Klima eta Landaredia Euskadin

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,92 KB

Klima: Leku bateko atmosferaren batez besteko egoera, urte osoan gertatzen diren eguraldi motek eragiten dutena. Klimaren ezaugarriak modu estatistikoan zehazten dira, batez besteko balioak kalkulatuta (30 urte gutxienez).

Eguraldia: Atmosferak une jakin batean duen egoera. Klima baino askoz ere aldakorragoa da, eta behatoki meteorologikoetan, behaketa zuzenen bidez, zehazten da. Eguraldia aztertzen duen zientziari “meteorologia” deritzo.

Eguraldi mota: Altuerako nahiz gainazaleko zirkulazio atmosferikoak, urteen joanean, sortzen dituen egoera atmosferiko ugariak, denbora-tarte laburrean oso aldakorrak izan daitezkeenak.

Ekintza-zentroa: Presio altuko (antizikloi) eta behe-presioko (depresio edo borraska) gunea, maiztasunean leku jakin batean kokatzen dena, eta bere inguruko aire-masak eta fluxuak bideratzen dituena. Azoreetako Antizikloiak, adibidez, izugarrizko eragina dauka Iberiar Penintsulan.

Aire-masa: Aire-zatiak dira, tenperatura, hezetasun eta presio-ezaugarri jakin batzuk dituztenak. Ezaugarri hauek aire-masaren jatorrizko eskualdeetan eskuratzen dituzte, eta egiten duten bidea edo distantziaren arabera ezaugarriok alda daitezke.

Arro hidrografikoa: Ibai batek eta haren ibaiadarrek drainaturiko lurraldea.

Ibai-erregimena: Ibai baten emariak urtaroaren arabera egiten duen aldaketa. Prezipitazioen banaketaren eta elur-formako prezipitazioen araberakoa da.

Landaredi potentziala: Gizakiaren esku-hartzerik gabe toki batean, era naturalean eta tokian tokiko baldintza ekologikoen baitan, hazi beharko lukeen landaredia. Gehienbat basoz osatua zegoen, nahiz eta gaur egun basoek azaleraren ehuneko txiki bat baino ez duten hartzen. Labore-lurren, egurgintzaren, gune urbanizatuen eta jarduera ekonomikoetarako guneen sorrerak, besteak beste, landaredi potentzialaren galera ekarri dute.

Baliabide naturala: Giza beharrizanak asetzeko hartzen edo erabiltzen den ingurune naturalaren zati edo osagaia.

Arrisku naturala: Gizakien ongizaterako edo bizitzarako mehatxua izan daitekeen prozesu naturala, ondorio katastrofikoak izan ditzakeelako: pertsonak hil ditzake, eta kalte materialak sor ditzake azpiegituretan, eraikinetan edo uztetan.

Klima ozeanikoa

Baso hosto-erorkorra: zuhaitz garaiez osatuak, enbor zuzen eta hosto handikoak. Espezie garrantzitsuenak pagoa, haritza eta gaztainondoa dira. Pagoak oinak lehor baina hezetasun handia behar duen landarea da. Horregatik, eta hotza ongi jasaten duelako. Haritzak pagoak baino hezetasun gutxiago behar du. Bigarren mailako espezie batzuk lizarra, ezkia, zumarra edo hurritza dira.

Klima mediterraneoa

Baso hosto-iraunkorrez eta sastrakaz osatua da. Udako lehortera egokitzeko ahalmena nabarmena da: sustrai sakonak, hosto iraunkor eta esklerofiloak.

Baso hosto-iraunkorra: zur gogor eta iraunkorreko eta altuera ertaineko zuhaitzez osatuta daude. Espezierik ohikoenak artea eta artelatza dira. Paisaia honetan pinua ere asko zabaldu da, gizakiaren eraginez. Angioa ere gizakiaren fruitua da.

Klima mendikoa

Mendi alpetarra edo piriniarra: beheko estaietan artadi-hariztiak daude. Estai subalpetarrean izeia eta mendi-pinuak dira nagusi. Bigarren estaian berriz belardia da nagusi, hazkunde laburrekoa elurraren iraunkortasunagatik. Eta hirugarren estaian elurra dago urte osoan. Liken edo goroldioa topa daiteke.

Kanarietako klima

Landarediak aberastasun handia du. Jatorria, mediterraneoa da, baina Afrikako eta Atlantikoaren hegoaldeko eraginak daude.

Klima ozeanikoa (Euskadi)

Isurialde atlantikoan Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabako iparraldea sartzen dira. Tenperaturei dagokienez nahiko moderatua da, eta prezipitazio aldetik oso euritsua. Urtaro lehorrik gabeko klima da.

Klima horretan, Ozeano Atlantikoak eragin nabarmena du, eta, hortaz, tenperatura-bitarteak ez dira oso handiak. Euri-kopurua handia da, ordea, urteko batez besteko prezipitazioa 1.000 mm eta 2.000 mm artekoa baita. Euskadiko isurialde atlantikoko orografiak eragiten du horretan.

Tenperaturei dagokienez, azpimarratu beharra dago nahiko moderatuak (leunak) direla, eta hori batez ere neguan ikusten da, tenperaturak nahiko leunak baitira. Udak freskoak diren arren, tarteka bero zakarreko gertaera edo bolada laburrak ere izaten dira, eta tenperatura 40 °C-ra ere gerturatu izan da egun zehatz batzuetan.

Zuhaitzek, neguan, hostoak galtzen dituzte. Pagoa, haritza, gaztainondoa edo lizarra (Fraxinus excelsior) dira berezkoak diren zuhaitzetatik zabalduen daudenak. Argiunetan berriz, sastraka mota desberdinak ageri dira: elorria adibidez, edo erratza edo sasi-arkazia.

Klima trantsizionala

Euskadiko erdialdeak edo trantsizioko eskualdeak, Arabako zati handi bat hartzen du.

Klima subatlantikoa

Araba mendebaldeko haranak eta Arabako Lautadan du eragina. Klima atlantikoa izaten jarraitzen du, baina isurialde atlantikoan baino prezipitazio gutxiago izaten da.

Klima submediterraneoa

Hegoalderago, Trebiño eta Arabako mendialdea hartzen dituen eremu batean, klima mediterraneoa gailentzen hasten da; hau da, klima epela, uda beroago eta lehorragoarekin, eta urteko batez besteko euri moderatuekin.

Klima mediterraneoa (Euskadi)

Euskadi hegoaldean, Arabako Errioxak hartzen duen Ebro ibaiaren sakonunean zabaltzen da. Eskualde horretan, itsasoaren eragina ia nabaritzen ez denez, tenperatura-bitarteak nahiko handiak dira. Udan, zenbait hilabetetako batez besteko tenperaturak 22 °C-ren gainetik ibili ohi dira, eta neguan, tenperatura baxuek izotza ekartzen dute eta lainoa errazten. Prezipitazioari erreparatuz gero, klima mediterraneoan bezala, hileko batez besteko prezipitazioak beti izan ohi dira nahiko urriak, gehienetan 50 mm baino baxuagoak, eta hilabete batetik bestera alde handirik gabe, gainera.

Entradas relacionadas: