Hiri Kontzeptuak, Garapena eta Populazioaren Azterketa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,37 KB
Hiri Kontzeptu Nagusiak
- Hiria
- Biztanle askoko eta jarduera ekonomiko handiko gunea. Espainian, 10.000 biztanletik gora.
- Urbanizazio-prozesua
- Hiriak haztea eta inguruko eremuetara zabaltzea, populazioa eta jarduera ekonomikoa bertan biltzen direlako.
- Metropolialdea
- Hiri nagusi batek eta haren inguruko udalerriek osatutako hiri-aglomerazioa.
- Landa-hiria
- Landaren eta hiriaren arteko eremua, bi inguruneen ezaugarriak nahasten dituena.
- Konurbazioa
- Bi hiri edo gehiagok bat egitean sortutako hiri-aglomerazio jarraitua (adibidez, Bilbo eta inguruko herriak).
- Megalopolia
- Eskualde-esparrua gainditzen duen hiri-multzoa (adibidez, Espainiako Mediterraneoko ardatza).
- Mugimendu pendularrak
- Biztanleen eguneroko joan-etorriak, normalean etxetik lanera edo ikastetxera.
- Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO)
- Udalerrien hiri-garapena arautzen duen tresna juridikoa. Lurzoruaren erabilera, sailkapena, eraikuntza-dentsitatea eta ingurumen-neurriak zehazten ditu.
Industrializazio Garaiko Hiri Garapena
Industrializazioak nekazari asko erakarri zituen hirira, eta hiri asko harresi zaharretatik kanpo hedatu ziren. Hiri gehienek harresiak bota zituzten eta haien lekuan pasealekuak edo zumardiak eraiki zituzten, alde zaharra eta hiri berria bereiziz.
Zabalgune burgesa
Zabalgune burgesek burgesiaren nahiei erantzun zieten: plano erregularra zuten, higienea zaintzen zen, espazio berdeak zeuden, eta burgesiak lorategidun jauregitxoak eraiki zituen bizitzeko. Lehenengo zabalguneak hiri dinamikoenetan egin ziren, hala nola Bartzelonan, Madrilen, Bilbon eta Donostian. Denborarekin, zabalgunea hiriko erdigune bihurtu zen eta aldaketak jasan zituen: garraioa sartu zen (tranbia elektrikoa), parkeak ziren eremuetan eraiki zen, eraikinei altuera handiagoa eman zitzaien eta jarduerak tertziarizatu egin ziren.
Industria auzoak eta langile auzoak
Industria-instalazioak hirira sartzeko bide nagusien ondoan eta portu eta trenbide-geltokien inguruan kokatu ziren. Langileak, berriz, zabalgunearen inguruan sortutako auzo marjinaletan ezarri ziren.
Hasiera batean, planoak desantolatuak ziren, eraikuntzak txikiak eta kalitate gutxikoak ziren, eta etxebizitzak, industriak, lantegiak eta biltegiak nahasten ziren. Azpiegitura eta ekipamendu urriak zituzten, eta auzo horiek gaixotasun-foku bihurtu ziren. Lurzoruen balioa oso txikia zen.
Gaur egun, hiriak hazi egin dira, eta industria- eta langile-auzo horiek hiriaren erdian geratu dira. Horregatik, lurzoruak balioa irabazi du eta aldaketak gertatu dira: leku batzuetan, industria zaharkituak kendu dira eta haien ordez jarduera tertziarioak edo etxebizitzak jarri dira, balioa handituz (adibidez, Tabakalera). Beste leku batzuetan, eremu horiek zaharkituta eta marjinatuta geratu dira.
Lorategi auzoak
XIX. mendearen bukaeran eta XX.aren hasieran, naturara hurbiltzeko nahia sortu zen, osasunarentzat ona zelakoan. Ondorioz, lorategi-auzoak sortu ziren: etxe unifamiliarrak eraiki zituzten, bakoitza bere lorategiarekin.
Populazio Piramideen Azterketa (Espainia 2019, EAE 2008)
Sarrera
Grafiko hauek Espainiako 2019ko eta EAEko 2008ko biztanleriaren piramideak dira, sexuaren eta adinaren arabera banatuta. Populazioaren bilakaera eta demografia aldatu duten gertaerak aztertzeko aukera ematen dute.
Iruzkina
Piramidearen deskribapena
Populazio-piramideek erraboil-itxura dute: gazteen kopurua txikia da, eta adinekoen proportzioa, handia. Jaiotza-tasa oso baxua da, eta populazioaren hazkundea ia nulua da.
Interpretazioa
Sexuaren arabera, jaiotza-unean gizon gehiago dago, baina haien bizi-itxaropena baxuagoa da, lan gogorragoak egiten dituztelako, ohitura txarragoak dituztelako eta istripu gehiago izaten dituztelako. Adinaren arabera, populazioa zahartuta dago, eta gazteen kopurua ehuneko hogeita bostetik behera dago. Krisialdiek jaiotza-tasaren jaitsiera ekarri dute; hala ere, baby boom garaian jaiotako heldu ugari dago. Gerra Zibilaren osteko belaunaldiak, berriz, urriagoak dira.
Irregulartasunak eta arrazoiak
Populazioa zahartzen ari da, bizi-itxaropena handitu delako eta jaiotza-tasa jaitsi delako. Arrazoi nagusien artean daude krisialdi ekonomikoek eta lan-prekarietateak gazteen emantzipazioa zailtzea. Horrek bikoteek seme-alabak izatea atzeratzea edo saihestea eragin du. Familia-ereduak ere aldatu dira, eta gaur egun seme-alaba gutxiagoko familiak dira nagusi. Gainera, kontsumismoak eta bizimoduaren aldaketek ere jaiotza-tasaren beherakadan eragina izan dute, gizartean lehentasunak aldatu direlako eta bizi-maila hobetzeari garrantzi handiagoa ematen zaiolako.
Ondorioa
Espainiako populazioa Europako zaharrenetakoa da, eta horrek ondorio ekonomiko, sozial eta sanitarioak ekarriko ditu. Ondorio nagusiak hauek dira:
- Langile aktiboen kopurua gutxitzea eta pentsio-sistemaren jasangarritasuna arriskuan jartzea.
- Osasun-zerbitzuen eta adinekoentzako egoitzen beharra handitzea.
- Zahartzaroari lotutako zerbitzu gehiagoren beharra areagotzea.
Etorkizunean, immigrazioa eta familia sustatzeko politikak ezinbestekoak izango dira egoera hobetzeko.