Turismoaren Ondorioak eta Politikak: Analisia eta Proposamenak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 7,75 KB
Turismoaren Ondorioak eta Arazoak, eta Ezarritako Politikak
Turismoak ondorio garrantzitsuak ditu espazioan. Kostaldeko turismo inguru tradizionaletan ondorio horiek nabarmenagoak eta indartsuagoak dira, baina gainerako inguruetan ere nabaritzen dira.
Ondorio Demografikoak
- Kostako inguruetan, turismoaren eraginez, gora egiten du biztanleriak. Kasu batzuetan, heldu gazteak lan bila jotzen dute bertara; beste kasu batzuetan, helduak edo erretiratuak bertan ezartzen dira modu iraunkorrean, enpresa-arrazoiengatik.
- Horrez gain, turismoaren eraginez, gora egiten du hirugarren sektorean eta eraikuntzan okupatutako biztanleriak.
- Landa- eta mendi-inguru batzuetan eta gainbeheran dauden hiri historiko batzuetan turismoak despopulatzea geldiarazi du, eta eskulangintza eta tradizioak berpiztea eragin du.
Populatzean Dituen Ondorioak
- Kostaldean, turismoak hiriko populatzea zabaltzen du eta konurbazioak sortzeari mesede egiten dio. Horrez gain, eraikuntzaren dentsitate handia eta lurzoruaren espekulazioa eragiten ditu.
- Landa-espazio, mendi-espazio eta hiri-espazio batzuetan, turismoak eraikitako ondarea zaharberritzen lagundu du.
Ondorio Ekonomikoak
- Turismoak enpleguaren %12 baino gehiago sortzen du, turismo-zerbitzuetan zein zerbitzu mistoetan, turistentzat eta turista ez direnentzat. Izan ere, horietako asko ezin dira mekanizatu eta eskulan ugari eta kualifikazio txikikoa behar dute. Hala ere, enplegu horren zati handi bat urtarokoa da.
- Beste jarduera ekonomiko batzuetan efektu biderkatzailea du, turismo-eskariak gora egitean suspertu egiten dira eta: nekazaritza, industria, eraikuntza, garraioak eta merkataritza.
- Herrialdeari aberastasuna ematen dio. Hori dela eta, Espainiako oparotasun ekonomikoaren oinarrizko zutabeetako bat da.
- Merkataritza-balantza konpentsatzen du, kanpoko zorpetzea geldituz.
- Garraio- politikan eragina du. Garraio-politikaren bidez, turismo-nukleoei interesgarritasun ona eman nahi izan zaie. Modu horretan, turismoa erabakigarria izan da Mediterraneoko autobidea sortzeko, inguru hartzaileak eta Europako inguru igorleak lotzen ditu eta. Era berean, aireportu batzuk zabaldu eta modernizatu ditu eta hegaldi irregularrak edo charter hegaldiak sustatu ditu. Horiek kostuak merkatu eta maiztasuna eta ibilbidea eskarira egokitzen dituzte. Era berean, aisia- eta kirol-ontzientzako portuen edukiera handiagotu da, maila handiko turismorako erakargarria delako.
Ondorio Politiko, Kultural eta Soziologikoak
- Turismoaren bidez, herrien arteko hurbilketa eta kulturen arteko harremanak sustatzen dira, estatuen arteko elkar-ulertze politikoari mesede eginez.
- Turismoak tokiko gizartean eragina du: Eragin positiboa gizarte-aldaketa eta modernizazioa suspertzen dituenean, eta eragin negatiboa, bertako ohiturak eta identitate-ikurrak galtzea dakarrenean, edo egoiliarren bizi-kalitatea okertzen duenean zerbitzuetan eta azpiegituretan pilaketak eragiteagatik.
Lurraldearen Antolamenduan Dituen Ondorioak
Turismoak turismo-espazioetan eragina izateaz gain, horien inguruan ere eragina du, bertan jarduerak eta zerbitzuak ezartzen dituelako eta beste jarduera batzuekin gatazkak egin ditzakeelako.
- Kosta inguru turistikoenetan, turismoak espazio hurbilak beharrizanen arabera antolatzen ditu. Modu horretan, aisiarako inguruak edo oinarrizko hornikuntzek ematen dituzten zerbitzuen periferiak bihurtzen dira. Hauek dira gertaera horren ondorioak:
- Aldaketak inguruan eta paisaian: urtegiak ura hornitzeko, harrobiak eraikuntzako materialetarako, lur-mugimenduak garraiorako.
- Aldaketa ekonomikoak: laborantza-lurrek balioa irabazten dute orube bihurtzen direlako, eta turismoak eskatutako jarduerak suspertu egiten dira.
- Gatazkak lurzoruaren eta baliabideen erabilera dela eta: urbanizazio-presioa lantzeko lurzoruan; uraren erabileraren inguruko gatazkak nekazaritzarekin.
- Landa-turismoko eta mendi-turismoko inguruetan, turismoak gatazkak eragin ditzake nekazaritza-jarduerekin, edo jarduera horiek bertan behera uztea eragin dezake.
- Hiri historikoetan, hirigune zaharrak turistaren zerbitzurako jardueretan espezializatzen dira eta periferietan bigarren etxebizitzak edo eskariari erantzuteko hotelak kokatzen dira.
Ondorioak Ingurunean
Turismoak espazio askotan ingurumen-ondorio garrantzitsuak ditu, sektorea tarte laburrean indarrez garatu delako, espazio murriztuan, eta ingurumenaren aldeko ardura hedatuta ez zegoen unean. Horren ondorioz, hotelen eta apartamentuen bloke handiak eraiki ziren hondartzen ondoan; balio handiko espazio naturaletan kontrolik gabe dartzak kutsatu ziren; zarata gehiegi eragin zen eta hondakinen bolumen handia pilatu zen.
Arazoak eta Turismo-Politika
a) Hauek dira turismoarekin lotutako arazo nagusiak:
- Eguzki eta hondartzako eredu tradizionalaren nagusitasunak ondorio hauek ditu: maila ertaineko edo ertain-txikiko bezeroak, urtarokotasun handia, espazioan pilatzea eta atzerriko tour-operadoreen mendekotasun handia.
- Eskariak eskakizun berriak ditu: eskaintzaren kalitatea eta barietatea, bidaiaren antolaketan gehiago parte hartzea, eta ingurumen-kalitatea.
- Nazioarteko lehiak gora egin du, garraioak hobetu direlako eta masifikatu gabeko jomugak bilatzen direlako.
b) Turismo-politika arazo horiek konpontzen ahalegintzen da autonomia-erkidegoekin eta Europar Batasunarekin lankidetzan:
- Autonomia-erkidegoek turismo-politikan eskumenak dituzte.
- Europar Batasunak turismoa bultzatu nahi du lanpostuak sortzeko, dibisak erakartzeko eta herrialde aberatsen eta txiroen artean errentak berriz banatzeko hobariak dituelako. Horretarako, turistaren babesa eta informazioa hobetu nahi ditu; turismoak denboran eta espazioan duen banaketa orekatu nahi du, turismo-modalitate berriak bultzatuz; kalitate-estandar berdinak finkatu nahi ditu, eta sektoreko lanbide-prestakuntza hobetu nahi du.
- Espainiako turismo-politika 2007an onetsitako Espainiako 2020 Turismo Planean zehaztu da. Helburu hauek ditu:
- Eskaintzaren kalitatea handiagotzea, erosteko ahalmen handiagoa duten turistak erakartzeko. Xede horrekin, lanbide-prestakuntza eta azpiegiturak hobetzen dira, jomuga helduetan modernizazio osorako proiektuak eginez.
- Eskaintzaren dibertsifikazioa, eskariak barietate handiagoa eskatzen duelako, turismoak denboran eta espazioan duen banaketa hobetzeko, eta merkatu-segmentu berriak gehitzeko, hala nola hirugarren adinekoak. Horretarako, landa-turismoa, mendiko turismoa, turismo ekologikoa eta hiriko turismoa sustatzen dira.
- Bezeroak artatzeko teknologia berriak erabiltzea, bidaiaren antolaketan zuzenean parte hartzeko desirari erantzuteko. Xede horretarako, Interneten erabilera hedatzen da informazioa lortu, erreserbak egin eta bidaia erosteko.
- Berrikuntza eta ezagutza erabiltzea bezeroa pozik geratzeko eta turismo-negozioak arrakasta izateko. Horretarako, turismoa I+G+B planetan gehitzen da.
- Turismo-sustapena, kanpoko lehiari aurre egiteko eta bezero berriak erakartzeko. Eginkizun hori nazioarteko azoketan egiten da, besteak beste, Berlinen eta FITURen; atzerrian dauden turismo-bulegoetan, eta merkatu sortu berriak erakartzeko olanen bidez.
- Merkaturatzea hobetzea, turismoko etekinak handiagotzeko, bertako tour-operadoreak sortuta.
- Turismo iraunkorra lortzea, eskariak ingurumen-kalitatearen inguruan duen eskakizunari erantzuteko. Horretarako, zenbait neurri hartzen dira, hala nola proiektuen ingurumen-inpaktua balioestea, paisaiaren estetika zaintzea eraikinak inguruan integratuz, espazio degradatuak konpontzea, eta ingurua zaintzeari buruz gizarte-sentikortasuna handiagotzea.