Hezkuntzan Edukien Aukeraketa eta Ebaluazioa: Gida Praktikoa
Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,78 KB
Edukien Ezaugarriak
Transmititzea: Ikasleei gizartearen izaera definitzen duten gutxieneko jakintzak transmititzen zaizkie. Eskola ez da edukiak transmititzen duen eragile bakarra (familia, komunikabideak, aisialdi taldeak ere garrantzitsuak dira), baina eskola oso garrantzitsua da. Hortaz, edukiak gizarteko kide berriei transmititzeko aukeratzen dira.
Aukeratuak: Ikasgai tradizionalez (matematika, hizkuntzak) gain, gaur egun eduki berriak agertzen ari dira (teknologiak, bigarren hizkuntzak). Gizartearen inguruan sortzen den jakintza guztia ezin daiteke eskolan osorik landu, eskolaren ahalmena mugatua da. Horregatik, edukien aukeraketa oso garrantzitsua izango da eskolan. Aukeraketak askotarikoak izango dira, bakoitzak bere ezaugarriekin lotura gehien duen aukeraketa egingo du.
Kultur moduak eta jakintzak: Ez dira kontzeptuetan bakarrik oinarritzen. Lan-prozedurak eta balioak ere transmititzen dira edukien bitartez. Gaur egungo eskolak kultur ezaugarri hauek kontzienteki transmititzeko joera hartu du.
Irakaskuntzan beti daude edukiak: Egokiak edo desegokiak, erakargarriak edo aspergarriak izan daitezke, baina beti egongo dira edukiak. Irakaslea une oro ari da transmititzen, edukiak erabiltzeko modua ere transmititzea da. Garrantzitsua da honetaz kontziente izatea, irakasle izateko prozesua kontrolatzeko.
Erabaki-espazioa da irakasleentzat: Irakaskuntzaren kalitatea erabaki dezakete irakasleen erabaki hauek. Edukiak, kasu askotan, berreraiki eta berrinterpretatu behar dira eskolan. Egunero hartzen dira erabakiak: zer aukeratu gai honen lanketarako? Egokia al da gaia umeentzat? Bi irakaslek ez dituzte gaiak era berdinean jorratuko, nahiz eta biek gaitegi berdina izan oinarrian.
Elementu egituratzaile garrantzitsua: Programazioa eta unitatea diseinatzerakoan, elementu klabeetako bat izaten dira. Oraindik ere, edukiak programazioetako oinarrizko elementuak izaten dira. Hala ere, gaur egun, konpetentziak bezalako elementuek gero eta indar handiagoa hartzen ari dira. Eduki motaren eta ebaluazio motaren artean erlazio estua dago.
Edukiak eta Metodologia
Gaia: Edukiak
Definizioa: Ikasleei transmititzeko aukeratutako kultur moduak eta jakintzak dira.
Metodologia
Definizioa:
- Etimologikoki: Helburu batera iristeko bidea.
- Didaktikaren arabera: Logikaren arabera sistematikoki koordinatuta dauden teknika eta jarduera-multzoa, ikaslearen ikaskuntza helburu jakin batzuetarantz zuzentzeko.
Edukiak Aukeratzeko Irizpideak
Oinarrizko irizpideak:
- Umearen garapena eta aurretiko ezagutza eta trebetasunak.
- Diziplina, arlo edo esperientzia-eremu bakoitzeko aktualenak, garrantzitsuenak, adierazgarrienak eta transferigarrienak.
- Gure inguru fisiko eta sozialak eskatzen dizkigunak eta, nahi badugu, gizarte-errealitate hori aldatzekoak.
- Ikasleen behar eta ingurunera egokituak.
- Ikaslearen testuingurua garrantzitsua izango da edukiak aukeratzerakoan.
- Curriculum Ofizialeko edukiak.
- Ikasturtean zehar era ziklikoan agertzen diren gertaerak kontuan hartu: Olentzero, inauteriak...
- Gaitasunak landuko dituzten beste alor edo gaietara transferitu daitezkeen edukiak kontuan hartu.
- Bizitzako egoera errealekin konektatzen duten edukiak.
- Mundu mailako arazoekin lotura duten edukiak.
- Gizartean ezagunak izan diren aurkikuntza adierazgarriekin lotutako edukiak.
Ebaluazioaren Ezaugarriak
Hezkuntza-jardueraren berezko elementua da: Ohartzen ez bagara ere, gure eguneroko bizimoduan etengabe ari gara ebaluatzen. Hezkuntza giza jarduera da; beraz, ebaluazioa bereziki ematen da esparru honetan. Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuak ezinbestekoa du ebaluazioa, eta prozesu honi atxikiturik agertzen da.
Intuitiboagoa edo sistematikoagoa izan daiteke: Era intuitiboagoan ematen bada, unean uneko beharren arabera egiten da ebaluazioa, eta era sistematikoagoan, aldiz, aurrez garatutako eskemen arabera egiten da. Ebaluazioa inplizituagoa edo esplizituagoa izan daiteke ere. Ebaluazioak emandako informazioa gure baitan gorde dezakegu edo dokumentu ezberdinetan (idatziak, grabazioak...) jaso dezakegu.
Giza hobekuntzarako ezinbesteko tresna da: Giza praktika hobetzeko zein gizartea eraldatzeko behar-beharrezkoa da ebaluazioa. Ebaluazioan, praktikan ematen ari denaren informazioa jasotzen da, eta informazio horrek hobekuntza erraztuko du. Ez da bakarrik hezkuntzako jardueretan ematen, baina hezkuntzan indar handia dauka ebaluazioak giza hobekuntzari dagokionez.
Ez da helburua, bidea baizik: Ebaluazioa irakaskuntza-ikaskuntza prozesuan integraturik egon behar du, eta ez da amaierako helmuga moduan soilik ikusi behar. Ebaluazioaren helburu nagusia irakaskuntza hobetzea da; beraz, helburu horretara orientatu behar da ebaluazioa.
Hezkuntza-proiektuen ebaluazioa proiektuarekin integraturik egon behar du: Irakaskuntza-ikaskuntza prozesuarekin batera egiten den jarduera bat da, ez da banaturik ematen. Prozesu globalaren osagarri dinamikoa, jarraitua, sistematikoa eta malgua izan behar du.