Harrien Zikloa eta Lurraren Egitura: Konposizioa, Geruzak eta Prozesu Geologikoak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geología
Escrito el en vasco con un tamaño de 5,14 KB
Harrien Zikloa
Huttonek arrazoi zuen, sedimentuak harri bihurtzen baitira, eta harriak sedimentu bihurtzen baitituzte berriro agente geologikoek. Prozesu zikliko hori bi tokitan gertatzen da:
Lurraren Gainazalean
Harriak meteorizatu eta sedimentu bihurtzen dira. Sedimentu horiek garraiatu egiten dituzte agente geologikoek, eta arro sedimentarioetan metatzen dira.
Lurrazalaren Barruan
Materialak presio eta tenperatura altuan egon ohi dira lurrazalaren barruan. Bertan sedimentuak harri bihurtzen dira, eta harri horiek tolestu, osaeraz eta itxuraz aldatu, eta urtu ere egin daitezke.
Harriak tolesteari eta bolkanismoari esker erliebeak sortzen dira, Lurraren gainazalera eramaten baitituzte materialak. Subsidentzia duten arro sedimentarioetan sedimentuak metatzean, lurrazalaren barrura eramaten dira materialak.
Lurrazalaren Barrua
Lurrazalaren barruan, hiru faktore hauek aldatzen dituzte materialak:
Presioa
Harrien pisuaren eraginez, azkar handitzen da, sakonera handitu ahala. 12 km-ko sakoneran, 3000 atmosferatik gorakoa izan ohi da.
Tenperatura
Tenperatura ere handitzen da sakonerarekin batera: 3 ºC inguru 100 metroko. Balio hori aldatu egin daiteke, baina lurrazalaren oinarrian 1000 ºC-ko tenperatura dago, gutxi gorabehera.
Konpresio- eta Distentsio-Esfortzuak
Mantuaren higidurek sortzen dituzte esfortzuak, konprimitu eta luzatu egiten baitituzte lurrazaleko materialak.
Aipatutako hiru faktoreek aldaketa handiak sortzen dituzte lurrazalaren barruan dauden materialetan:
- Diagenesia: Sedimentuak harri sedimentario bihurtzen dira presioaren eta tenperaturaren eraginez, sedimentuko osagaiak trinkotzen eta zementatzen baitituzte.
- Metamorfismoa: Presio eta tenperatura altuetan egoten diren harriek izaten dituzten aldaketei deritze metamorfismoa. Harriak ez dira urtzen. Horrela sortzen dira harri metamorfikoak.
- Magmatismoa: Harriak urtu eta magma sortzen dute. Magma konsolidatzen denean, harri magmatikoak sortzen dira.
Harriak aldatu, sedimentu bihurtu eta sedimentuak berriro harri bihurtzen dituzten prozesuen multzoa da harrien zikloa.
Gradiente Geotermikoa eta Lurraren Barruko Beroa
Lurraren barrualderantz tenperatura handitzeari gradiente geotermiko deritzo.
Gradientearen batez besteko balioa 3 ºC-koa da, gutxi gorabehera, ehun metroko sakonerako (30 ºC, sakonera-kilometro bakoitzeko). Eremu batzuk hotzagoak dira, eta haietan gradientea txikiagotu egiten da; eremu beroetan, berriz, handitu.
Gradiente geotermikoaren eragilea Lurraren barruko beroa da. Lurraren barruko beroaren zati handiena duela 4000 milioi urtetik gora sortutako hondar-beroa da.
Lurraren Osaera eta Egitura
Lurrak ondo mugatutako hiru geruza ditu: nukleo metalikoa; mantu harritsua; eta lurrazala, harritsua eta dentsitate txikikoa.
Lurrazala
Lurrazala geruza harritsu mehe eta solidoa da. Bi geruza mota daude, elkarren artean oso desberdinak:
- Azal Kontinentala: Hainbat lodiera du azalak, 30 kilometroko lodieratik 70 kilometrora artekoa. Kontinente-masak sortzen ditu, eta granitoz osatuta dago, batez ere. Eremu askotan, harri sedimentuz estalita dago azal kontinentalaren gainazala.
- Azal Ozeanikoa: 10 kilometroko lodiera du, gutxi gorabehera. Ozeanoen hondoak osatzen ditu, eta basaltoz eta gabroz eratuta dago. Bi horien dentsitatea granitoarena baino apur bat handiagoa da.
Mantua
Mantua geruza harritsua da, eta lurrazalaren azpian dago. Nukleoaren gainazaleraino iristen da, 2900 kilometroko sakoneraino. Peridotitaz bakarrik osatuta dago ia. Peridotitaren mineral nagusia olbinoa da. Bi zati ditu mantuak:
- Goi-Mantua: Lurrazalaren oinarritik 670 kilometroko sakonera arteko zatia da.
- Behe-Mantua: 670 kilometrotik nukleoaren gainazaleraino, 2900 kilometroko sakoneran, iristen da.
670 kilometroko sakoneran, behar adinako presioa dago peridotitaren mineralak trinkotzeko, eta, horrela, askoz dentsitate handiagoa du peridotitak. Hori dela eta, behe-mantuak goi-mantuak baino dentsitate handiagoa du.
Nukleoa
Nukleoa metalez osatuta dago. Kalkuluen arabera, nukleoaren %85 burdina da, %5 nikela, eta %10 elementu ez-metalikoak, batez ere, silizioa, oxigenoa eta karbonoa. Osaera hori dute siderito deritzen meteorito metalikoek.
Nukleoak bi zati ditu; biek osaera bat dute, baina ez daude egoera fisiko berean:
- Kanpo-Nukleoa: 2900 kilometroko sakoneratik, hau da, mantuaren oinarritik 5150 kilometrora arteko zatia da, eta likido-egoeran dago. Uraren antzeko jariakortasuna du, eta konbekzio-korronte indartsuek astintzen dute. Korronte horiek sortzen dute Lurraren eremu magnetikoa.
- Barne-Nukleoa: 1220 bat kilometroko erradio duen esfera da, eta solido-egoeran dago.