Totalitarismoaren sustraiak eta gizakiaren banalitatea: XX. mendeko gaitzaren azterketa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Filosofía y ética
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,21 KB
1. Filosofia-ingurumena: Arrazoi Ilustratuaren krisialdia eta XX. mendeko totalitarismoak
XVIII. mendeko Ilustrazioak tradizioaren eta erlijioaren ideia dogmatikoak atzean utzi zituen. Honen adibide garbia Kanten “Zer da Ilustrazioa?” galderaren erantzuna da. Ilustratuen ustez, arrazoia modu askean erabiltzeak aurrerapen zientifikoa, politikoa eta etikoa ekarriko zuen eta, ondorioz, gizartea utopiara gerturatuko zen. Jakina, ez zen horrelakorik gertatu. XX. mende hasierako gerrek (heriotza-zelaiak eta bonba atomikoak) argi utzi zuten gizateria utopiaz baino desagertzetik hurbilago zegoela.
Arrazoimen instrumentala eta gizakiaren alienazioa
XX. mendeko 30. hamarkadatik aurrera, Frankfurteko eskolak (oinarri marxista eta weberiarra zuten intelektual judutarrek sortutako korrontea) arazo honi erantzuna bilatu zion. Eskola honetako autoreek, Max Weberren arrazoimen instrumentalaren kontzeptua berrinterpretatu eta honakoa proposatu zuten: Ilustrazioak aurrerapenaren baitan natura menperatzea bilatu zuen, gizakiaren bizitza hobetu nahian. Gizakien eta gauzen harremanen logika honetan arrazoimen instrumentala aplikatzen da. Natura bitarteko bat da giza helburuentzat eta bere gaineko erabakien efizientzia baloratu da. Ilustrazioak, ordea, ez zuen galarazi arrazoimen instrumentala bere esparrutik ihes egin eta gainontzekoetan ere nagusitzea. Hau da, gizakia, gizakien arteko harremanak zuzentzea, objektu bilakatuz, bere duintasuna lapurtuz, hau da, alienatuz.
Behin gizakia gizarte-sistemaren torloju bilakatuta eta bertan betetzen duen funtziora erreduzituta, botereak, gizakiaren gaineko erabakietan efizientzia bilatuko du. Horrela ulertuko dira heriotza-zelarien sorrera edo bonbardaketa atomikoak. Amets ilustratuak totalitarismoaren tranpa zuen bere baitan frankfurtearren usteetan.
2. Totalitarismoaren jatorria: Gaitz absolutua
Arendtek totalitarismoaz hitz egitean, XX. mendeko nazismoa eta garai stalinista ditu buruan. Beretzat, historian ez da inoiz horrelako basakeri antolaturik gertatu eta hortaz, kategoria berriekin ulertu behar da. “Totalitarismoaren jatorria” obraren helburua hau azaltzea da.
Aitzindariak eta testuingurua
Bi aitzindari identifikatzen ditu totalitarismoaren aurretik. Lehenengoa XVII. eta XIX. mendeko europar antisemitismoa da. Frantzian, antisemitismoa Estatuaren nortasuna indartzeko korronte moduan identifikatzen du. Bigarrena, XIX. mende amaierako inperialismoa izan zen. Arendten ustez, kapitala inbertitzeko burgesiaren beharra elkartu egin zen arraza batzuk besteetatik gailentzen zituen ideologiarekin, sarraskiak justifikatuz, deshumanizazioa gauzatuz.
Aurrekari hauek kontuan hartuta, Lehen Mundu Gerrak utzitako egoera ekonomiko eskasak bidea erraztu zien mugimendu totalitaristei. Hauek ideologiarik gabeko masak propagandarekin erakarri zituzten. Boterea eskuratzean, lege naturalaren (nazismoa) edota historikoaren (stalinismo garaia) aitzakiarekin Estatuaren forma eta horren legeak aldatzen hasi ziren; boterea lider bakarraren inguruan biltzea, alderdi politikoak masarengatik ordezkatu, eskubide indibidualak abolitu, ekonomia zentralizatu eta propaganda, izu politikoa eta marko juridikoa antolatu.
Botere absolutua eta gizabanakoaren suntsipena
Totalitarismoaren helburua boterea mantentzea da, eta horretarako gizabanakoa suntsitzen joango diren legeak aprobatuko dituzte. Suntsipen hau hainbat esparrutan emango da:
- Pertsona juridikoaren heriotza: Eskubideak izateko eskubidea ukatu.
- Pertsona moralaren heriotza: Biolentzia/bortizkeria onartzen duen gizartea onartu. Ongia aukeratzea ezinezkoa da.
- Banakotasuna suntsitu: “Heriotza-lantegiak”. Modu anonimoan hiltzeko esparrua.
Arendten ustez, totalitarismoak ekarri duen eta berria den gaitz erradikala: ideologia batek gizakia “soberakin” bihurtzea. Totalitarismoak lortu du bere herritarrei gizatasun-zantzu guztia lapurtzea legalitasunaren itsurapean. “Dena da posible” totalitarismoaren barruan eta gizakien etorkizuna burokrazia administratiboaren esku gelditzen da.
3. Eichmann Jerusalemen eta gizakiaren banalitatea
Eichmann Holokaustoa diseinatu zuen nazi alderdiko kargu gorenetakoa zen. Gerra amaitzerakoan Argentinara egin zuen ihes, beranduago bahitu, epaitu, errudun jo eta heriotza zigorra ezarri zioten.
Gaizkiaren normalizazioa
Behin “Eichmann Jerusalemen” obran Eichmann gizaki arrunta dela argitu ondoren, Arendtek hurrengo galderari erantzun nahi izango dio: Nola da posible pertsona batek milaka pertsonen heriotzak agintzea?
Eta horretarako, Eichmannen defentsak erabilitako bi argudiori erreparatuko dio: Lehena, “Estatu Arrazoiak” aginduta jokatu zuela, honen arabera, norbanakoa eta estatuaren etika ez daude maila berean eta estatuek salbuespen gisa, norbanako batek hartuko ez lituzkeen erabakiak har ditzakete. Arendten ustez ordea, estatu totalitarioak salbuespen hauek eguneroko bilakatzen ditu. Bigarrena, Eichmannek aginduak jarraituz jokatu zuela, (Kanten inperatiboaren interpretazio interesatu baten bidez) eta errua Hitlerri bota nahi izan zion. Historian zehar adibide ugari izan dira non legeak onartzen duen aginduak ez betetzea, hauek legearen aurka doazenean, baina Eichmannen aginduak estatu totalitarioaren barruan zeuden.
Erahilketa administratiboak normalizatu eta lege bihurtzen dira estatu totalitarioetan. Bertan, norbanakoak, legea hautsi gabe, milaka pertsonen deuseztatzea sina dezake. Gaizkia hutsala bihurtzen da. Horixe gertatu zitzaion Eichmanni, milaka pertsonen suntsipenerako aginduak emateko erosotasuna aurkitu zuen, inongo hausnarketarik egin gabe milaka pertsonen deuseztatzea agindu zuen. Azken hau da Eichmann errudun bilakatzen duena. Estatuaren izenean eta legea jarraituz jokatuta ere, erahilketen inguruko ondorioen hausnarketa eta erabakiak gauza zitzakeen. Garrantzirik ez ematea eta gaizkia huts bihurtzea da bere krimena.
Demokrazia parte-hartzailearen beharra
Hannah Arendten arabera, introspekzio falta dela eta, edonork egin ditzake ekintza totalitarioak. Totalitarismoak erantzukizuna lausotzen du, Frommek eta Kafkak kritikatu bezala. Horri aurre egiteko, demokrazia parte-hartzailea beharrezkoa da, pentsamendu kritikoa eta erantzukizuna sustatzen dituelako.