Industrializazioa Euskal Herrian: XIX. Mendearen Amaiera
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,79 KB
Industrializazioa Euskal Herrian: XIX. Mendearen Amaiera
Intrusoaren borroka klaseak: testuingurua
XIX. mendearen azken laurdeneko egoera sozioekonomikoa
XIX. mendearen azken laurdenean, Bilboko itsasadarraren ezkerraldean, siderurgiak eta ontzigintzak izandako garapen handiak industria proletargoaren agerpena ekarri zuen, neurri handiz kanpotik etorritako jendeaz osatuta. Proletargo horren lan eta bizi baldintzak oso gogorrak ziren, meatzarienak bereziki.
Meatzarien egoera larria
Gainontzeko langileen baldintzei (soldata txikiak, lanegun luzeak, gizarte babes eza...) gehitu behar zaizkie meatzarien lanaren gogortasuna eta derrigortuta egotea ugazabek ipinitako barrakoietan pilatuta bizitzera eta kantinetan erostera.
Bizkaiko langileen antolakuntza
Egoera latz horri aurre egiteko, Bizkaiko langileak antolatzen hasi ziren, sozialismoaren eskutik lehendabizi eta, geroago, sindikalismo katoliko eta abertzalearen eskutik ere.
Federiko Etxebarriaren hitzaldia: testuingurua
Bizkaiko industrializazioaren gorakada
Federiko Etxebarriak mitin hau eman zuenean, Bizkaian industria iraultza egiten ari zen. Industria siderurgikoa izan zen Bizkaiko industrializazioaren motorra. Bizkaia, Euskal Herria eta Espainia bezala, Europako iparraldea baino beranduago industrializatu zen eta, horregatik, ezin zuten hango herrialdeekin lehiatu. XIX. mendearen amaieran, Europak krisia pairatu zuen eta kanpoko merkatuak galdu egin ziren. Bizkaiko eta Espainiako enpresariek ezinbestekoa zuten Espainiar merkatua beren produkzioa saltzeko.
Espainiar merkatuaren garrantzia eta protekzionismoa
Espainiar merkatuaren menpe egonik, Espainiako enpresariek inportazioei muga zergak jartzeko eskatu zioten gobernuari, barne merkatuan kanpoko konpetentzia saihesteko. Politika protekzionista horren sustatzaile nagusiak Bizkaiko siderurgiako enpresariak izan ziren. Enpresari horiek politika protekzionista defendatzeko, "Liga Vizcaína de Productores" sortu zuten, aurrean dugun mitina egin zen urte berean, eta Federiko Etxebarria izan zen sortzaileetako bat.
Burdinbideen legea: testuingurua
Isabel II.aren erregealdiko lege ekonomikoak
Isabel II.aren erregealdian, progresistak agintean zeudelarik (1854-56), hainbat lege eman ziren ekonomiaren arloan. Lege horiekin, progresistek industrializaziorako ezinbestekoak ziren azpiegitura finantzarioaren eta garraiobideena (burdinbidea, alegia) sustatu nahi izan zuten. Politika horren adierazgarria da testua.
Trenbide sarearen garapena eta ondorioak
Lege honen babesean, hainbat tren konpainia sortu ziren, gehienak kanpoko kapitalez eratuak, frantsesez batik bat, eta urte gutxiren buruan Espainiako tren sarea eraikita geratu zen. Espainiar tren sarea azkarregi eta ondo planifikatu gabe egin zen; horren ondorioz, burdinbideak ez zituen Espainiako ekonomiarentzat espero zitezkeen onurak ekarri: sarearen zatirik handiena kanpoko enpresek egin zuten, euren herrialdeetatik ekarritako materialak erabiliz. Gainera, linea asko ez ziren errentagarriak, Europako gainerakoan baino bide zabalagoa aukeratu zen, Espainia Europar saretik kanpo geldituz...
Industrializazioa Euskal Herrian
Industrializazioaren hasiera eta garapena
Espainian, industrializazioa Europako iparraldean baino beranduago hasi zen. Katalunia, 1830eko hamarkadan, eta beranduago Euskal Herria izan ziren industrializatuenak. Euskal Herrian, industrializazioa ez zen berdina izan lurralde guztietan: Bizkaia izan zen lehena eta industrializatuena, XIX. mendearen azken laurdenean. Gipuzkoako industrializazioa beranduago, motelago eta beste eredu bati jarraituz egin zen. Araba eta Nafarroa ez ziren industrializatu XX. mendearen bigarren erdialdera arte.
Bizkaiko industrializazioaren oinarriak
Bizkaiko industrializazio prozesua siderurgian oinarritu zen, 1840ko hamarkadan hasi zen, aduanak kostaldera aldatzerakoan Euskal Herria Espainiako merkatuan integratu zenean. Bilboko burgesiak lehen labe garaiak sortu zituen: Santa Ana de Bolueta... Burgesia horrek lehenengo bankua (Banco de Bilbao) eta lehenengo trenbide linea (Tutera-Bilbo) sortu zituzten. Bilboko burgesiak ez zuen kapital nahikorik industrializazioa aurrera eramateko; beraz, kanpoko faktore bati esker lortu ziren beharrezko kapitalak: Britainia Handiko siderurgian eta Europako gainerakoetan, Bessemer bihurgailua ezarri zen eta burdin ez-fosforikoa erabiltzea eskatzen zuen, Bizkaiko meatze arroan oso ugaria zena. Britainiarrak, frantsesak, belgak eta alemanak Bizkaiko burdina erauzi eta esportatzera etorri ziren, hainbat meatze konpainia sortuz. Bilboko burgesiak kapital handiak pilatu zituen burdinaren esportazioari esker.
Bigarren Karlistaldiaren eragina eta ondorengo hazkundea
Bigarren Karlistaldiarekin (1872-76), burdinaren esportazioak bertan behera geratu ziren, baina 1876tik aurrera, esportazioak areagotu egin ziren eta horiei esker lortutako kapitalekin, benetako industria iraultza burutu zen Bilboko itsasadarraren ezkerraldean. Bi industria nagusitu ziren: siderurgia eta ontzigintza. Sestaon kokatu zen "Altos Hornos de Vizcaya" izan zen Bizkaiko eta Espainiako siderurgia garrantzitsuena.
Faktore erabakigarriak eta protekzionismoaren garrantzia
Bizkaiko siderurgiak izan zuen hazkunde izugarrian, burdinaren ugaritasunaz eta kapital handiak pilatzeaz gain, politika protekzionistak eragin zuen, muga zergak ezarriz barne merkatuan kanpoko konpetentzia saihesten zuena, ezinbestekoa baitzuen Espainiar merkatua bere produkzioa saltzeko.
Gipuzkoako industrializazioaren ezaugarriak
XX. mendearen hasieran, Gipuzkoak industrializazio prozesua burutu zuen: mota askotako industriak sortu ziren (garrantzitsuenak papergintza eta metalurgia), neurri txiki eta ertainekoak, bailaretan sakabanatuta...