Trebetasun Motorrak: Definizioa, Ikaskuntza eta Sailkapena
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 11,2 KB
Sarrera: Lan eta Trebetasun Motorren Garrantzia
Lan eta trebetasun motorren ezaugarriek zehaztuko dute erabili beharreko irakasteknika. Lan motor mota batzuk (ziklikoak/aziklikoak, itxiak/irekiak, pertzeptiboak, erabakizkoak...) eta haiek sailkatzeko irizpideak (ezaugarriak, zailtasuna, eskakizunak) aztertuko ditugu. Gai honetan trebetasun, lan eta jarduera motorrak (baita abilezia ere) definitu eta sailkatuko dira, euren ikaskuntza eta eskakizun didaktikoaren arabera.
Oinarrizko Kontzeptuak Definitzen
Trebetasun Motorra
Testuinguruaren arabera definizio asko agertzen dira, baina denek bi konnotazio dituzte:
- Ekintza edo lan motor bat suposatzen du.
- Lan motor horrek kalitate berezitasuna darama, hau da, lan motorrean lortutako maila (emaitza zehaztasunez eta gastu gutxienekin sortzeko gaitasuna).
Definizio batzuk:
- Singer: Ekintza bat arrakastatsua izan dadin egiten dugun gorputzaren mugimendua.
- Fleishman: Lan baten edo lan multzo baten eraginkortasuna.
Trebetasun motorra ikasitako gaitasuna da (lanaren bidez) eta berdina da guztiontzat (adibidez, itzulipurdia). Abilezia, aldiz, desberdina da pertsona bakoitzean.
Lan Motorra
Trebetasun motorrak garatzeko asmoz (helburua) ikasleari edo jokalariari proposatzen diogun lanaren eskeletoa (entrenamendua, bidea, metodoa). Hau da, zer egin behar duen eta nola, helburua lortzeko. Lan Motorra izango da kirolen irakaskuntzan garatuko den edukia.
Jarduera Motorra (Mugimendua)
Trebetasuna lortzeko eta lanaren barruan egiten den mugimendu bera.
Abilezia
Trebetasunak bereganatzeko eta era eraginkor batean egiteko gaitasuna. Pertsonen arteko elementu edo faktore desberdintzailea da.
Mugimendu Motak
Mugimendu Erreflexua
- Nahigabekoa eta inkontzientea da.
- Berezkoa da (ez ikasitakoa): estimulu zehatz batek beti erantzun jakin eta bakarra sortuko du.
- Oso arin egiten da.
- Bizkarrezur-muinean sortzen da (lehen mailakoa edo primarioa).
- Adibideak: Koska erreflexua, errotularen tendoiarena...
Borondatezko Mugimendua
- Nahita egina eta kontzientea da.
- Burmuinean sortzen da (bigarren mailakoa edo sekundarioa, elaboratua).
- Ikasi egiten da (ez da berezkoa).
- Giharren koordinazio batzuen ondorioz, patroi motor bat jarraituz eta helburu bat lortzeko egiten da.
Mugimendu Automatikoa (Automatizatua)
- Inkontzientea da.
- Batzuk berezkoak dira (arnasketa, bihotz taupadak...), eta haienganako eragin apur bat izan daiteke.
- Beste batzuk borondatezko mugimenduak errepikatuz ohitura bihurtzen dira, eta kontzientziaren beharra galtzen dute.
- Ezaugarriak: eraginkortasuna (helburuarekin bat egiten dutelako) eta merkea izatea (kontzientziaren beharrik ez dutelako).
Ikaskuntza Motorraren Ereduak
Eredu Zibernetikoa: Zirkuitu Itxia (Adams)
- Feedbackaren doikuntza uneoro egiten da.
- Ekintza motor jarraiak/ziklikoak (korrika, igeri, arrauna...).
- Informazioa: barnekoa/kanpokoa (entrenatzailea/emaitza). Hasieran, bitartean edo amaieran.
Zirkuitu Irekiaren Eredua (Keele)
- Feedbacka bukaeran ematen da.
- Ekintza motor diskretuak/aziklikoak (jauzi, jaurti, jo...).
- Informazioa: barnekoa/kanpokoa (entrenatzailea/emaitza). Hasieran edo amaieran.
Informazioaren Prozesaketa Eredua (Marteniuk)
Lan motor batek hiru mekanismo nagusi ditu Marteniuken ereduaren arabera:
Prozesuaren Mekanismoak
Lan motorra -> Informazioa/Estimuluak -> Zentzumen organoak -> Informazioa prozesatzea -> Erantzun motorra
- Hautemate edo Pertzepzio Mekanismoa
- Erabaki Mekanismoa
- Exekuzio Mekanismoa
Hautemate edo Pertzepzio Mekanismoa
- Kanpoko/barneko informazioa jasotzeko arduraduna.
- Estimuluak zentzumen organoen bidez jasotzen ditu.
- Informazioa erabaki mekanismora eta memoriara bidaltzen du.
Erabaki Mekanismoa
- Egoera aztertu eta helburua lortzeko erantzun egokia sortzeko arduraduna.
- Alderdi/faktore nagusia: adimen/inteligentzia motorra.
- Memoriaren laguntza erabiltzen du (gordetako erantzuna edo egokituta) edo erantzun berria sortzen du.
Exekuzio Mekanismoa
- Sortutako erantzuna era (ez)egokian gauzatzeko arduraduna.
- Muskuluen ekintzak koordinatzen ditu.
- Alderdi kualitatiboa: koordinazioa.
- Alderdi kuantitatiboa: egoera fisikoa.
Sentsazioak, Pertzepzioak eta Zentzumen Organoak
Sentsazioen eta Pertzepzioen Funtzioa
- Sentsazioak: Zentzumen organoen bidez jaso ditzakegun estimuluak dira. Informazioa memoriara eta burmuinera bidaltzen dute.
- Pertzepzioak: Burmuinean egiten den sentsazioen interpretazio subjektiboa da. Memorian gordetako esperientziekin konparatzen dira.
Zentzumen Organoen Ezaugarriak eta Sailkapena
Ezaugarriak:
- Espezifikotasuna: Zentzumen bakoitzak estimulu mota jakin bat jasotzen du (adib., begiak argia).
- Kilikortasuna: Estimuluak gutxieneko atalase-maila bat gainditu behar du hautemana izateko.
- Adaptazioa: Estimulua konstante mantentzen bada, zentzumen organoa ohitu egiten da eta kilikortasuna desagertzen da.
Sailkapena:
- Interozeptoreak: Barne-organoen informazioa jasotzen dute (gosea, egarria...).
- Propiozeptoreak: Gorputzaren posizioari, orekari eta mugimenduari buruzko informazioa ematen dute (barne belarria, muskuluetako hartzaileak...).
- Esterozeptoreak: Kanpoko estimuluen informazioa jasotzen dute (ikusmena, entzumena, ukimena...).
Patroi Pertzeptiboak eta Ikaskuntza
- Estimuluak ez dira banaka agertzen; jasotako estimuluetatik patroi edo eredu bat sortzen dugu (sentsazioa).
- Patroi pertzeptiboa: Egoera desberdinek partekatzen duten eskema komuna da.
- Burmuinak sentsazioak/patroiak antolatzen ditu.
- Memoriaren eta esperientziaren laguntzaz, gordetako patroi pertzeptiboekin konparatzen dira, patroia egokitzeko edo patroi berria sortzeko.
- Ikastea, neurri handi batean, jasotako informazioa antolatzen jakitea da, patroi pertzeptibo eraginkorrak sortzeko.
Trebetasun Motorraren Ezaugarriak
Trebetasun motor batek honako ezaugarri hauek ditu:
- Eraginkorra: Proposatutako helburua lortu behar du.
- Ekonomikoa: Helburua ahalik eta energia-gastu txikienarekin lortzea bilatzen du.
- Malgua: Egoera aldakorretara egokitzeko gai da.
Trebetasun Motorren Sailkapena
Trebetasun motorren sailkapen posible asko daude. Ekintza didaktikoa bideratzeko informazioa ematen digun irizpideetan oinarrituko gara:
1. Gorputzaren parte-hartze mailaren arabera
- Finak: Gihar talde txikiak jartzen dituzte martxan, eta parte-hartze zehatzago bat eskatzen dute (adib., idaztea, jostea).
- Orokorrak (edo Lodiak): Gihar talde handiak jartzen dituzte martxan (adib., igeriketa, korrika egitea, salto egitea).
2. Eskema tenporalaren arabera
- Ez-jarraiak edo Diskretoak: Hasiera eta amaiera zehatzak dituzte. Behin egiten dira eta egikaritzean ez dago egokitzapen posibilitaterik (adib., saskibaloi jaurtiketa bat).
- Jarraiak: Ez dute hasiera eta amaiera zehatzik (ziklikoak). Lanaren zehar egokitzapenak egin daitezke hauek hobetuz (adib., korrika, igeri, oinez ibili).
- Sailetan (edo Segidakoak): Ekintza diskretoen errepikapenak edo segidak dira, patroi dinamiko bat osatuz. Egokitzapenak izan ditzakete (adib., baloia botatzea behin eta berriz).
3. Subjektuak trebetasunaren gainean duen kontrol maila
- Autoerregulatuak: Subjektuak kontrolatzen du noiz hasi, bukatu, zein abiaduratan... (adib., korrika egin). Trebetasun hauetan, eskema buruan dago eta ingurunea menperatu edo kontrolatzen da (egonkorra da).
- Kanpo-erregulatuak: Subjektuak kanpoko elementuei (adib., baloiari, aurkariari) egokitu behar dizkie bere mugimenduak. Ez du aurretiko eskema finkorik (adib., futbola) eta ez du ingurunea erabat menderatzen.
4. Inguruneak subjektuarengan duen kontrol maila
- Itxiak: Ingurunea finkoa da, egonkorra, eta ez dira bere baldintzak aldatzen. Subjektuak egikaritzearen kontrola du. Pertzepzio edo hautemate maila baxua da (adib., pisu jaurtiketa).
- Zabalduak (edo Irekiak): Ingurunea aldakorra da, ez da finkoa. Pertzepzio eskaera handia da (adib., bolei erremate bat).
5. Parte-hartze kognitiboaren mailaren arabera
- Ohikoak: Faktore garrantzitsuena egikaritza bera da, ekintza motorraren sekuentzia estandarra da. Erabakitze eta pertzepzio maila baxua da (adib., bizikletan ibiltzea erritmo konstantean).
- Pertzeptiboak: Pertzepzioa eta erabakiak hartzea garrantzitsuak dira. Parte-hartze kognitiboa handia da (adib., pase on bat ematea edo jaurtiketa egitea futbolean, aurkarien eta taldekideen posizioa kontuan hartuz).
6. Subjektu-objektu egoeraren arabera (ekintza aurretik)
- Subjektu eta objektu estatikoak (adib., lurretik zerbait jaso).
- Subjektu geldi - objektua mugimenduan (adib., pase bat hartu posizio estatiko batean).
- Subjektu mugimenduan - objektua geldi (adib., pase bat eman korrika zoazela geldi dagoen bati).
- Subjektu eta objektu mugimenduan (adib., pase bat eman korrika zoazela korrika doan beste bati).
Sailkapenaren Ondorioak eta Garrantzia Didaktikoa
Sailkapen hauek aztertuta, ondorio batzuetara heldu gaitezke:
- Trebetasun zabalduak eta pertzeptiboak, normalean, kanpo-erregulaziokoak izaten dira.
- Trebetasun itxiak eta ohikoak, normalean, autoerregulaziokoak izaten dira.
- Trebetasun jarraietan, feedbacka lana egiten den bitartean jaso eta erabil daiteke.
- Trebetasun diskretoetan, feedback nagusia lana amaitzean jasotzen da.
Zertarako hau dena? Zergatik jakin nahi dugu trebetasun motorren sailkapen hau? Gure arloan proposatzen ditugun jarduerak oso desberdinak dira; batzuk beste batzuk baino konplexuagoak dira euren pertzepzio, erabaki eta egikaritza maila kontuan izanez. Trebetasun edo lan motor hauek sailkatzeak eta ezagutzeak gure lana (irakaskuntza, entrenamendua) aurrera eramatea erraztuko digu, zera ahalbidetuko digulako:
- Zailtasun maila desberdinetan lan egin ahal izatea, errazenetik zailera progresio logiko bat jarraituz.
- Ikasleen eboluzio-momentua eta aurretik dituzten esperientziak kontuan hartzea jarduerak diseinatzerakoan.
- Irakaskuntza-metodo egokienak aukeratzea trebetasun mota bakoitzerako.