Nietzscheren Nihilismoa eta Mendebaldeko Zibilizazioaren Kritika

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Filosofía y ética

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,95 KB

Nihilismoa eta Baloreen Transmutazioa

Nietzscheren ustez, Mendebaldeko kulturan indarrean egon diren balioak (morroien morala) kaltegarriak dira, eta bizitzaren aurkakoak direlako desagerrarazi behar dira, beste balio batzuez ordezkaturik, bizitzaren aldeko balioez osaturiko morala ezarriz (jaunen morala). Moralaren kritikan genealogiaren metodoa erabiltzen du, balio moralaren sorrera ikertzen du era psikologikoan (nork ezarri dituen balioak eta zer asmorekin). Genealogiaren lehen emaitza bi moral daudela da: Jaunen morala eta Esklabo edo Morroien morala.

Jaunen Morala

Bizitzaren alde egiten duen edozein balio moral ona da. Ona da indartsua, menperatzailea, harroa, gudaria dena (ausardia erakusten duelako). Gaiztoa da arrunta, umila, gezurtia… Bizitzarekiko maitasunetik sortzen da, eta bizitza goraipatzen du. Honen adibide batzuk hauek dira: Napoleon, Zesar, Federiko II.a, handinahiaz eta harrokeriaz jokatu zuten botere sendoko agintariak izan ziren.

Esklaboen edo Morroien Morala

Ez da bizitzarekiko maitasunetik sortzen, ekintza debekatua dutenen gorrototik baizik; eta jaunen aurkako jarrera da. Beraz, ona izango da behartsua, tolerantea, umila, laguntzeko eta lan egiteko prest dagoena, errukiorra, pazientea, Jainkoaren bildotsa, bakezalea, sufritzen duena, gaixoak… Morroien moralak, desberdintasunetan berdintasuna bilatzen du. Morroien moralak gizon-emakumeen bizimodua jasangarriagoa bihurtzen duten balioak goraipatzen ditu (elkartasuna, maitasuna, esanekotasuna, mantsotasuna).

Esklaboen morala eta Jaunen morala izeneko jardunbide moralak daude; batek bizitza makaltzen du, besteak bizitza goresten. Lehenak (morroiarena) berdintasuna du oinarri, bigarrenak (jaunarena) hierarkia (piramidea). Lehenak tentelak dira, bigarrenak boteretsu eta beldurgarriak.

Gizaki indartsuak, bere bizitzaren oparotasunaz jabetuz balioak sortzen ditu. Mendekoak aldiz, bestearen beldur izanik aurre egin nahi dio indartsuari taldearen bizitzako balioei tinko eutsiz. Taldeak (morroiaren morala) mendean jarri nahi du indartsua, bere balioak nagusitzeko. Horrela gertatu zen kristautasunarekin. Giza taldeak, gizakiak azaleratzen dituen desirak bere neurrian jartzeko edo apaltzeko kontzientzia morala egokitzen du gizakiaren baitan. Horrela sena agertu beharrean, kontzientzia morala agertzen da.

Balioak sortzeko (ongia eta gaizkia desberdintzeko) derrigorrez pentsatu behar da nolakoa den bizitza. Botere nahia da balioen sortzaileari garrantzitsuena, eta horrek izatearen mugikortasuna adierazten du.

Mendebaldeko kulturak (Platonekin hasita eta Kristautasunaren laguntzaz) ez du bizitzaren aldeko jarrerarik izan. Kristautasunak goiari eusteko gomendatzen die nahigabe edo itolarrian daudenei, horregatik mantsotasuna bizi eredutzat hartzen duen moduan, bizitzari eraso egiten dio.

Bizitzaren edo gorputzaren nahiei uko egiteak irtenbiderik gabeko egoera batera daramatza: nihilismora. Aurreko kulturaren idealak desagertzen direla, nihilismoa agertzen doa eta fase desberdinetatik pasa behar du (balioak aldatu ahal izateko nihilismotik igaro behar da, umezurtz izan behar da):

  • Lehen fasea: orain arteko balioak sendoak izan ez direla konturatzen da, eta gizakiak ahaleginak egiten ditu balio zaharrei eusteko.
  • Bigarren fasea: balio berriak sumatzen dira eta hauek ezin dira balio zaharrekin bateratu.
  • Hirugarren fasea: gizakia etsituta dago, hondamendian.
  • Azkenik: sinesbide berria nagusitzen da (betiereko itzulera).

Nietzscheren ustez, azken fasea etortzeko dago; bertan balio guztien eraldaketaren ondoren, garailearen morala eta erabaki ahalmena nagusituko dira, eta momentu horretan norberak berari eutsiko dio, guztien gainetik eta guztien aurka. Nihilismoa botere nahiarekin lotuta dago; eta nihilismoa “Jainkoa hil dela” esatean hasten da. Nihilismorantz doazen bide batzuk:

  • Morroien balioak ontzat eman direnak, baina orain jakin dela gezur hutsak besterik ez direla, pentsatzen hasi behar da beste balio batzuez; moral berri bat eraikitzeko. Baina moral hori sortu baino lehen nihilismo egoeratik pasatu behar da, balio gabeko egoeratik.
  • Historiako urrats guztiek helmuga bat dutela pentsatzea eta gero hori horrela ez izateak etsipena sortzen du, munduak azalpenik ez duela ohartzen da gizakia, eta kale gorrian balego bezala sentitzen da.
  • Gizakia mundura jaurti izan denaren ustea dago, hortaz ez da jakiten nondik datorren ezta nora doan; horrek nihilismorantz bultzatzen du. Hori dela eta, gizatasunak munduan duen egitekoa jakin ezean, jokabide nihilista sortu daiteke. Gainera, metafisikak mundu honetatik haratagoko mundua ezerezean gelditu ondoren, aterperik gabe gelditu da gizakia.

Kritika Mendebaldeko Zibilizazioari. Bitalismoa

Nietzscheren ideiak suntsitzaileak eta kritikoak dira.

Susmoaren Filosofoa

Nietzsche “susmoaren filosofia” deritzon filosofo taldean sartzen da, Marx eta Freudekin batera. Eta hauek dira haien susmoak:

  1. Nietzsche: bi mila urteotan gizadiak egin duen bidea galbidea eta okerbidea izan da, eta kristautasunari leporatzen dio horren errua.
  2. Marx: gizartearen ideia politikoak eta juridikoak gizarte klase nagusiaren eskupean eta zerbitzuan dauden susmoa du.
  3. Freud: gure jokabidearen gidari arrazionalak benetako eragileak ez dira, eta ezkutuan ditugun bulkada irrazionalek gure portaera bideratzen duten susmoa du.

Nietzscheren arabera, mendebaldean, onginahia, etsipena, ahultasuna eta antzeko balioak goraipatzen dira, baina indarra eta irrika ez dira kontuan izan, eta ondorioz kontzientzia txarra sortu da gure baitan. Platonen pentsamenduan.

Mendebaldearen historia osoaren aurkako erasoan, gorrotoa, ironia eta adimen zorrotza erabiltzen ditu Nietzschek.

Metafisikaren Kritika

Nietzscheren arabera, mendebaldeko oker bidea Sokratesekin hasten da, eta berak ematen dio hasiera arrazoiaren goraipamenari, arrazoiaren bidez ezagutza eta gure ekintza bideratu behar ditugulako, baina arrazoiak ez ditu sentimenduak kontuan hartzen, eta hori huts bat da.

Nietzscheren ustez, Platonekin bitan banatzen da filosofiaren historia: tragedia-artean (presokratikoen burutazioak) eta zientzia-filosofia-arrazionalean (Sokrates). Tragedia-arteak okerrera egiten du Sokratesen ondorengo filosofoekin. Nietzschek goretsitako filosofoen artean Heraklito aipa daiteke. Heraklitok izatearen finkotasuna ukatu, eta errealitatearen benetako izana mugikortasuna dela dioelako, ezin hobeto irudikatzen du errealitatea ibaiaren irudiaren bidez. Jatorrizko suaren ondorengo munduan sortutako gauzak bilakatu egiten dira, eta askotarikoa sortzen da banakotik.

Nietzscheren hitzetan, bizitzaren gorabeherak ulertzeko zientzia eta artea ezinbestekoak dira. Bizitzaren mamia ezin daiteke kontzeptuen bidez adierazi, aldakorra delako. Metafisika ez da zentzumenekin fio, errealitatearen aldakortasuna erakusten dutelako eta horrela pentsamenduaren arerio bihurtzen direlako. Mundu mugikorra eta zentzumenezkoa jarri behar da abiapuntuan, eta ez kontzeptua ezta pentsamenduak sorturiko ideiak.

Transzendentziaren Ukapena

Erlijioak sorturiko transzendentziak (haragoko mundua eta Jainkoaren existentzia) zama jarri du gizakiaren bizkarrean. Ez du bere burua kanpoko indarren esanetara jarri behar; eta azkenean, Jainkoaren eta munduaren artean ez dago alderik. Izan ere, Jainkoari aitortzen zaizkion indarrak (gizakiaren ustez haraindi daudenak) gizakiak bere baitan dituen ahalmenak baino ez dira. Nietzschek gizakia menpekotasunetik atera nahi du, haragoko mundu jainkotiarretik askatzeko, gizakiak ametsetan sortu duen irudipena baita. Beraz, izatearen barnean ez dago hierarkiarik, ez dago beste mundurik honako hau baino, lurrean, espazioan eta denboran ezagutzen dena.

Hizkuntzaren Iruzurrak

Hitzak asmatzen direnean, harrapaturiko esentzia bati izena jarri zaiolakoa egiten da, gezurra nagusitzen da, kontzeptuari dagokion berezko eta baitango errealitate zati bat atzeman dela erakutsi nahi delako. Hitzaren jatorria, hiztunen arteko ituna edo elkar ulertzeko beharrizana besterik ez da.

Bitalismoa: Bizitza Kontzeptuekin Eskuraezina

Honen ustez, funtsezko errealitatea den bizitza: sen, grina eta afektuen multzoa da, eta beraz, zerizan arrazionalik gabekoa. Bizitza kontrakoen etengabeko borroka da, ondorioz ezin daiteke fenomeno bitala kategoria arrazionalen bidez ezagutu, intuizioa eta irudimena ere behar dira. Bitalismoak metafisikaren kritika egiten du.

Bizitzaren benetako mamia tragedian adierazten da, jaiotza eta heriotza bizitzaren osagaiak dira, eta elkar nahasirik daude bizitza guztietan.

Beste aldean, arrazionalismoak arrazionalitate eta jarrera logikoa jartzen ditu balio estetiko-tragikoen gainetik.

Nietzschek existentziari buruz duen ikuspegiaren arabera, bizitza etengabe eraldatzen ari da. Arrazionalismo intelektualistarentzat aldiz, bizitza etenean eta geldirik dago.

Entradas relacionadas: