren zirkulazio egokia zailtzen dute. Hori dela eta, odola pilatzen hasten da eta zainak dilatatu egiten dira.

Jatorri genetikoa izan dezake. Arrisku-faktoreak: obesitatea, sedentarismoa, antisorgailuak, tabakismoa.

I. estadioa: asintomatikoa. II. estadioa: nekea, astuntasuna, mina, azkura… III. estadioa: aurreko sintomez gain, azalaren kolore-aldaketak eta hantura-erreakzioak. IV. estadioa: ultzera mingarriak.

Estadioaren araberako tratamendua: konpresio-galtzerdietatik eta masajeetatik hasi eta ebakuntza kirurgikora arte.
Aterosklerosia (baskularra)Arterien barne-horman plakak depositatzea da. Plaka horiek gantzak, kolesterolak… osatzen dituzte. Denborarekin gogortu eta arteriak estutzen dituzte, odol-fluxua mugatuz.Adina, sedentarismoa, koipe askoren ingesta, kolesterola, obesitatea, diabetesa, hipertentsioa, tabakismoa…

Sintomak: Bularreko mina edo presioa. Gorputz-adarren ahultzea.

Zeinuak: Giltzurrun-gutxiegitasuna. Tentsio arterial altua.

Dieta osasuntsu eta orekatua, jarduera fisikoa, tabakoaren kontsumoa murriztea. Kirurgia.

Hipertentsio arteriala (fisiopatologia hemodinamikoa)Pertsona baten odol-presioa maila normala baino handiagoa denean.Adina, aurrekari familiarrak eta jaiotzetiko gaixotasunak.

Sintomak: Buruko minak, goragalea, ikusmen lausoa.

Zeinuak: Sudurreko odoljarioa, arritmiak.

Bizi-ohitura osasungarria eta hipertentsioa kontrolpean mantentzeko medikamentuak.
PatologiaDeskribapenaEtiologiaZeinu/SintomakTratamendua
Iktusa (zerebrobaskularra)Garuneko eremu batean odol-fluxua ez iristeagatik gertatzen da. Odolaren zirkulazioa koagulu batek oztopatzen du arteriaren baten barruan.

Helduetan, batez ere, etiopatogenia aterotronbotikoa; umeetan, patologia inflamatorioak.

Sintomak: Hanka edo besoetan indarra galtzea. Hitz egiteko edo ulertzeko zailtasunak.

Zeinuak: Zorabioak. Orekaren galera. Aurpegiaren alde bateko paralisia. Ikusmen-galera.

Farmako fibrinolitikoak erabiltzen dira koaguluak eta tronboak disolbatzeko.

Tratamendu kirurgikoa: ateroma-plaka erauzteko.

Errehabilitazioa: kaltetutako funtzioak berreskuratzeko edo hobetzeko.

Miokardio-infartua (bihotzekoa)

Arteria-buxadura koronarioa gertatu eta berehala, odol-fluxua eteten da miokardioko eskualde batean, eta horrek disfuntzio miokardikoa eragiten du.

Plaka ateroesklerotikoaren haustura, enbolia koronarioa… dira infartuaren kausak.

Sintomak: Bularreko mina. Ondoez orokorra. Goragalea.

Zeinuak: Izerdi hotzak. Zorabioak.

Ariketa fisikoa, tabakoa erretzeari uztea, koipea dietatik murriztea.

Antikoagulatzaileak.

Tratamendu kirurgikoak.

Biriken Irrigazioa eta Inerbazioa

Birikek irrigazio bikoitza dute:

  1. Bihotzaren eta biriken arteko zirkulazioa: Zirkulazio hau beharrezkoa da odola oxigenatzeko. Biriketako arteria bihotzetik ateratzen da eta odola zuzenean biriketara bideratzen du oxigenatu ahal izateko. Birika-zainek odol oxigenatua bihotzera itzultzen dute.
  2. Arnas-aparatuko gainontzeko eremuak irrigatzeko zirkulazioa: Jatorri aortikoa du eta arnas-aparatuko ehunei oxigenoa eta mantenugaiak emateaz arduratzen da.

Inerbazioari dagokionez, arnasbideetara nerbio-sistema autonomotik datozen zuntzak iristen dira. Zuntz horiek kontrolatzen dute arnasbideetako muskulu leunen uzkurdura, mukosa-jariaketa eta odol-fluxua.

Arnas Fisiologia

  • Aireztapena: Arnasbideen bidez, airea kanpo-ingurunetik albeoloetara sartzeko eta ateratzeko prozesu mekanikoa da.
  • Hematosia: Albeoloetan gertatzen den gas-trukea da.
  • Garraioa: Oxigenoa odolean zehar garraiatzea da, albeoloen inguruko kapilarretatik organismoko zelula bakoitzaren barrualderaino.
  • Arnasketa zelularra: Zelulek, oxigenoa, mantenugaiak oxidatzeko eta energia metabolikoa sortzeko erabiltzen duten prozesu metabolikoa da. Prozesu honetan karbono dioxidoa sortzen da.

Arnas Aparatuaren Funtzio Gehigarriak

Aurrez aipatu bezala, arnas-aparatua arnasketan parte hartzeaz gain, beste funtzio garrantzitsu batzuk ere betetzen ditu:

  • Biriketako kapilarrek odolaren iragazki gisa jokatzen dute; koagulu txikiak, zelula-hondarrak edo odolean egon daitezkeen aire-burbuilak aparatu honetan ezabatzen baitira.
  • Arnasbideek organismoa defendatzen dute, gorputzean patogenoak sartzea eragotziz.
  • Mekanismo homeostatikoetan parte hartzen du, hala nola tenperaturaren kontrolean, gorputzeko likidoen kontrolean, azido-baseen kontrolean...
  • Funtzio metaboliko garrantzitsuak ditu.

Inspirazioa eta Espirazioa

  • Inspirazioa: Airea biriketara sartzen da. Mugimendu aktiboa da eta diafragmaren eta saihetsarteko muskuluen uzkurtzeari esker gertatzen da. Diafragma uzkurtzen denean, kaxa torazikoko diametro bertikala handitzen da; saihetsarteko muskuluak uzkurtzen direnean, berriz, kaxa torazikoko diametro horizontala handitzen da. Bolumen-handipenari esker, birikak zabaldu egiten dira eta aire atmosferikoa biriketan sartzea eragiten du.
  • Espirazioa: Aurkako prozesua da eta airea biriketatik ateratzen da. Mugimendu hori pasiboa da. Diafragma eta saihetsarteko muskuluak erlaxatzean, kaxa torazikoaren bolumena txikitu egiten da eta birikak uzkurtu egiten dira. Ondorioz, biriketako airea kanporatu egiten da.

Gas-Trukea

Hematosia aire albeolarraren eta odolaren arteko gas-trukea da. Gas-truke hau difusioan oinarritzen da. Gas-truke hori honako zelulei esker gerta daiteke:

  • I motako neumozitoak: Albeoloetako zelula epitelial oso lauak dira, gasak igarotzea errazten dutelarik.
  • II motako neumozitoak: Jariatutako substantzia surfaktante batek estaltzen ditu. Honek, arnastutako airearen eta odolaren arteko gainazal-tentsioa murrizten du, gas-trukea erraztuz.

Entradas relacionadas: