Konduktismoa, Ikaskuntza eta Nortasuna: Psikologiaren Oinarriak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 18,36 KB

Zer da konduktismoa?

Konduktismoa edo behaviorismoa enpirismoaren tradizioan kokatzen da. Enpirismoaren aurpegi nagusia John Locke izan zen. Bere “arbela hutsa” (tabula rasa) ideiaren arabera, garapenerako garrantzitsuena ez da organismoaren barruan dagoena, baizik eta organismo horri kanpotik iristen zaiona.

Ikuspegi honetatik, esperientziak aldarazten gaitu, eta pertsona baten historia ez da bere esperientzien historia baino. Hori dela eta, neurtu, behatu, zenbatu daitekeenak eta ez barneko prozesu ikusezinak ikaskuntza bermatuko du.

Zer da ikastea konduktismoaren arabera?

Aurrekoan esan dugun bezala, ikastea portaera aldaketa da, hau izanda:

  • Portaera berria sortzea.
  • Portaera egoki bat indartzea.
  • Desegokia den portaera bat gutxitzea.
  • Desegokia den portaera bat desagertzea.

Pavlov eta baldintzapen klasikoa

Baldintzapen klasikoaren arabera, gizaki edo animali batek estimulu edo gertakari bati erantzuna ematen ikasten du, erantzuna era automatikoan baldintzatuz.

Baldintzapen klasikoaren ordezkari nagusia Pavlov izan zen. Txakurren digestioaren inguruko esperimentu bat egin zuen: txakurrek janaria ikusi eta usaindu bezain pronto listua (erantzun automatikoa/baldintzapenik gabeko erantzuna) jariatzen zuten. Txakurrei janaria ematen zitzaien bitartean, txirrin bat (estimulu neutroa) jotzen zuen. Txirrinaren ondoren janaria emateko prozesua behin eta berriz errepikatzen zen. Errepikapenaren ondorioz, txakurrek txirrina (estimulu baldintzatua) entzun bezain pronto listua (erantzun baldintzatua) jariatzen zuten, nahiz eta janaria ez eman.

Beste adibide bat: demagun haur bat lehendabiziko aldiz dentistarengana joaten dela. Dentista, klinika, tresnak, mantal zuria... haurrarentzako estimulu neutroak dira. Baina, eman dezagun haurrak mina sentitzen duela, eta minak beldurra eragiten duela. Gerta daiteke, ordura arte estimulu neutro zirenak minarekin lotzea eta estimulu baldintzatuak bihurtzea, eta beldurraren erantzuna baldintzatua izatea. Hau da, haurrak dentistarekiko beldurra ikasten du.

Erantzun baldintzatuak bi motatakoak izan daitezke:

  1. Hunkipen erantzunak: beldurra, atsegina...
  2. Erantzun fisiologikoak: giharretako tentsioa.

Baldintzapen honekin erlazionatuta dauden fenomeno batzuk:

  • Eskuratzea: erantzun berriak ikastean datza. Estimulu neutro baten ondoren estimulu baldintzatugabea aurkezten badugu behin eta berriz, errepikapenaren bidez, estimulu baldintzatua bihurtzen da.
  • Orokoratzea: antzeko estimuluen aurrean erantzun baldintzatua ematen da.
  • Diskriminazioa: orokortzearen kontrako prozesua da, hau da, antzeko estimuluen aurrean erantzunik ez ematea.
  • Desagerpena: eskuratzearen kontrako prozesu honek erantzun baldintzatua desagertzean datza. Horretarako, estimulu baldintzatuaren ondoren estimulu baldintzatugabea ez da agertzen.

Ikaskuntza mota eta nondik ikasten dugun:

Ikaskuntza motaNondik ikasten dugu?
Baldintzapen klasikoaEstimuluen informaziotik
Baldintzapen instrumentalaEkintzen ondorioetatik
Ikaskuntza sozialaEreduen behaketatik

Skinner eta baldintzapen operantea

Baldintzapen operantearen ordezkari nagusiak E. L. Thorndike eta B. F. Skinner dira.

Thorndike-k (1874-1949) katuekin egin zituen bere esperimentuak, eta esperimentu horietan oinarrituz, baldintzapen operantearen lege garrantzitsu bat ondorioztatu zuen: efektuaren legea. Lege horren arabera, jokaeraren ondorioa atsegina bada, jokaera errepikatuko da. Alderantziz, jokaeraren ondorioa desatsegina edo txarra bada, ez da errepikatuko.

B. F. Skinner-ek (1904-1990) ikasketari buruzko ikerlanak egin zituen, eta behavioristen artean toki nabarmena izan zuen. Bere esperimentuak egiteko kaxa berezi bat sortu zuen. Skinner-en kaxa kaiola modukoa zen, eta bertan usoak eta arratoiak sartzen zituen. Bazituen depositu edo erretilu bat janariarentzako eta palanka edo botoi bat janariaren deposituari lotuta. Animalia gose zegoen, eta janaria lortzeko, palanka edo botoia ukitu behar zuen. Saiakera batzuen ondoren ezer lortu gabe, ustekabean animaliak palanka jotzen zuenean, janaria erortzen zen depositura. Horrela, behin eta berriz eginda, usoak ikasiko du zer egin behar duen janaria lortzeko, eta kaxan sartu bezain pronto palanka joko zuen.

Ikasitako erantzun baldintzatua ez da soilik mekanikoki sortzen. Animaliak ekintza errepikatzen du ondorio positiboa duelako, eragingarri edo errefortzua izan delako. Esperimentu horietatik abiatuz, Skinner-ek ondorioek jokabidean duten eragina aztertu zuen, eta baldintzapen operantearen legeak formulatu zituen:

  1. Jokabidearen ondorioa errefortzua bada, jokabidea errepikatuko da.
  2. Jokabidearen ondorioa zigorra bada, ez da errepikatuko.

Bandura eta ikaskuntza sozialaren teoriak

Teoria neo-konduktista bezala aipa dezakegu teoria hau. A. Bandura (1925-1998) da teoria honen ordezkari nagusia. Konduktistek bezala, portaera aztertzen du teoria honek, baina portaeraren ikaskuntzan behaketa eta imitazioaren papera azpimarratzen du. Bandura-ren ustez, gizaki eta animalietan, beste batzuei gauzak egiten behatuz, ikaskuntza prozesua ematen da. Ereduen edo behaketaren bitarteko ikaskuntzan, prozesua honela gauzatzen da: eredua aurkeztu, bereganatu, egin (imitatu). Imitazioa testuinguru sozialean ematen da. Adibidez, haurrek gurasoen portaerak imitatzen dituzte. Gurasoek, errefortzu batzuen bidez, imitazioak saritzen eta mantentzen dituzte. Ondorioz, portaera sozialak testuinguru sozial batean ikasten ditugu. Baina behatzen diren portaera guztiak ez dira ikasten, edo behatzen direnak ez dira berdin imitatzen:

  • Eredu edo pertsona erakargarriak gehiago imitatzen dira.
  • Zigortuak izan diren portaerak ez dira hainbeste imitatzen.
  • Errefortzua eskuratu dutenak, aldiz, gehiago imitatzen dira.
  • Haurrek helduen portaerak imitatzen dituzte, baita adinkideenekoak ere.

Pertsonak jokamolde osoa kopia dezakete, jokaera hori beranduago erakutsi arren. Eta imitatzeaz gain, jokaera berriak ikasten dituzte, sortutako jokaerak saria lortzen badu. Eredu berriak bereganatzeko prozesuak hauek dira:

  • Arreta: pertzepzio eta trebetasun kognitiboak, ereduaren ezaugarriak, elkarrekintzaren elementu eta propietateak.
  • Erretentzioa: oroitzapena, barne irudikapen sinbolikoak eta ereduak ekintza finkatzeko.
  • Ekoizpen egokiak eta desegokiak behatzea.
  • Motibazioa eta indartzea: autoerregulazioa, kanpoko pizgarri zuzenak eta pizgarri bikarioak (beste baten jokabidea indartua ikusi ostean).

Ikuspegi honetan, kognizioaren eragina onartzen da: usteek, pertzepzioek, asmoek, itxarobideek... testuinguruaren eraginak jasotzen dituzte eta giza portaerari eragiten diote.

Zer da nortasuna?

Gure eguneroko bizitzan, besteen izaerari buruz hitz egiten dugu askotan. Denok esan izan dugu inoiz “horrek izugarrizko nortasuna du” edo, alderantziz, “horrek ez du inolako nortasunik”. Baina, zer da zehatz-mehatz nortasuna? Definizio moduan esan genezake: pertsonaren ezaugarri kognitiboak, afektiboak eta jokabide-ezaugarriak, denboran zehar irauten dutenak eta sakonki bereganatutakoak.

Nortasuna aztertzeko metodoak

Test proiektiboak

Inkontzientea ebaluatzeko, hau da, pertsonen gatazkak sor ditzaketen sentimendu eta irrika ezkutuenak aztertzeko, test proiektiboak erabiltzen dira, batez ere. Pertsonok, kontziente izan gabe, gure pertzepzioak, emozioak eta pentsamenduak kanporatzen ditugulako ustean oinarritzen dira. Test hauen bidez, pertsona kontziente izan gabe, faktore horiek guztiak aztertu ahal izateko, pazienteari estimulu anbiguoa aurkeztu ondoren, ea zer ikusten duen galdetu edota estimulu horren inguruko istorio bat kontatzeko esaten zaio. Pazienteak estimulu horri ematen dion esanahia bere interesak eta gatazkak azalduko ditu edo, beste era batera esanda, estimuluaren aurrean bere pentsamenduak eta emozioak proiektatuko ditu. Test hauek, teorikoki, psikoanalisian oinarritzen dira.

Roscharch-en testa, TAT izenekoa eta Test Proiektibo Grafikoak dira froga proiektibo ezagunenak.

Roscharch: testa egiteko, pazienteari 10 lamina banan-banan erakutsi behar zaizkio, eta lamina bakoitzean zer ikusten duen galdetu. Erantzunen arabera, nortasunaren profila egitea lor daiteke.

TAT: hainbat lamina dira, eta lamina bakoitzean egoera anbiguoetan dauden pertsonaiak agertzen dira. Pazienteak erakusten zaion laminari buruzko istorio bat kontatu behar du, eta ikusten duen egoeraren aurretik zer gertatu den eta ondoren zer gertatuko den adieraziz. Kontaketen analisien bitartez, froga egiten duen pertsonaren sentimenduak, motibazioak eta gatazkak azter daitezke.

Test proiektibo grafikoa: testean erabili ohi diren marrazki ezagunenak giza irudia, zuhaitza eta familia dira. Pazienteari aipatutako marrazkietako bat egiteko eskatzen zaio. Irudiaren tamaina, distortsioak, irudi osoa ez egitea, marraren lodiera eta antzeko datuak aztertuz, nortasunaren ezaugarriak azalduko dira.

Proba objektiboak

Pertsonaren jokabideak deskribatzea dute helburu, eta ez bere nortasun ezkutuaren dinamika ezagutzea. Galdera-sortak dira. Galdera-sorta bakoitzak nortasunaren ezaugarri bat, sentimendu-talde bat edota jokabide mota bat aztertzen du. Esperientzia duten aztertzaile guztiek emaitza berak lortzen dituzte, eta interpretazioa erantzunen zenbaketaren arabera egiten da; horrexegatik deitzen dira objektiboak.

MMPI testa: Hathaway psikologoak eta McKinley psikiatrak osatu zuten XX. mendeko 40ko hamarkadaren hasieran. Nortasunaren ezaugarriak baloratzeko eta gogamen-nahasteak ezagutzeko erabili ohi da. Egia ala gezurra erantzuteko 550 esaldiz osatzen da, eta esaldiok eskala desberdinetan taldekatzen dira: barnerakoitasuna, paranoia, depresioa, gezurra, histeria, hipokondria... Eskala bakoitza burutzeko, pertsona osasuntsuei eta gaixo mentalei egin zitzaien proba, eta batzuen eta besteen erantzunak konparatu zituzten.

16PF testa: Cattell eta bere laguntzaileek burutu zuten. Test honek nortasunaren 16 faktore neurtzen ditu, 1etik 10erako eskala batean. 187 galdera dira, eta galdera bakoitzak hiru erantzun ditu: bi muturrekoak eta bat erdikoa.

Elkarrizketa

Elkarrizketa ebaluatzeko teknikarik ezagunena da, eta arazo psikologikoak dituzten pertsonekin lan egiten duten guztiek erabili ohi dute teknika hau. Elkarrizketaren bidez, pertsonek euren sentimenduei, pentsamenduei edo gatazkei buruzko informazioa ematen dute.

Behaketa

Batez ere konduktistek erabili ohi duten metodoa da. Metodo zientifikoan informazioa jasotzeko erabili ohi den estrategia da. Behaketaren bidez, pertsonaren jokabide batzuen maiztasuna edo iraupena sistematikoki erregistra daitezke.

Freud eta psikoanalisia

Sigmund Freud mediku eta psikoanalista austriarra (1856-1939).

Hainbat teknika berezi erabiltzen zituen bere frogak egiteko eta bere teoriak garatzeko; adibidez, lehenengo hipnosia erabili zuen.

Elkarrizketaren teknikarekin lortzen zituen aldaketak azaldu nahian, sintomen jatorria aztertzen saiatu zen Freud. Pazienteen kasu desberdinak aztertu eta gero, ondorio hauetara iritsi zen:

  • Gizakien jokabidea ez da kasualitatez gertatzen. Hitz guztiek, pentsamendu guztiek eta ekintza guztiek arrazoi bat dute, nahiz eta guk, askotan, arrazoi hori zein den ez dakigun, zeren gure jokabideen motiboak inkontzienteak baitira.
  • Haurtzaroaren lehen faseko esperientziak eragin handia dute bizitzaren eboluzioan.
  • Haurtzaroko sexualitateak garrantzi handia du nortasunaren garapenean.

Freudek nortasuna ulertzeko bi eredu ezarri zituen:

Eredu topografikoa

  • Kontzientea: kontzientzia-maila hau une oro kontzientzian dauden pertzepzio, pentsamendu eta oroitzapenek osatzen dute.
  • Prekontzientea: oroitzapenek osatzen dute. Oroitzapenok ez dute zerikusirik bizi dugun uneko pentsamenduekin, baina kontzientera erraz ekar daitezke.
  • Inkontzientea: maila honetan, kontzientean ez dauden oroitzapenak, asmoak eta osagaiak sartzen dira. Material honen parte bat ez da inoiz kontzientziaren parte izan, baina beste parte handi bat, estutasun jasanezina sortu duten esperientzien eraginez, kontzientetik kanpora ateratakoa da.

Eredu estrukturala

  • Zera: nortasunaren oinarri primitiboena da, instituen eremua. Freuden hitzetan: “zera anabasa hutsa da, sakonean irakiten ari den lapikoa”. Zera jaiotzatik dugu gurekin eta inkontzientea da. Bizitza hasten denetik, zeran sortzen diren irrikak berehala asetzeko joera daukagu, ondorioak kontuan izan gabe, zeren zera plazeraren printzipioak zuzentzen baitu. Oinarrizko irrika horiek oso zailak dira kontrolatzen, eta bizitza osoan zehar eragina dute gizakiongan.
  • Nia: eremu horretan, pertzepzio kontzientea, pentsamenduak, iritziak eta oroitzapenak daude. Nortasunaren atal arrazionalena da. Nia errealitate-printzipioak gobernatzen du. Printzipio hori kanpoko mundura moldatzean eta barneko tentsioak kontrolatzean datza. Nia, errealitatearen arabera, zeraren irrikak asetzen saiatzen da. Gorputza berez kontserbatzea, errealitatera moldatzea eta barneko tentsioak kontrolatzea dira niaren betebehar nagusiak.
  • Supernia: gurasoek eta gizarteak umeari portaera-eredu ideal gisa transmititzen dizkioten balioek osatzen dute superniaren eremua. Arau moralak eta norbere jokabidea kontrolatu behar duten “ona” eta “txarra” nozioak barneratzen diren neurrian garatzen da. Superniaren helburua pertsonaren portaera nolakoa izan beharko litzatekeen adieraztea da.

Fase psikosexualak

  • Fase orala (0-18 hilabete): ahoa da plazer iturria. Manifestazioak: xurgatzea, amaren bularra, edozer gauza ahora eramatea. Gehiegizko sariak edo arretak mendekotasuna eta konformismoa eragin ditzake. Finkapena aho-jardueretan interesatutako heldua eman dezake: jan, hitz egin, erre, alkohola edan, txiklea jan, boligrafoen tapoia xurgatu. Kontrakoa, arreta gutxi jasoz gero, helduaroan urduritasuna eta hitz egiteko era aldakorra sor daitezke.
  • Fase anala (18 hilabete - 3 urte): uzkia da plazer iturria. Manifestazioak: kaka egitean sentitzen den plazerra. Entrenamendu hau zorrotzegia bada, finkapena sor daiteke, eta heldu oso puntualak, ordenatuak edo zurrunak sor daitezke (nortasun anal expulsiboa). Edo kontrakoa, gurasoak zorrotzegiak badira edo goizegi hasten badira esfinterra kontrolarazten, umeak nortasun anal erretentiboa gara dezake: arduragabeak, axolagabeak edo ordenik gabekoak.
  • Fase falikoa (3-6 urte): genitalak dira plazer iturria. Manifestazioak: kontrako sexuarekiko erakarpena, eta Edipo eta Elektra konplexuak. Edipo konplexua: amarenganako erakarpena, aitarekin identifikatuz konpontzen dena. Elektra konplexua: aitarenganako erakarpena, amarekin identifikatuz konpontzen dena. Finkapena: fase honetan finkatutako pertsonek aitaren edo amaren ezaugarriak dituzten bikoteak bilatzeko joera izaten dute, baita bikote askoz nagusiagoak ere, modu inkontzientean. Gizonak: emakumeekin izateko joera nabarmena (Don Juan), homosexualitatea, etab. Emakumeak: gizonak konkistatzen obsesionatuta, gizonengan plazera ukatzea, harreman asetugabeak, “frigidezia”.
  • Latentziaroa (6-11 urte): irrikak desagertzen dira. Ez dago manifestaziorik, ezta finkapenik ere.
  • Ernalkiaroa (12 urtetik aurrera): genitalak dira plazer iturria. Manifestazioak: beste sexuarekiko erakarpena, harreman sexualak... Ez dago finkapenik.

Defentsa mekanismoak

Frustrazioari aurre egiteko, irtenbide praktikoak aurkitzen saiatzen gara, eta aurkitzen ez ditugunean, defendatu egiten gara egonezinetik aldentzeko asmoz. Hauek dira defentsa mekanismo garrantzitsuenak:

  1. Errepresioa: gehienetan, sentimendu horiek jatorri sexuala edo oldarkorra izan ohi dute, edo gure balioekin bat ez datorren beste edozein baliok eragindakoa. (Adibidez, umetan eraso sexuala jasan duen norbaitek gertakizun horren oroitzapena baztertu egin dezake).
  2. Erreakzio eraketa: mekanismo horren bidez, sentitzen ditugun jokabideen eta sentimenduen kontrako jokabideak eta sentimenduak izaten ditugu (adibidez, gustatzen zaigun pertsona mespretxatzea).
  3. Desplazamendua: norbere hutsuneak beste batek bete ditzala nahi dugunean, desplazamenduari konpentsazioa deitzen diogu; adibidez, irakasle edo nagusi baten gehiegikeriak jasan ondoren, agresibitate guztia etxekoekin deskargatzea; etxekoen kontra desplazatzea, alegia.
  4. Proiekzioa: mekanismo horren bidez, besteentzako uzten ditugu jasanezinak egiten zaizkigun motibazioak eta sentimenduak. “Horrek gorrotatzen baino ez daki”. Horrelako esaldiak, normalean, gorrotoa sentitzen dutenek, leialak ez direnek eta euren buruaz baino pentsatzen ez dutenek esan ohi dituzte.
  5. Erregresioa: hazkundearen aurreko estadioetara itzultzea izango litzateke. Adibidez, gernua (txiza) kontrolatzen ikasi duen ume batek, beste anaia-arreba bat jaiotzean, berriro kontrola galtzea.
  6. Arrazionalizazioa: gure jokaera justifikatzeko, egoera azaltzen saiatzen garenean erabiltzen dugun mekanismoa da. (Azterketa ez dut gainditu, irakasleak gorrotatu egiten nauelako). Argumentu desberdinak: zoritxarra, gutxiespena, salbuespena, zorte alternatiboa, aitzakiak, hobeto egiteko agindua.
  7. Identifikazioa eta introiekzioa: miresten ditugun pertsonekin edo taldeekin identifikatzea, beraien nolakotasunak gureganatzea. (Athletic-zale batek: “Gaur irabazi egin dugu”).
  8. Konbertsioa: gure arazo psikologikoak fisikoki agertzen direnean konbertsioa gertatzen da. (“Gaixotu egin nintzen azterketa egunean”).

Entradas relacionadas: