Inpresionismoa: Ezaugarriak eta Testuinguru Historikoa
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,7 KB
Frantziako burges-iraultzaren helburuak lortuak eta ongi finkatuak zeuden jadanik; industrializazioa eta kapitalismoa garatzen doaz eta goi-burgesiak bildu du boterea. Arte alorra akademiaren bitartez antolatzen da, artistak ez du harreman zuzenik eroslearekin; bezeroak akademiaren bitartez egiten ditu enkarguak eta honek oso arau finkoak ezartzen ditu, artistak gai bat lantzean lotu behar dituenak. Orokorrean esan daiteke artea ez dela autonomoa: artelanek ez dute aztertzen, zuzenean eta askatasun osoz, forma, kolorea, bolumena... Hainbat ideia eta baloreren zerbitzurako baliabidea baino ez da artea. Elizak, bezerorik handienak, ezartzen zituen arauak: gai biblikoak, sinboloak... edo aristokraziaren zerbitzuan sortutako artelanez gauza bera esan daiteke: erretratuek pertsonaien duintasuna azaldu behar dute; biluziak jainko eta jainkosenak baino ez dira; paisaiak estudioan lantzen dira eta koadroak ere. Estetika naturalista honen arautegia inpresionismoak gainditu zuen XIX. mendearen bukaeran, arte autonomiaren bidean lehen urratsa emanez.
XIX. mendeko testuinguru historikoa eta inpresionismoaren sorrera
XIX. mendea aurrera doan bezala, zientzia-aurkikuntza ugari sortzen da eta industrializazioa ere garatzen doa etengabe. Kapitalismoaren fase berri honek talde sozial ugari sortzen du: erdi mailako burgesia. Talde dinamikoa eta liberala da hau, eta bere gustu estetikoak ez zuen lekurik aristokrazia eta goi burgesia tradizionalek ezartzen zuten arautegi hierarkikoan. Bezero berri eta ugari hauek, burujabetzeko aukera emango diote artistari; artistak taldeka elkartuko dira eta beren erakusketak antolatuko dituzte Akademiaren Saloi Ofizialetik kanpo eta salmenta ere, arte-merkatariaren bitartez edo eroslearekin zuzenean gauzatuko dituzte. Inpresionismoa izan zen pintura tradizionalarekin hautsi eta XX. mendeko artearen abiapuntu. 70eko hamarkadan hasi zen dena, gazte talde batek konbentzionalismo akademikoei jaramonik ez egitea deliberatu zuenean. Aire librean pintatzeko zuten zaletasunak erakutsi zien paisaia eta honen argia ez zirela gauza bera eta, ondorioz, arazoari aurre egitea eta argia irudikatzea erabaki zuten. Lehenago ere egon zen atmosfera irudikatzen ahalegindu zen pintorerik (Leonardo, Tiziano, Velazquez, Rembrandt); horrexegatik da inpresionismoa bai artearen berezko ezaugarri bat, baita garaiko fenomeno bat ere. Baina garaiko gizartean kritikak oso zorrotzak jasan behar izan zituzten margolari gazte hauek: 1863an Manetek erakutsiko du "Le Déjeuner sur l'herbe" margolana eta eskandalu itzela sortuko du garaiko sektore tradizionalean. Giro ezkor honetan, artistak oso lagunak ziren beraien artean: Manet eta Renoir, adibidez, zeintzuk Sena ibaia elkarrekin margotu zuten. Ez dira artista intuitiboak, azkar lan egiten dutenak: teknikaren oso ikerketa sakonak egiten dituzte. Ikus ditzagun teknikaren ezaugarriak:
Inpresionismoaren ezaugarri teknikoak
- Kolorearen teoria: Lehenbiziko aldiz gaia aitzakia ez da izango kolorea eta argia zientifikoki aztertzeko. XIX. mendearen bukaeran Chevreulen "kolore" teoria optikoa ezaguna da artisten artean. Honen arabera, oinarrizko 3 kolore daude eta hiru osagarriak hurrenez hurren: bi oinarrizko kolore nahastuz hirugarrenaren osagarria lortuko da. Baina pintzelarekin egin beharrean, ikuslearen begiak nahastuko ditu oinarrizko koloreen ukitu gertuak. Beltza ez da existitzen, beraz, argi-ilunean egindako kontrasteak ere ez.
- Argiaren balorazio berria: Errealitatea argi-tonuen bidez irudikatzea zen inpresionismoaren zeregina. Ahaztu egin behar dira "paleta eta objektua": kolorea ikasi behar da argiaren modalitatea bezala eta margolana argiaren tonalitate askoren sarea bailitzan.
- Segidako irudiak: Gai bera margotzen dute askotan argiaren aldaketa txikiarekin, edo eguzkiaren intentsitatearekin, edota laino itxiagorekin.
- Itzalak koloreztatu: Itzalak ez dira ilunak izango eta kolore osagarriekin margotzen dira, hau da, argi-ilunak desagertzen dira eta marrazkia ere bai.
- Pintzelada arinak: Giroaren dardarak hobeto irudikatzeko, marrazkia desagertu egin zen eta koloreen justaposizioa nagusitu zen; horretarako, teknika arina eta soltea erabili zuten, ukiturik behar zuten orban oretsuak sortzen zituzten pintzelkada indartsu eta laburrekin.
- Gai berriak: Pintoreek tailerrei buruz ezer jakin nahi ez. Errealitatea irudikatzea zen helburua, eguneroko errealitatea, landako zein hirikoa, giroaz, argiaz eta hauek koadroan zuten eraginaz arduratuz.
Teknikaren aldaketa eta argazkiaren eragina
Aire zabalera irtetean, beste arazo bat planteatuko zaie artistei: denborarena. Argia eta orduaren arabera, natura bizia aldakorra denez, unea atzemateak garrantzi handia hartuko du. Behar berri horri erantzuteko teknika aldatu egiten da, azkarra bihurtuz: une bateko argia, tonalitatea eta atmosfera nahitaez saio bakarrean atzitu behar baitu artistak; pintzelkadak askatu, laxatu egiten da, koadroa bukatu gabe bezala geratzen delarik. Garai honetan argazki teknika garatzen da eta esan daiteke argazkiak bultzada handia emango diola pinturari autonomiaren bidean, izan ere, errealitatea adierazteko ohiko funtzioagatik askatuko dugu. Argazkiak beteko du hemendik aurrera erretratu, margolan... Nahiz eta ikusi dugun bezala inpresionismoak ireki zuen XX. menderako abangoardien mugimendua, zentzu betean ezin daiteke esan inpresionismoa bera abangoardia-mugimendua denik. Hauek zituzten ezaugarriak ez ditugu inpresionismoan aurkitzen: ez zen eratu talde bezala ideologia komuna aurrera ateratzeko; kidetasun estetikoak biltzen zituen eta harremana izatera bultzatu ere edo erakusketa komunak egitera, baina ez zuten programazio zehatzik.