Konparazio Filosofikoa: Marx, Platon eta Antzerkiaren Bilakaera
Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín
Escrito el en vasco con un tamaño de 14,92 KB
Karl Marx eta Platonen Filosofien Konparaketa: Lana, Errealitatea eta Gizartea
Hurrengo konparaketa honetan, Karl Marx eta Platon filosofoak aztertuko ditugu.
Karl Marx (XIX. mendeko filosofo, soziologo eta ekonomialaria) komunismo modernoaren oinarriak ezarri zituen, materialismo historikoaren teoria eta kapitalismoaren azterketa kritikoagatik ezaguna da.
Platon (K.a. IV. mendeko filosofo greziarra), berriz, mendebaldeko filosofian eragin handia izan duten justiziari, formen teoriari eta errepublika idealari buruzko elkarrizketa eta ideiengatik da ezaguna.
Sistemen Kritika eta Alternatibak
Karl Marxek eta Platonek beren garaietako sistema nagusiak kritikatzen zituzten, bidegabekeria eta desberdintasuna hautematen zituztelako. Marxek kapitalismoa kritikatzen zuen giza lanaren esplotazioagatik, klase-desberdintasunagatik eta sortzen zuen alienazioagatik. Platonek, bere aldetik, bere garaiko demokrazia atenastarra zalantzan jartzen zuen, ezjakinen gobernua eta ustelkeria zeramatzala argudiatuz, eta errepublika idealaren teorian egitura zuzen baten alde egiten zuen. Horretarako, bakoitzak bere "areté" edo bertutea jarraitu beharko luke. Bertutea ongiaren bidea edo zoriontsua izateko bidea da. Bi filosofoek sistema alternatiboak bilatzen zituzten, hiritar guztientzako justizia eta ongizatea sustatzeko.
Beraz, "areté" garatzen ez bada edo alienazioa gainditzen ez bada, gizakia zoritxarrean eroriko da, eta gure esentzia galduko genuke.
Lanaren Ikuspegia Marx eta Platonengan
Karl Marxentzat zein Platonentzat, lana funtsezkoa zen beren ikuspegi filosofiko eta politikoetan, baina ikuspuntu desberdinekin.
Marxentzat, lana funtsezkoa zen, bere baitan gizarteko aberastasun eta balio guztien iturria ikusten zuelako. Giza lana sistema kapitalistan esplotatzen zela uste zuen, non langileek ez zuten beren lanaren balio osoa jasotzen. Marxek langilearen emantzipazioan sinesten zuen eta horiek produkzio-bitartekoak kontrolatzearen garrantzian.
Platonentzat, lana funtsezkoa zen bere errepublika idealaren egituran. "Errepublika" lanean, Platonek gizabanako bakoitzari funtzio espezifiko bat ezartzen zion gizartean, lana barne, egonkortasuna eta harmonia bilatzen zituen antolamendu hierarkiko baten zati gisa. Ondo egindako lana komunitatearen ongizateari laguntzen zion bertute bat zela uste zuen.
Estatuaren Ikuspegia
Platonek filosofo-erregeek gobernatutako errepublika baten alde egiten zuen, non meritukratiak eta jakituriak gobernatuko zuten; Marxek, berriz, Estatuaren abolizioa bilatzen zuen klaserik gabeko gizarte baten alde, non jabetza eta boterea langileen esku egongo ziren.
Errealitatearen Ikuspegi Desberdinak
Karl Marxek eta Platonek oso ikuspegi desberdinak zituzten errealitateari buruz. Marxek, filosofo eta ekonomialari gisa, ekoizpen-harremanak eta klase-borroka zituen ardatz, errealitatea materialismo historikoaren prismaren bitartez ikusiz. Platonek, aldiz, egiaren eta justiziaren bilaketan zentratzen zen, arrazoiaren eta betiereko ideien kontenplazioaren bidez. Marxek errealitatea harreman ekonomiko eta sozialen emaitza bezala ikusten zuen, non klase-borrokak aldaketa bultzatzen zuen. Platonek, aldiz, ideia betiereko eta unibertsaleko mundu batean sinesten zuen, errealitate materiala forma ideal horien itzal soiltzat hartuz. Biek ikuspegi desberdinak eskaintzen dituzte gizartea ulertzeko eta eraldatzeko moduari buruz.
Antzerkiaren Bilakaera: Tragedia Grekotik Molièreraino
Tragedia Grekoa: Hezkuntza eta Katarsia
Helburua: gizartea hezitzea. Tragediaren helburua ikusleei ikasgai moral bat ematea zen, modu horretan bizitzari, gerrari edota heriotzari, besteak beste, aurre egiteko tresnak emanez. Tragediaren ezaugarriak eta egitura helburu hau lortzera bideratuta zeuden.
Egitura:
- Tragedia prologo batekin hasten ohi da, hasierako sekuentzia bat, istorio tragikoa modu elkarrizketatuan edo bakarrizketatuan aurkezten duena.
- Gero, "parodos" dator, koruaren sarrera-kantua.
- Ondoren, episodio ezberdinak (antzerki modernoaren ekitaldi edo koadroen antzekoak). Koruaren abestien bitartez bereizten dira. Azkeneko episodioak "exodo" (irteera) du izena.
Ezaugarriak:
- Imitazioa edo mimesia: Tragediaren helburu pedagogikoa lortzeko, lehenik eta behin, publikoaren eta tragediaren protagonista den heroiaren arteko mimesia eman behar da. Hau da, publikoak bat egin behar du heroi horren sentimendu eta pentsamenduekin.
- Hamartia: "Heroi tragikoak" egiten duen akats larria, "ekintza zuzen" bat egiteko asmoz eragindako akatsa, zuzena dena egitea ezinezkoa den egoera batean. Hamartia da, beraz, ezjakintasunagatik egindako iraina. Adibidez, Ediporen hamartia bere aita hiltzea izan zen.
- Metabole: Hamartiaren ondorioz, ekintza tragikoan, heroiaren zortean egoera-aldaketa bat egon behar du, "peripezia" esaten zaiona (aldaketa egokiena oparotasunetik zorigaitzera da).
- Anagnorisia: Errekonozimendua. Honetan, pertsonaia tragikoa bere akatsaz jabetzen da.
- Katarsia: Tragediaren helburua da, hau da, ikuslegoak sentitzen duen errukia, pertsonaia tragikoaren atsekabearen aurrean; eta zorigaitz hori ere ikuslearengan gerta daitekeela jakitearen beldurra. Mimesiaren efektuagatik.
Hiru unitateen erregela (unitate aristotelikoak): Tragediak egitura organiko bat izan behar du.
- Akzio bakarra: Lanak ekintza nagusi bakar baten bidea jarraitu behar du.
- Denbora-unitatea: Denbora lineala izan behar du.
- Espazio bakarra.
Hizkuntza ederra bilatzen du. Batez ere, greziar mitologia, eta, neurri txikiago batean, greziar historia, argumentuen iturri izaten ziren.
Antzerki Isabelinoa: Entretenimendua eta Shakespeare
Antzerki isabelinoa, Elisabet I.aren erregealdian Erresuma Batuan idatzitako antzezlanen multzoa da, hauen helburua ikusleak entretenitu eta dibertitzea zelarik. Idazlerik nabarmenena William Shakespeare izan zen.
Jatorria: Antzerki isabelinoa XVI. mende amaieratik XVII. mendearen erdialdera arte iraun zuen. Erresuma Batuak zuen potentzia ekonomikoari esker gertatu zen bertako antzerkiaren loraldia. Gero eta gehiago profesionalizatu zen, eta antzezlanak egiteko lokalak egin zituzten.
Ezaugarriak:
- Testua: Neurtitzetan idazten da, "bertso zuria" izenekoa, hau da, bertso-lerro luze sorta bat, amaierako errimarik gabea.
- Antzezleak: Aktore guztiak gizonezkoak ziren, garai hartan emakumeek debekatua baitzuten antzeztea. Horien ordez, nerabeek, haurrek edota espezializatutako gizonezkoek egiten zituzten emakumezko pertsonaien paperak.
- Antzokiak: Antzeztokiak eraikin zirkularrak edo hexagonalak ziren. Eraikin horren patioan eszenatokia kokatzen zen.
- Eszenografia: Ez zegoen, osagarri eta panel batzuk besterik ez, ikusleek irudikatu behar zuten antzezlanaren kokapena, eta, horren ondorioz, antzezlearen interpretazioak garrantzi handia zuen. Askotan, antzezleek arropa deigarria zeramatzaten, edo keinu ikusgarriak egiten zituzten.
- Ikuslegoa: Heterogeneoa zen, hau da, edozein klaseetako jendeak ikus zitzakeen antzezlanak. Klase sozial baxuenak patioan kokatzen ziren. Nobleziak, aristokraziak eta merkatariek hartzen zituzten eta patioa inguratzen zuten palkoetan kokatzen ziren. Elisabet I.a erreginak, antzerkizale amorratua, askotan emanaldietan agertzen zen.
Noiz egiten ziren? Gehienetan, hilabete beroenetan egiten ziren, antzeztokien zati bat estali gabe zegoelako eta hotzik ez egiteko, eta arratsaldeko lehen orduetan egiten ziren eguzkiaren argia sar zedin.
William Shakespeare (1564-1616): Garaiko dramaturgo garrantzitsuena izatera heldu zen.
Obra nagusiak:
- Tragediak: Romeo eta Julieta, Hamlet, Otelo.
- Komedia: Uda gau bateko ametsa.
Komedia Nazionala: Lope de Vega eta Antzerki Berria
Lope de Vega (1562-1635): Bere garaiko Espainiako antzerki-korronte ezberdinak biltzea lortu zuen, eta ordura arte erabiltzen ziren elementu teatralak egokitu zituen benetako antzerki nazional bat sortzeko. Forma dramatiko asko landu zituen: antzezlan motzak, tragediak, komediak, obra erlijiosoak, auto sakramentalak eta musikalak. Lope de Vegak, "Arte Nuevo de hacer comedias en este tiempo" (1609) izeneko liburuan, bere garaiko antzerki berria islatu nahi zuen. Antzerki berri hau herritarren gustuetatik sortu zen, eta Aristotelesen antzerkiari egindako hainbat postulatu estetiko ere bazituen. Obra guztiek "Komedia" bezala ezagutzen zuten.
Ezaugarriak:
- Hiru unitateen erregela hausten du (akzio bakarra, egun bakarra, leku konkretu bat). Akzioak garrantzia du, eta bitan zatitzen du: akzio nagusi bat eta bigarren mailako beste bat, biak modu paraleloan aurrera doazenak.
- Eduki tragiko eta komikoak nahasten ditu, errealitatea imitatuz. Antzerkia ohituren eta bizitzaren islatzat hartzen du.
- Obra hiru ataletan zatitzen du, planteamendua, korapiloa eta ebazpenarekin bat egiten dutenak.
- Neurtitzetan idazten da, bereziki oktosilabiko eta endekasilabikoan.
- Hizkuntzaren eta pertsonaien jarreraren naturalizazioa bilatzen da.
- Hizkuntzarekin edertasun poetikoa eta dramatismoa bilatzen da, eta pertsonaien estilora egokitzen da.
- Askotan, elementu lirikoak erabiltzen ditu: abesti eta dantza herrikoiak.
Pertsonaiak:
- Erregea: Zaharra bada, zuhurra izaten da. Gaztea bada, harroputz eta injustua da, baina amaieran ez dago mendekurik, baizik eta damutu eta ordena berriz ezartzen du.
- Boteretsua (noble bat izaten ohi da): Honen misioa ohorea zaintzea da, baina harmoniaren indar suntsitzaile moduan aritzen da. Erruduna izateagatik, erregeak zigortzen du. Herriak zigortzen badu, erregeak zigorra berretsiko du.
- Jauna: Aita, senarra edo anaia izan daiteke. Denek berdin jokatzen dute: autoritatea dute eta familiaren ohorea babestea dute helburu.
- Galaia: Ausarta izaten da, zintzoa, konstantea, idealista, dotorea, eta maila sozial altukoa. Damarekin batera, komediaren irudi klabea da.
- Dama: Ederra da, bere maitasunean apasionatua, eta maila sozial altukoa. Neskame bat izaten ohi du, bere konfiantzazkoa dena.
- Graziosoa: Antzerki espainiarrak sortutako irudi konplexuena da. Galaiaren kontrairudia da.
- Bilaua: Bere balio eta duintasunaz jabetzen da, eta odol garbia du. Nekazariaren bizitzaren ikuspegi idiliko bat du, alaia eta sinplea, jai eta abestiz betea.
Karaktere-Komedia: Molière eta Gizartearen Kritika
Definizioa: Azpigenero dramatiko komiko bat da. Pertsonai baten ezaugarri psikologiko edo moral esajeratua da antzerki mota honen ezaugarri nagusia. Ezaugarri esajeratu hau da publikoari barrea eragiten diona, beste pertsonai "normalekin" konparatzen denean.
Pertsonaia nagusiak mania bat, ezaugarri bat, obsesio bat... du, beste pertsonaien kontra jartzen duena. Ezaugarri hauen esajerazioaren bitartez, hainbat ohitura sozial kritikatzen dira, baita gizakiaren ahuleziak, hipokresia, harropuzkeria, adulterioa…
Inspirazio-iturriak: Estereotipoak eta argumentuak iturri hauetatik elikatu ziren:
- Antzineko tradizioak.
- Italiako "Commedia Dell’Arte".
- Espainiako komedia barrokoa.
Molière: Garai guztietako dramaturgo handienetariko bat da, eta, agian, gaur egun klasikoen artean antzeztuena. Antzerkiaren munduko atal guztiak ongi ezagutzen zituen. Komedia frantses modernoaren sortzailea da. Psikologikoki ongi definitutako pertsonaiak eraikitzen jakin izan zuen, identifikatzeko errazak.
Ezaugarriak:
- "Karaktere-komedia" izena pertsonaien psikologiaren analisiaren sakontasunagatik datorkio.
- Pertsonaien tratamenduan, tonu satirikoa erabiltzen du, karikatura baten moduan barregarri geratzen baitira.
- Gaiak ikuspuntu kritiko batetik jorratzen ditu, intentzio moral argi bat erakutsiz: hipokresia, faltsukeria, fribolitatea, pedantekeria, zuhurkeria, libertinajea…
- Publikoa dibertitzea da helburua, horretarako baliabide teatralak gaitasun handiz erabiliz. Bere emanaldiak elementu komikoz beteta zeuden: mozorroak, belarrondokoak, makilakadak, jazarpenak, sarrera desegokiak...
- Bere estiloan, naturaltasuna da nagusi. Hizkuntza bizi eta espresibo bat erabiltzen du.
Molièreren komedian, hitzak bi funtzio ditu: hizkuntza eta jergak erabiltzen ditu.
Bere obraren oihartzuna: Molièreren satirak gizartearen ohituren kontra eta gizakiaren ahulezien kontra zuzenduta zeuden. Garaiko frantziar gizartearen erretratu bat izan ziren, baina zalaparta handia sortu zuten, eta batzuk debekatuak izan ziren. Molière beti egon zen behe-mailako ikusleengatik kezkatuta, eta beraiengana heldu nahi zuen modu ahalik eta argienean.