Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836): Analisia
Mendizabalen Desamortizazio Dekretua (1836)
Lehen mailako testu baten aurrean gaude, izaera juridikoa du, dekretu bat delako. Idazlea Juan Álvarez Mendizabal da, (jaiotzez Álvarez Méndez, Chiclana de la Frontera, Cádiz, 1790eko otsailaren 25a - Madril, 1853ko azaroaren 3a) espainiar politikari eta ekonomialaria. 1836ko otsailaren 21ean argitaratu zen, klero erregularraren desamortizazioa egin zen urtean, hain zuzen ere. Publikoa da, Juan Álvarez Mendizabalek Maria Kristinari (Isabel II.a gazteegia zen erregina izateko) idatzi zion arren, gero Madrilgo Gazetan, estatuaren aldizkari ofizialean, herritar guztiek irakurtzeko egokitua zegoelako. Mendizabalek Maria Kristinari adierazi zion, gutun honen bidez, desamortizazioaren dekretua ezarriko zuela. Horretarako, desamortizazioaren beharra eta zekartzan alde onak azaldu zituen. Horrez gain, desamortizazio prozesuak zer ekarri behar zuen ere azaldu zion.
Desjabetzak egitearen arrazoiak
Testuak desjabetzak egitearen arrazoiak azaltzen ditu: desamortizazioak ekarriko dituen onurak adierazten dira. Aurkeztu zizkion helburu ekonomikoak (1. eta 2. artikuluak): esku hildako aberastasuna berpiztea, industrietako eta kanaletako oztopoak kentzea eta zor publiko handiaren kopurua murriztea. Baita helburu politikoak ere aurkeztu zizkion: aberria zabaltzea eta aberriarekin bat egiteko lotura berri eta sendoak sortzea, Ordenaren eta Askatasunaren ikur zen Isabel II.aren tronu gorenarekin identifikatzea. Helburu ekonomiko-sozialak (3. artikulua): zorion publikoaren iturri oparoa irekitzea, ilustratuek lortu nahi zuten bezala, eta jabeen familia oparoa goi mailako instituzioen erabateko garaipenean oinarrituta.
Testuinguru historikoa
1833an Fernando VII.a hil zenean, estatu liberala behin betiko ezarri zen. Arlo guztietako arazoak izugarrizkoak izan ziren: Lehenengo Gerra Karlistan murgilduta, diru eza eta zor publiko handiak, Ogasunaren porrota, sistema politiko berria eta Isabel II.aren tronua finkatu gabe…
Desamortizazioaren garrantzia
Testutik eratorritako agindua (desamortizazioaren dekretua, alegia) XIX. mendean zehar indarra hartuz joan zen Espainiako liberalismoak bultzatu zituen erreformetako garrantzitsuenetako bat da. Bestalde, dekretu hau Lehen Gerra Karlista jardunean zegoela aldarrikatu zen, bere helburuetako bat gerra hura finantzatzea izan zelarik.
Desamortizazioaren definizioa
Desamortizazioa, korporazio edo erakundeen eskuetan izanik, besterendu ezin ziren jabegoak berriz ere aske, hau da, jabego partikular bilakatzen zituen egintza juridikoa da. Lurra bere jabeen loturatik aldentzea da, horretarako beharrezko diren neurri legalak ezarriz eta lurrok besteen eskuetara pasatzeko eran jartzea; hau da, ordura arte arau zaharren arabera familia handiei lotuta zeuden lurrak, eta beraz ezin zitezkeenak saldu edo erosi, merkagai bilakatzea. Beste era batera esanda, Lege Zaharreko estamentuei (kleroa, noblezia, udalak) beren indar ekonomikoa kentzea.