Saiakeraren Ezaugarriak eta Euskal Bidea

Enviado por Aitortxu y clasificado en Lengua y literatura

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,75 KB

Saiakeraren Ezaugarriak

Saiakeraren ezaugarriak

Saiakera hitz lauz egindako literatura-generoa da, ez-fikziozkoa eta narratibatik aldendutakoa. Saiakeran hausnarketa dago eta hausnarketa horrek eragindako galderak ere bai. Egitura irekia du, beraz, saiakerak. Izan ere, egileak irakurleari ahalegina eskatzen dio, haren hausnarketaren bitartez, irakurleak ere berea egin dezan. Hori dela eta, saiakerak gutunak, elkarrizketak edo beste literatur genero batzuetako ereduak edota teknikak erabili ahal ditu.

Esan bezala, egitura irekia du: ez du aldez aurretik zehaztutako egitura formal zorrotzik izaten, nahiz eta barne-batasuna gorde. Argudioa eta azalpena dira nagusi.

Badira saiakera luzeak, baina ohikoena da neurri txikikoak izatea. Liburu itxuran, aldizkaritan, prentsan edo interneten argitaratu daitezke.

Literatura-saiakeraren barruan hauek egon daitezke: diskurtso filosofikoa edo teorikoa, autobiografia, memoriak… betiere hausnarketa lehenetsita irudimenaren aurrean. Saiakerak, literatura genero denez, helburu estetikoa du bere lerroetan, nahiz eta fikziozkoa ez izan.

Ikerketa-, interpretazio-, edo dibulgazio-lanetatik (hizkuntza zientifiko-teknikoan jasotakoak) bereizten da, baina, sarritan, aldeak ez dira hain nabarmenak izaten. Halaber, batzuetan zaila izaten da saiakera eta kazetaritza-artikulu bereiztea.

Euskal Saiakeraren Bide Maldartsua

Euskal saiakeraren bide maldartsua

Euskarazko saiakera eta hizkuntza handietako saiakera ez dira baldintza berdinetan garatu. Ez dago XX. Mendea baino lehenagoko euskarazko saiakerarik, zentzu hertsian. Genero honek irakurle jantzi asko eskatzen ditu eta hemen ez zegoen halakorik. Jean Etxepare lapurtarra aipatu beharra dago, XX.mende hasierako salbuespentzat. Hego Euskal Herrian, aldiz, gerra ostera arteko hutsunea dago. Ordura arte, irakastea, doktrinatzea eta propaganda ziren nagusi, ez hausnarketa.

50eko eta 60ko hamarkadetako irakurleak ehunka intelektual gutxi batzuk ziren. Antzeko kultura sentiberatasuna eta pentsamendu politikoa zuten.

1970-1975 urteetan liburu itxurako saiakera ideologikoaren eztanda antzeko bat izan zen, irakurle gazteei esker; marxismoa zen liburu haietako askoren gaia.

Saiakerak beste genero batzuekin dituen harremanak zailtasunak sortzen ditu hura bereizteko orduan. Euskarazko saiakera didaktikaren eta ikerketaren artean izan da orain arte, eta hor jarraitzen du.

Saiakera eta artikulu akademikoa bereizi beharko lirateke, baina oso zaila da hori, aipatutako antzekotasun eta loturengatik. Hori horrela izanik ere, saiakera garrantzitsua da euskararentzat, prosa jasoa garatzeko genero aproposa eta beharrezkoa delako.

Entradas relacionadas: