Koldo Izagirre: Pasaiko idazle eta olerkari berritzailearen ibilbidea

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,14 KB

Koldo Izagirre Urreaga: Pasaiko idazle eta olerkari berritzailea

Koldo Izagirre Urreaga (Pasaia, 1953ko ekainaren 21a) gaur egungo euskal idazle eta olerkari berritzaile eta garrantzitsuenetakoa dugu. Literatur genero ezberdinetan izandako arrakastagatik da ezaguna Koldo, hala nola, poesian, eleberrigintzan, ipuingintzan eta saiakeran. Poesia eta eleberrigintzaz gain, prentsan zenbait artikulu idatzi izan ditu, eta telebistarako eta zinemarako gidoilari lanetan ere aritu izan da. Esan beharra dago, baita ere, atzerriko zenbait nobela euskaratu dituela.

Hastapenak eta aldizkariak

Oso gazte zelarik sentitu zuen Koldok literaturarekiko grina, eta grina hori izan zen garai hartako mugimendu kulturaletan parte hartzera bultzatu zuena. Bernardo Atxagarekin batera, Euskal Herrian garrantzi handia izan zuen Ustela aldizkaria fundatu zuen, eta, gerora, Ramon Saizarbitoriarekin Oh Euzkadi! aldizkaria kaleratu zuen.

Poesiaren bidea: krisia eta berpizkundea

Aurreko bi aldizkariak plazaratu ziren garai berean, 1970eko hamarkada amaieran, hasi zen Koldo bere poema sortak plazaratzen. Lehenik eta behin, “Itsaso ahantzia” aurkeztu zuen 1976an, eta ondoren “Oinaze zaharrera” eta “Guardasola ahantzia”, 1977an eta 1978an, hurrenez hurren. Baina sormen krisi batek hamar urtez poesiatik aldendu zuen autore pasaitarra. 1989an, “Balizko erroten erresuma” olerki bildumarekin eman zion amaiera 10 urteko krisi pertsonalari, eta hauexek izan ziren bere hitzak: «Hortxe amaitzen dut nerabezaroa, edo Izagirre idazlearen prehistoria».

"Non dago Basque Harbour?" eta Pasaiako badia

1997an beste olerki sorta batekin iritsi zen Koldo: “Non dago Basque Harbour?”. Bertan, haurtzaroan bizitako Pasaiako badiako giroa islatzen da. Hala nola, itsasontziak, marinel mozkorrak, arrantza, etab. osatzen dute olerki bilduma hau. Bilduma honetan nabarmenki azaltzen da poetaren ideologia. Izagirrek azaltzen duenez, “Non dago Basques' Harbour eta beste madarikazio batzuk” da titulu osoa. Ez da galdera bat, beraz, madarikazio bat baizik. Horrek adierazten du inportantea bidaiatzea dela, hain zuzen ere, eta ez portu batera iristea. Inportantea bidaia da, eta gero eta urrunago, eta gero eta libreago, eta hori maila guztietara interpretatuta ere.

"Teilatuko lizarra": poesia eta musika

Poesiaren barruan argitaratu duen azken lana “Teilatuko lizarra” dugu, 2006an publikatuta. Izagirrek idatzi eta Joseba Tapiak musikaturiko poema-kantuak biltzen dituen liburua da.

Narratibaren esparrua

Poesian ez ezik, narratiban ere jardun izan du Izagirrek. Zergatik bai (Kriseilu, 1977) eta Gauzetan (Ustela saila, 1979) narrazioak plazaratu zituen lehenengo. Ondoren, 1984an, Gerra Zibila Euskadin nola hasi zen islatzen duen nobela argitaratu zuen, “Euzkadi merezi zuten” izenekoa. Lan hauen ondoren beste hainbat egin zituen, Mendekuak (1987) eta “Metxa esaten dioten agirretar baten ibili herrenak” (1991). Baita ere, aipatu behar dira “Vladimir” (1996) eta “Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri” (1998) eleberriak, eta beste hainbat lan.

Entradas relacionadas: