Hortzetako Hipersentikortasuna: Tratamendua eta Prebentzioa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Tecnología Industrial

Escrito el en vasco con un tamaño de 7,92 KB

Hortzetako Hipersentikortasuna: Zure Irribarrea Babesteko Gida

Patogenia

Dentina hortz-tubulu ugariz osatuta dago, eta bertan odontoblastoen luzapenak eta likido dentinarioa daude. Beharrezkoa da hortz-tubulu horiek agerian egotea hipersentikortasuna sortzeko. Ikerketen arabera, hipersentikortasuna pairatzen duten hortzek hortz-tubulu gehiago eta diametro handiagokoak dituzte. Ahoko hainbat estimuluk hortz-tubuletako aldaketak eragin eta hortz-mamiko nerbio-zuntzak estimulatu ditzakete.

Hipersentikortasuna azaltzeko teoria hidrodinamikoa da onartuena. Honen arabera, tubuluak agerian daudenean, kanpoko estimuluek tubuluen barnealdeko likidoaren mugimendu bortitza eragiten dute. Likidoaren mugimendu horren ondorioz, dentinako presioa aldatu egiten da, hortz-mamiko nerbioak aktibatuz eta mina sortuz. Hortz horiek, tubulu gehiago eta handiagoak dituztenez, tubuluen barneko likidoaren mugimendua ere handiagoa da, presio aldaketa handiagoak sortuz eta nerbioak gehiago estimulatuz.

Diagnostikoa

Esplorazioa:

  • Aho barneko ikuskapena: Dentina agerian dagoen eremurik? (Abfrakzioak, atrizioak, erosioak, abrasioak, atzeratze gingibalak, etab.). Mina eragin dezakeen beste patologiarik? (Txantxarra).
  • Haztapena: Mina eragiten duten estimuluak erreproduzitzea:
    • Termikoak: Hotza da estimulurik ohikoena. Erreproduzitzeko, aire eta ur xiringako ura edota airea aplikatzen da hipersentikortasun susmoa dagoen eremuan.
    • Ukimenezkoak: Eremutik zunda pasatzen da. Zundaren bidezko haztapenak dentinan presioa eragiten du, hortz-tubuluak konprimitu, horien barrualdeko likidoa mugitu, hortz-mamiko errezeptoreak estimulatu eta mina sortzen du.
    • Osmotikoak: Elikagai edo edari gozoak kontsumitzerakoan.

Tratamendua

Askotan, hipersentikortasunak berez sendatzeko joera du.

  • Bermineralizazio fisiologikoa: Listuaren kaltzio gatzak hortz gainazalean metatzen dira. Dentinako odontoblastoek, defentsa moduan, hidroxiapatita sortu eta horri esker agerian dauden hortz-tubuluak itxi egiten dira.

Aurreko hori gertatzen ez denean, hipersentikortasuna tratatzeko:

  • Tratamendu ez-inbaditzaileak edo farmakologikoak:
    • Higienista eta odontologoen bidez egiten da.
    • Potasio gatzak eta fluor konposatuak dituzten dentifriko, kolutorio, spray edo gelak gomendatu daitezke.
    • Eraginkorrak izateko, 2-3 astez erabili behar dira, egunean bitan gutxienez. Gehiago erabiltzen badira, efektuak gehiago iraungo du.
    • Gainera, hortz-klinikan fluor gelak edo barnizak aplikatu daitezke (fluor kontzentrazio altua hortz-klinikan). Kaltzio fluoruroko kristalak sortzen dira, eta horrek hortz-tubuluak ixten ditu, hortza bermineralizatzen du eta txantxarra prebenitzen du.
  • Tratamendu erdi-inbaditzaileak:
    • Odontologoaren eskuduntza.
    • Ez-inbaditzaileak diren tratamenduek emaitza onik ematen ez dutenean, obturazioak egin beharra dago dentina agerian dagoen lekuetan.
    • Horretarako erabil daitezkeen materialak: beira ionomeroa eta konpositea.
  • Tratamendu inbaditzaileak:
    • Odontologoaren eskuduntza.
    • Aurreko guztiak aplikatu ondoren hipersentikortasuna arintzen ez bada, guztiz inbaditzaileak diren neurriak hartu behar dira: pulpektomia, protesi finkoa (hortz guztia estaltzen dute, agerian dagoen dentina barne) eta kirurgia (atzeratze gingibala dagoenean, hortzoi-mentuak eginez).

Prebentzioa

Pazientearentzako aholku prebentiboak

Pazientearen hipersentikortasuna eragin dezaketen faktore edo ohiturak saihestea. Adibidez:

  • Bruxismoaren tratamendua (deskarga ferula).
  • Gasa duten edo azidoak diren edari/jakien kontsumoa murriztea.
  • Oka eragiten duten gaixotasunen kontrola.
  • Aho eta hortzetako higienerako jarraibide egokiak gomendatzea:
    • Bakterio-plakaren pilaketa ekiditea.
    • Eskuila eta eskuilatze teknika egokia erabiltzea.
    • Eskuila egokia erabiltzea: leuna, zuntzen puntak borobilduak dituena.
    • Hortz haria era egokian erabiltzea.
    • Abrasibotasun txikiko dentifrikoa erabiltzea, eta kantitate txikietan.
    • Elikagai edo edari azidoak kontsumitu ostean, urarekin ahoa garbitzea eta eskuilatu aurretik 30 minutu itxarotea.

Profesionalentzako aholku prebentiboak

  • Hortz profilaxiak eta RARak egiterakoan kontuz ibiltzea, zementua kentzeko arriskua dago eta.
  • Tindaketak kentzerakoan, dentina agerian duten eremuak ez leuntzea gehiegi.
  • Periodontoaren espazio biologikoa ez inbaditzea tratamendu odontologikoak egiterakoan.
  • Zuriketa tratamenduak kontu handiz eta neurriz erabiltzea, eta ondoren hipersentikortasunaren aurkako dentifrikoak gomendatzea.

Obturazio Teknikak

Materialaren prestaketa

  • Behin leundu beharreko gainazala identifikatu ondoren, egingo den leunketaren araberako leuntzailerik egokienak erabakiko dira.
  • Horretarako, kontuan edukiko dira: leundu beharreko materiala (amalgama/erretxina konposatua) eta beharrezkoa den leunketa mota.
  • Leuntzaileak biratze-tresnan sartzen dira (normalean kontra-angeluan edo turbinan moztu behar denean).

Leunketa

Erretxina konposatua leuntzeko teknika

Obturazioa amaitu bezain laster.

  1. Soberako material guztia moztu eta anatomia egokia eman diamantezko fresen bidez (ale lodiko fresekin hasi eta ale xehea duten fresekin amaitu).
  2. Obturazioaren leunketa lodia egin (Arkansas harrien bidez).
  3. Obturazioaren leunketa xehea egin (gomazko kopa edo silikonazko punten bidez).
  4. Eremu estetikoetan, distira aterako zaio obturazioaren gainazalari (diskoen bidez). Distira gehiago lortu nahi bada, leunketa pastak erabil daitezke.
Amalgama leuntzeko teknika
  • Zilar-amalgama leuntzeko 24 ordu itxaron behar dira obturazioa amaitu ondoren (guztiz gogortu arte itxaron behar da). Leundu aurretik, amalgamaren gainazalak itxura zimurtsua eta opakua dauka, eta leuntzen ez bada korrosioa gerta daiteke.
  • Kutsatze arriskua dago.

Teknika:

  • Erabateko isolamendua (zilar-amalgamazko zatiak ahoratu eta irensteko arriskua gutxitzen du).
  • Soberan dagoen materiala moztu eta anatomia egokia eman (tungsteno karburozko fresak erabiliz (12-30 mozteko xafla dituztenak eta sugar-formakoak). Abiadura baxuan eta ur-errefrigerazioarekin).
  • Eremu gingibalean dauden obturazioaren zatiak leuntzeko, erabili silikonazko kopak (presio txikia eta ur-errefrigerazioa).
  • Distira lortzeko, erabili gomazko kopak.
Leunketaren baliozkotzea

Behin leunketa bukatuta, esplorazio-zunda batekin, obturazioaren ertz guztiak berrikusi. Egiaztatu:

  • Leundu gabeko zatirik ez dela geratu.
  • Soberako materialik edota koskarik ez dagoela.
  • Hortza eta obturazioaren arteko hutsunerik ez dagoela.

Obturazioaren ertzak berrikustearekin batera, oklusioa zuzena dela egiaztatu:

  • Interferentziarik ez obturazioa egin zaion hortzaren eta antagonisten artean (artikulatze orria goiko eta beheko hortzen artean jarri eta pazienteari hozka egiteko eskatu). Kontaktuak margotuko dira:
    • Kontaktu normalak intentsitate txikiarekin agertuko dira.
    • Ez-ohiko kontaktuak edo gehiegizko kontaktuak, intentsitate handiagoarekin agertuko dira.
  • Gehiegizko kontaktuak berriz leundu, kontaktu guztiak intentsitate berdinekoak izan arte.

Aeroleuntzaileak

Ura eta sodio bikarbonatoa presioz botatzen duten gailuak dira. Leunketa leuna eragiten dute hortzaren gainazalean, gehiegi higatu gabe. Beren aplikazioak hortzen estetika hobetzen lagun dezake (ez dute zuritzaile funtziorik). Tindaketen ezabatzean eraginkorrak dira. Hortz lepoetan kontu handia eduki behar da, hipersentsibilitatea eragin baitezakete.

Entradas relacionadas: