Mendelen Legeak eta Teoria Kromosomikoa: Geneen Transmisioa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,99 KB
Mendelen Ikerketak eta Teoria Kromosomikoa
Mendelen Legeak: Ilarren Heredagarritasuna
1. Belaunaldia
Mendelek hazi horiko ilarrak eta hazi berdekoak gurutzatu zituen. Gurutzatutako landareen haziak erein zituen, eta ondorengo guzti-guztien haziak horiak izan ziren. Lehenengo legearen arabera, arraza puruen arteko gurutzaketaren ondorengo guztiak berdinak dira.
2. Belaunaldia
Aurreko belaunaldian hazi horiko ilarrak eta hazi berdekoak gurutzatuta lorturiko ilar-haziak (F1 belaunaldikoak, gogoratu denak horiak eta hibridoak zirela) erein zituen. Hazi horietatik sortutako landareen loreak autopolinizazioz ernaldu zituen Mendelek. Gurutzaketa horretatik lortutako landareen ilar-hazi batzuk horiak ziren, eta beste batzuk, berdeak; proportzio jakin batean, gainera: berde bakoitzeko hiru hori, hau da, 1/4 hazi berdeak, eta 3/4, hazi horiak.
3. Belaunaldia
Aurreko belaunaldian lortutako hazi horiak euren artean gurutzatu zituen Mendelek (autopolinizatu egin zituen, zehatz esanda), eta gauza bera egin zuen hazi berdeekin, hau da, horiak horiekin eta berdeak berdeekin gurutzatu zituen. Ilar hazi horietatik:
- a) Hazi horikoak
- b) Haziak nahasian (horiak eta berdeak) ematen zituztenak (3/4 horiak eta 1/4 berdeak) sortu ziren.
Ikerketetako batean bi ilar-landare gurutzatu zituen: landare mota batek karaktere homozigoto gainartzaileak zituen biak (hazi horiak eta leunak) eta besteak, berriz, bi karaktere homozigoto errezesiboak (hazi berde eta zimurrak). Biak gurutzatu ondoren, lehenengo belaunaldian (F1), ilarrak horiak eta leunak izan ziren guztiak. Belaunaldi horretako bi banako gurutzatuta, bi belaunaldi lehenagoko (hazien aitona-amonen belaunaldia, nolabait esateko) hazi motak agertu ziren, eta baita haien arteko hibridoak ere, honako proportzio hauetan:
9/16 hori leunak, 3/16 hori zimurrak, 3/16 berde leunak eta 1/16 berde zimurrak.
Mendelen 3. legea: Faktoreen independentzia. Karaktere edo ezaugarri bat zehazten duen gene bakoitza bere aldetik transmititzen da.
Teoria Kromosomikoa
Geneak bizidunen kromosometan kokatzen dira eta gai dira proteinak eratzeko.
Kromosometan lerrokaturik dauden locus izeneko leku jakinetan proteina bat eratzeko nahikoa informazio duten partikula batzuk daude. Partikula horiek geneak dira.
Kromosomek gordetzen dute informazio genetikoa eta informazio hori ondorengo belaunaldiei transmititzeko gai dira.
Espezie diploideetan, gizakian adibidez, kromosoma bakoitzak bere homologoa du; hau da, morfologiari dagokionez berdin-berdina den beste kromosoma bat. Hori dela eta, zelula barnean kromosoma-bikote homologoak taldekatzen dira. Hala, giza zelula batek 23 bikote homologo izango ditu. Homologo bat amarengandik jasoa da, eta bestea, aitarengandik.
Kromosomen bikote horietatik 22 autosomikoak dira (hau da, sexualak ez direnak), eta 23. bikotea, berriz, sexuala da. Hogeita hirugarren bikote horretan, emakumezkoaren kromosomak biak berdinak dira (XX), eta gizonezkoarenak, aldiz, desberdinak (XY). Gizonezkoaren bikote horretan kromosomak beso bat (Y) laburragoa du.
Zelula eukariotoetan ez bezala, zelula prokariotoetan herentziaren informazioa daraman materiala kromosoma bakuna izaten da, DNA molekula biribil bakarrak osatzen du eta zitoplasman sakabanaturik egoten da (gogoratu zelula prokariotek ez dutela benetako nukleorik).
Zelula eukariotoetan DNA nukleoaren barruan dago. Nukleo horretan lerro moduko molekula ugariek eta proteina batzuek kromatina osatzen dute. Nukleoa zatitzen ari ez denean, DNA sakabanaturik dago kromatina horretan, baina zelula zatitzen hasten denean, kromatina paketetan biltzen da, gero eta laburragoa eta lodiagoa egiten da, mikroskopioan ikusita makila itxura hartzen du, eta makilatxo horiek kromosomak dira.
Zelula eukarioto normaletan (anomaliarik ez dutenetan) kromosomak binaka agertzen dira beti, eta bikotekide bakoitzari kromosoma pare homologo edo homologo esaten zaio. Espezie bereko zeluletan kromosomen kopurua beti bera izaten da zelula bakoitzean, baina ugalketa-zeluletan, erdia.
Informazio Genetikoaren Transmisioa
Ugalketa sexuala duten izakietan, gizakian, adibidez, gameto izeneko bi zelula sexualen elkarketaren bidez gertatzen da ugalketa hori.
Espezie baten kromosomen kopuruak belaunaldiz belaunaldi berdin iraun dezan, gametoek zelulen kromosoma kopuruaren erdia eduki behar dute, hau da, zelulak diploideak (2n) direnean, gametoak haploideak (n) izan behar dira: Giza espeziean, gametoek (obuluak eta espermatozoideak), bakoitzak 23 kromosoma dituzte, zigotoa eratzean (bien artean) 46 kromosoma izan ditzan.
Ugalketa sexualean, gameto arraren (espermatozoidea) eta gameto emearen (obulua) arteko ernalketa geratzen da, eta, horri esker, aldakortasun genetikoa areagotzen da, kromosoma-bikote bakoitzeko bat arrarena eta bestea emearena izaten baita.
Ugalketa sexualean, gametoen nukleoak elkartzen dira, eta zigotoa eratzen da; zigoto horretatik abiatuta, enbrioiaren garapenean zatiketa jarraituen bidez, izaki berri bat sortzen da. Izaki berri horren ezaugarriak kromosometatik jasotako aginduen araberakoak izango dira.
Gametoak ez dira gainerako zelula berrien antzera mitosi bidez eratzen, hala eratuko balira gameto diploideak bailirateke. Gametoak eratzeko, meiosi izeneko prozesua gertatzen da gonadetan, hau da, obulutegian eta barrabiletan.
Prozesu horretan, zelula diploide bakoitzaren kromosomen kopurua (2n) erdira murriztu eta gameto haploidea (n) eratzen da. Zelula diploide bakoitzetik lau zelula haploide ateratzen dira, elkarren segidan gertatzen diren bi zatiketaren ondoren.
Lehengo zatiketaren aurretik, DNA bikoizten da. Lehenengo eta bigarren zatiketaren artean ez da DNA bikoizten. Zatiketa zelular horietako bakoitzean lau aldi bereizten dira: profasea, metafasea, anafasea eta telofasea.
Ikus dezagun nola geratzen den meiosiaren lehenengo zatia:
Meiosiko lehenengo zatiketan ez dira kromatidak bereizten, kromosoma homologoak baizik. Hala, zelulatik sortutako bi zelula alabek kromosoma kopuru erdia izango dute, eta gainera, homologo bakoitzeko kromosoma bat izango dute.
Meiosiaren bigarren zatiketa hori mitosiaren berdina da, eta bikoiztu diren kromosomen kromatidak bereizteko gertatzen da.
Ikus dezagun orain nolakoa den gametoen meiosia. Nola gertatzen da hori gizakian?
Barrabiletan espermatozoide haploideak eratzen dira etengabe. Obulutegietan, berriz, zelula diploide bakoitzetik obulu haploide bakarra eta degeneratu egiten diren hiru zelula (korpuskulu polarrak) eratzen dira.
Obuluak sexuaren X kromosoma eramango du beti; eta espermatozoidea, berriz, X edo Y izan daiteke. Horregatik, espermatozoideak erabakiko du ondorengoaren sexua. Hala, obulua ernaltzen duen espermatozoidea X bada, neska jaioko da; eta, aldiz, Y bada, mutila jaioko da.