Gizarte Politikaren Oinarriak: Ongizatea eta Berdintasuna

Enviado por Chuletator online y clasificado en Psicología y Sociología

Escrito el en vasco con un tamaño de 24,39 KB

1. Gizarte Politikaren Oinarriak

1.1. Sarrera

Gaiaren Delimitazioa

Lan honetan, gizarte-politikaren definizioa eta oinarriak azalduko ditut, besteak beste: gizarte-politika zehazteko zailtasunak, gizarte-politikaren aurrekariak, gizarte-politika eta estatu sozialaren harremana, gizarte-politika eta ongizate-estatuaren harremana, gizarte-politikaren berdefinizioa eta gizarte-politikaren funtsak.

Gaiaren Garrantzia/Interesa

Gizarte-politikek garrantzi handia dute gizartearentzat, nahiz eta gobernuek normalean ez dieten garrantzi handirik ematen, dimentsio ekonomikoa lehenetsiz.

Kontzeptu Nagusien Definizioa

  • Gizarte Zerbitzuak: Gizabanako ororentzako zerbitzu tekniko erregular eta jarraituak dira. Gizarte ongizatea eta inklusioa sustatzeko diseinatutako programa eta baliabideak.
  • Gizarte Politikak: Gizartean ongizatea hobetzea eta berdintasuna sustatzea helburu duten gobernu ekimenak dira.
  • Ongizate Estatua: Bigarren Mundu Gerraren ostean, mendebaldeko estatuetan garatutako egitura da. Enplegu osoarekiko sektore publikoaren konpromezua, gizarte-zerbitzuen estaldura unibertsala eta biztanle bakoitzarentzako gutxieneko diru-sarrera bermatzeko antolaketa soziopolitikoa.
  • Politika Ekonomikoak: Herrialde bakoitzeko agintariek ekonomiaren esparruan egindako ekintzak eta hartutako erabakiak barne biltzen ditu. Haren esku-hartzearen bidez, herrialdeko ekonomia kontrolatu nahi da, egonkortasuna eta hazkunde ekonomikoa emateko, haren funtzionamendu egokirako jarraibideak ezarriz.
  • Behar Sozialak: Gizarteak duin bizitzeko dituen arazo edo hutsuneak dira. Historikoki eraikiak eta sozialki hierarkizatuak.

Problematika

Gobernuek ematen dieten garrantzi txikia da, beste politika batzuei ematen dieten garrantziarekin alderatuta, gizarte-politikek berebiziko garrantzia duten arren.

Hipotesiak

Gobernuek duten baino garrantzi gutxiago ematen diete gizarte-politikei.

1.2. Garapena

Gizarte Politika Zehazteko Zailtasunak

Gizarte-politika zehaztea zaila da, zeren, Donatik dioen moduan, definizio bezainbat idazle daude eta ikerlari bakoitzak bere ikuspegi, balio eta arau propioak ditu. Definizio baten arabera, gizarte-politika behar sozialak asetzeko hartutako ekimen guztiak egituratzen eta egitaratzen dituen diseinu eta gauzapen bat da. Gizarte-politikaz ari garelarik, gizakien oinarrizko beharren araberako begirada kolektibo publiko arduratsu bat aipatzen ari gara; beharren artean: osasuna, hezkuntza, lana, eta, orohar, bazterketa sozialaren alderdi ezberdinak. Gizarte-politika, estatuaren eta, orohar, botere publikoen ardura da, nahiz eta erakunde pribatuek gero eta esku-hartze handiagoa izan. Gizarte-politikak herri bateko eragile sozialen arteko akordio batzuen ondorioa dira. Ongizatezko gizartea duten herri guztiek ez dituzte irizpide berak gizarte-politika osatzeko orduan, gertakizun historiko, eskaera sozial eta balio propioak direla eta. Horregatik, 1950eko hamarkadan beharrezkotzat jotzen zena ez da hain garrantzitsua gaur egun. Azken urteetan, ingurumenaren babesa, haurren babesa, etxebizitza, gizon eta emakumeen arteko berdintasuna edo helduen babesa funtsezkoak bilakatu dira.

Gizarte Politikaren Aurrekariak

Gizarte-politika esaera XIX. mende erditsuan erabiltzen hasten da, galdera sozialari aurre egiteko asmoarekin. Gizarte-politikek oso itxura ezberdinak hartu dituzte eta, gobernua liberala edo sozial-demokrata denaren arabera, osatutako plangintzak eta hartutako neurriak ezberdinak izango dira, nahiz eta bi modeloak hurbilduz joan. Gizarte-politikaren ideia estatuari lotuta badago, batez ere ongizate-estatuaren garapenari josia dago, alde batetik, gatazka sozialak saihesteko eta, bestetik, berdintasun soziala lortzeko. Horrela, funtsezkoak bezala ikusten diren arlo batzuetan, osasuna edo hezkuntza, estatuak pertsonen berdintasuna bermatzen du, nahiz eta ez modu berean kotizatu eta bakoitzak lanetik ateratako diru-sarreren arabera egin. Zentzu horretan, estatuak errol zergabiltzaile eta berbanatzailearen eginkizuna betetzen du eta horrek azaltzen du zergatik, herri batzuetan, xahupen sozialak Barne Produktu Gordinaren erdia osatzen duen. Espainian, adibidez, xahupen publikoa %25etik %47ra igo da, horien artean xahupen sozialek toki handia betetzen dutelarik.

Oro har, gizarte-politika testuinguru berezi batean sortzen da, bere garapena lau faktorek lagunduta: estatu sozialaren kontzeptua, ongizate-estatua (Welfare State), ordena sozial eta ekonomikoaren ikuspegi liberala zein sozialdemokrata. Bosgarren faktore bat gehitu ahal zaio, Espainian bereziki: ongizate sozial kolektiboa lortu nahi duen elizaren dotrina soziala.

Gizarte Politika eta Estatu Soziala

Gizarte-estatuaren sorrera, eskubideko gizarte-estatuaren jarraian suertatzen da, langile mugimenduen mobilizazioekin. Batetik, estatuaren presentzia eskatzen dute lan egiteko eskubidea bermatzeko eta, bestetik, estatuaren demokratizazioa galdetzen dute. Monarkia sozialaren testuinguruan suertatzen da, non estatuak, maila batean behintzat, behar sozialak asetzea bere gain hartzen duen.

Estatu soziala lehenik agertu da Alemaniako Errepublika Federalaren Oinarrizko Legean (1949). Bere 20. artikuluan, Alemaniako Errepublika Federala, estatu federala, demokratikoa eta soziala bezala definitzen da. 1978ko Espainiar Konstituzioa artikulu horretatik inspiratu da, zeren, bere lehen artikuluan, zuzenbidezko estatu sozial eta demokratiko bat bezala definitzen da. Azken finean, estatu soziala ulertu behar da ohiko estatuaren egokitzapen bat bezala, gizarte industrializatuari eta bere aukera tekniko zein ekonomikoei. Eraldaketa horretan eta XIX. mendearen amaieran, gizarte-politikek biztanleriaren zati behartsuena babestu nahi izan dute.

Estatu soziala, estatuaren bidez, gizartearen egituratze prozesu bat bezala aurkeztu daiteke, gizarteak estatua egituratzen duen une berean. Estatu liberalaren oinarrizko baloreak: askatasuna, jabetza indibiduala, berdintasun formala, berme juridikoa eta biztanleen parte-hartzea diren bitartean, estatu soziala balore horiek gauzatzen ahalegintzen da, oinarri eta eduki materialak emanez. Eskubide formaletik eskubide materialetara igarotzen denez, gizabanakoa eta gizartea ez dira ez banatuak ez kontrajarriak, uztartuak baizik.

Nahiz eta gizarte-politikaren lehen irabazleak behartsuenak eta baztertuak izan, politika horrek gizarte osoa hunkitzen du. Bere eginkizunetan sartzen dira:

  1. Gizakiaren bizitza hedatzeko helburua duten sistema konplexuak garatzea, osasun edo hezkuntza sistemak esaterako; jakinik, bere eraikuntza zaila izateaz gain, bere mantenua garestia dela.
  2. Gizartearen osagai ezberdinen funtsezko alderdiak ziurtatzea, esan nahi baita behar berriak agertzen direla, halanola, ondasun naturalen agortzea, gizartea osatzen duten taldeen zatiketa, bortizkeria arraza edo sexu-erasoen agerpena.
  3. Laguntza sozial batzuk bermatzea, besteak beste, testuinguru ekonomikoaren arabera berrikusi daitekeen gutxieneko lansari bat finkatzea, pertsona bakoitzari lan bat ematea, lan iraunkorra proposatzea edo elbarrituak ez direnei arreta eta laguntza eskaintzea eta, batez ere, enplegatuen eta langileen bizi itxaropena ematea.

Gizarte Politika eta Ongizate Estatua

Gizarte estatua, ongizate-estatuatik bereiztu behar da, zeren edozein ongizate-estatu estatu sozial bat bada, estatu sozial guztiek ez dute, nahitaez, ongizate-estatuaren itxura hartzen. Zentzu horretan, ongizate-estatua, estatu-politikaren osagai bat da eta gizarte-zerbitzuei norabidetutako aurrekontuen bidez neurtu daiteke, baita kostuen bitartez ere.

Keynes-en teorien ildotik, Europa mendebaldeko gizarteetan, ongizate-estatua honako funtsen gainean oinarritu da: gobernuek eskubidea eta betebeharra dute biztanle bakoitzari bizitzeko behar duen gutxienekoa emateko. Helburua ez da hainbeste erabateko berdintasuna lortzea, baizik eta ezberdintasunak murriztea funtsezkoak diren arloetan.

Horrek inplikatzen du estatuaren ekintzak hiru oinarri edukitzea: 1) merkatu-ekonomia erregulatzea, modu aktiboagoan esku hartuz eta goi-mailako lan egonkorra lortuz, 2) modu publiko eta berdinean, izaera unibertsala duten gizarte zerbitzuen zerrenda anitz bezain oparo bat bultzatzea, 3) estatuak gizarte-zerbitzuetan oinarritutako segurtasun-sare bat edukitzea, eskaerei erantzun ahal izateko, bakoitzaren diru-sarreren arabera; sare horien eginkizuna ezohizko beharrei erantzutea eta behartsutasun-adierazpen larrienak desagerraraztea delarik.

Misha-ren arabera, ongizate-estatuaren hiru helburu nagusiak dira: enplegu osoa lortzea, izaera unibertsaleko gizarte-zerbitzuak proposatzea eta sistema sozialari segurtasuna eskaintzen dion laguntza sozial sare bat ukaezina sortzea. Bestela esanda, estatu sozialak, behartsutasunaren ohartarazpenean eta aringarrietan eta herritar guztien gutxieneko bizi-maila baten mantenuan, gobernuaren papera instituzionalizatu du. Argi dago, XX. mendearen bigarren erdian, Europako herri gehienek indar handiak egin dituztela ongizate soziala hedatzeko.

Pentsamolde Nagusien Eraginak

Azken urteetan, gizarte-politikari buruzko hausnarketak bi norabide hartu ditu: liberala eta sozialdemokrata, beti ere ongizate indibiduala eta kolektiboa uztartuz. Eztabaida, estatuaren paperari eta eginkizunei buruz, estatuak merkatuarekin eta gizarte zibilarekin dituen harremanei buruz edo, indibidualak eta kolektiboak diren erakundeei buruz, pribatuak eta publikoak diren erakundeei buruz, izan da.

  1. Liberalen gogoetak gizarte-politikaren aurrean:

Ikuspegi liberalaren jatorrian XVIII. mendeko pentsalariak daude, Adam Smith ekonomista eta Madison zein Hamilton, amerikar demokraziaren sortzaileak. Nahiz eta anitzak izan, tesi liberalak honela laburbildu daitezke:

  1. Sektore publikoaren garapena eta, ondorioz, estatuaren presentzia gero eta handiagoa, bai gizartean eta bai ekonomian, kritikagarriak dira ikuspegi askotatik.
  2. Esku-hartze egitarau tinkoak garatzen dituen gizarte-politikak ekimen pertsonalak mugatzen ditu, baita merkatuaren indarren jokoak ere.
  3. Estatuaren eginkizun zuzentzaileak, gizabanakoen berdintasuna suposatuz, behartsutasunak eta ezberdintasunak areagotzen ditu.
  4. Hobe da merkatua askatasun osoz ibiltzen uztea eta gizarte zibilaren ekimenak ez oztopatzea, pertsona bakoitzak bere hoberena eman dezan.
  5. Denborarekin, ekonomia garatuko da estatuaren esku-hartzea mugatuz eta denentzako ongizate eta aberastasun handiagoa bermatuz.

Gaur egun, Friedmanek eta Hayekek ideia horiek babesten badituzte, beste batzuek kokapen epelagoak dituzte, esaterako, Galbraithek ekonomian eta Dahrendorfek soziologian. Azken hauek estatuaren esku-hartzea muga batzuen barruan kokatzea proposatzen dute, gizarte-politikaren mugetan alegia, miseriaren eta behartsutasunaren aurka eraginkortasun gehiagorekin eragiteko. Hala ere, denak ados daude esateko gizabanakoak, aukera-berdintasunen sistema batean, askatasun osoa eduki behar duela, emaitzen berdintasunarekin itsutu gabe. Hori dela eta, gizarte-politikaren helburua aukera indibidualen hobekuntza bermatzea da. Beraz, diskurtsu neoliberalaren arabera, gizarte-politika, askatasun indibiduala mugatzen duen sistema bat da, burokraziaren eraginkortasun eza eta xahupen publikoaren hazkundea ahaztu gabe. Planteamendu zuhurrenek gizarte-politika egokitu nahi dute, meritua, emankortasuna eta profesionaltasuna kontuan hartuz eta aukeren berdintasun-espiritua bultzatuz.

2. Gizarte-politikaren bultzada sozialdemokrata:

Ikuspegi sozialista batetaz hitz egitea baino, komeni da modelo sozialdemokrata batetaz mintzatzea, zeren bi egoera politiko ezberdinei lotuta daude: 1) erabateko planifikazioa suposatzen duen ikuspegi sozialista 1989an krisian sartzen da eta, gaur egun, hirugarren munduko herri gutxi batzuek gauzatzen dute, Kuba edo Ipar Korea adibide direla, 2) aukera sozialdemokrata, aldiz, Europa mendebaldean nagusi da, bere garaian alderdi sozialista zein komunistek erabaki baitzuten iraultza alde batera uztea, erreforma-prozesua hobesteko, legebiltzar-sistema batean, non alderdi eta norabide politiko ezberdinak lehian dauden. Zentzu horretan, Europako ongizate-estatua ikuspegi honen ondorioa da.

Egia esan, ikuspegi sozialdemokratararen arabera, ongizate-estatuaren garapena klase-borrokaren ondorioa da, betiere legebiltzar-demokraziaren arauak errespetatuz. Mishra-k, Korpi-k eta Esping-Andersen-ek hori bera diote. Batez ere, pentsalari anglo-saxoientzat, gizarte-politikak gizabanakoen ongizatea bilatzen duen esku-hartze publiko eta kolektiboa inplikatzen du, ahal den neurrian, berdintasun eta segurtasunetik hurbiltzeko. Merkatua ezberdintasunen sortzailea denez, gizarte-politikak, integrazio eta batasun soziala bilatzen duten erakundeen itxura hartuz, ondasunen eta errenta eskuragarrien mekanismo banatzaile eta berbanatzaileak indartzen ditu. Ikuspegi sozialistak, gizartea osotasun eta egitura handi bat bezala ikusteaz gain, kokapen sozialen banaketa zehazten du, batzuek eta besteek adierazten dituzten ongizate-eskaera bereziei buruz hausnartu aurretik. Ekoizpena, gizabanakoak betetzen duen kokapen sozialak erabakitzen du, sistema hierarkizatu batean, non emaitzak ezberdinak diren; gizarte-politikaren helburua ezberdintasun horiek desagerraraztea edo, gutxienez, mugatzea delarik. Emaitza horretara iristen da ekoizpen-sistemaren egitura erabat aldatuz. Beraz, ongizate-estatuetan gauzatzen den gizarte-politika mekanismo erregulatzaile arrunta baino gehiago da, zeren bertan agertzen dira merkatuak sortzen dituen tinkatzeak eta bidegabekeriak.

Gizarte Politikaren Modeloak

Lehen tipologia:

Tipologia honen arabera, gizarte-politikek honako ezaugarriak dituzte: karitate gisa, kontrol sozialaren berme bezala, berrekoizpen sozialaren mekanismo gisa eta herritarren eskubide sozialen gauzapen gisa.

  1. Gizarte-politika karitate bezala: Gizarte-politika honek kutsu karitatibo bezain laguntzailea duenez, gogoeta etiko-politikoen gainean oinarrituta dago, batez ere behartsutasunean, txirotasunean eta baztertuta dauden pertsonak laguntzeko asmoz, pertsona horiek ez baitira besteekin lehian sartzeko gai. Modelo hau osagai komunitario, humanitario eta unibertsalean oinarrituta dago, herritartasun edozein gogoetatik urrun eta herritarren eskubide kolektiboak alde batera utziz. Kasu honetan, gizarte-politika une bateko sendagaia da.
  2. Gizarte-politika kontrol sozialaren berme gisa: Bigarren joera batean, gizarte-politika bere helburu nagusiaren bidez definitzen da: kontrol soziala ziurtatzea. Politika horren bidez, modu erregulatuan, biztanleriaren zati baten bizi-baldintzak bermatzen dira, ordena soziala dagoen bezala mantentzeko asmoarekin, baita bakea eta integrazioa ere. Gizarte-politikaren bitartez, indar ekoizleak eta ez-ekoizleak harremanetan jartzen dira, sistemaren oreka arriskuan jarri gabe. Historikoki, gizarte-politika hau garai bati eta klase sozial batzuei lotuta dago, aristokrazia lehenik eta burgesia bigarrenik. Langileei eta behartsuei gutxieneko bat emanez, lana eta soldata, bake soziala erosi nahi dute, klase-harremanak mantenduz.
  3. Gizarte-politika herritarren eskubide sozialen gauzapena gisa: Modelo honen arabera, gizarte-politikaren helburua pertsonen eskubide sozialak bermatzea da. Eztabaida politiko-ideologikoetatik urrun eta eragile guztiak kontuan hartzen dituen ikuspegi orokor bat edukiz, gizarte-politika gizarte osora norabidetzen da.

Tipologia bat denez, argi dago, errealitatean, modelo horiek nahasten eta gurutzatzen direla, zeren gizarte-politika guztiek osagai etikoak, estatu-esku-hartzeak, egitura-aldaketak, kontrol eta ordena sozialak eta berrekoizpen sozialak dituzte.

Bigarren tipologia:

Baina gizarte-politikak beste modu batean sailkatu daitezke, beste irizpide batzuk hartuz. Lau modelo bereizten dira: soberakin modeloa, modelo eskuratze-egilea, modelo instituzional-berbanatzailea eta modelo orokorra.

  1. Soberakin modeloa: Ikuspegi honen arabera, bi bide nagusi daude gizabanakoen beharrak normalki asetzeko: merkatu pribatua eta familia. Definizio horretatik abiatuz, gizarte-politikari lotutako erakunde sozialek soilik esku hartu behar dute bi eragile horiek huts egiten dutenean. Zentzu honetan, pertsonei erakutsi behar zaie nola beraien arazoak konpondu ditzaketen botere publikoei dei egin gabe. Titmuss-en arabera, gizarte-politikaren ikuspegi hau gizartearen ikuspegi organizista bezain mekanizista bati lotuegia dago, nahiz eta ekimen pribatua errespetatu.
  2. Modelo eskuratze-egilea: Behar sozialak gizakiaren merituaren eta egintza-gaitasunaren arabera ase behar dira. Gizarte-politikari lotutako erakunde sozialak sistema ekonomikoaren erakunde klasikoen laguntzaile txikiak bezala ikusi beharko lirateke, soilik gizabanakoaren ongizatea eta bermea faboretuz, aberastasun orokorra laguntzen duten neurrian. Modelo hau indarra eta saria hobesten duen teoria psikologiko eta ekonomikoan oinarritzen da.
  3. Modelo instituzional-berbanatzailea: Ikuspegi honen arabera, gizarte-politika funtsezko balorea izateaz gain, gizartean integratuta dagoen erakunde batean oinarritzen da, merkatuaren alboan zerbitzu unibertsal bat osatzeko, beti ere beharraren printzipioaren gainean finkatuz. Modelo honek berbanaketa-sistema bereziak bereganatzen ditu eta istripuengatik arazo sozialak dituzten pertsonak lagundu nahi ditu, ongizate-estatuaren kaltetuak bilakatuz.
  4. Modelo orokorra: Erabateko planifikazioaren modeloak ongizate hutsarekin loturarik ez duten irizpideak baztertu nahi ditu. Esku-hartze egitarau publiko eta sozial baten bidez, ezagututako eta sozialki zilegiak diren beharrak ase nahi ditu.

Gizarte Politikaren Berdefinizioa

Gizarte-politika estatu-nazio modernoaren sorrerarekin agertzen da, herri baten lurralde-batasunarekin, talde sozial nagusi baten izaerarekin, diruaren mobilizazioarekin, babes-tresna batekin, mugen egonkortasuna bermatzearekin eta bortizkeriaren monopolio zilegiarekin. Testuinguru horretan, gizarte-politika gizarte zibilaren eta estatuaren aldaketekin batera garatu da, baita ideologia batzuen agerpenarekin ere, zoriontasun, ongizate edo bizi-kalitate baloreak hedatu direlako. Hortik aurrera, ezingo da gehiago ongizate indibiduala ongizate kolektibotik bereizi. Gizabanakoa eta gizartea, baita pribatua eta publikoa ere, uztartu izanak ematen dio gizarte-politikari bere konplexutasuna.

Denborarekin, gizarte-politika autoritario eta paternalista izatetik, bere alderdi zapaltzaile eta karitatiboekin, demokrazia moderno batera igaro da, gizarte-politika eta estatua lotuz, eta gizarte-politika sistema politiko-administratibo batean, legedi eta egitarauen kudeaketa zein garapenarekin josiz. Kasu guztietan, gizarte-politika garatu da sistema ekonomikoak sortzen dituen ondorio sozial latzak aldatzeko eta zuzentzeko. Hori dela eta, social policy-aren definizio pragmatiko bat garatu da: ongizate indibidual eta kolektiboa bermatu nahi duen esku-hartze publikoa, sistema ekonomikoa ez baita gai gizabanakoen beharrak asetzeko; bere bidez, harreman sozial zein komunitarioak mantentzen eta, beharrez, indartzen direlarik.

Gizarte Politikaren Funtsak

Ricardo Montororen aburuz, hurrengo urteetan osatuko eta ondoren gauzatuko den gizarte-politikak honako oinarriak eduki beharko lituzke: 1) ongizate-estatuaren geroa, 2) behar sozialen zilegitasuna, 3) ongizate indibidual eta kolektiboaren arteko lotura, 4) merkatu-ekonomia sozialaren mugak eta gizarte-politika modernoaren emankortasun-eskakizuna, 5) familiaren eginkizuna, 6) indibidualismoaren burutapen berria, 7) legegilea eta ikuskaria den estatu berria.

  1. Ongizate-estatuaren geroa: Lehen arloa sozio-politikoa da, esan nahi baita ongizate-estatuaren osagai, neurri eta ikuspegiak hobesten dituela, zeren gizarte-politika guztiak ongizate-estatuaren garapenaren eta krisiaren kokaleku historikoan kokatzen dira. Ongizate-estatuaren geroa finantza eta kultura-egoerek baldintzatzen dute, arriskua mozketak zein murrizketak izatea delarik, ekonomiaren globalizazioak sortzen dituen arazoei aurre egiteko. Europar Batasunaren integrazioak joera hori areagotu du, bortxazko defizit publikoaren, zor publikoaren eta inflazioaren beherakadarekin. Baina gizarte-politikak izaten jarraituko badu, bere edukiak aldatuko dira, estatuaren tokia, laguntza-ikuspegia, zerbitzu publikoen eskaintza eta xahupen publikoaren garapena kolokan jarriz.
  2. Behar sozialen zilegitasuna: Gizarte modernoetan, behar sozialen hasetze-eskaerak zilegitasun bat lortu du, estatuak bakarrik ez badu ere eginkizun hori bete behar. Gero eta gehiago, gizarte zibilak, elkarteen eta fundazioen bidez, esku hartzen du, baita ere familiek zein merkatuak.
  3. Ongizate indibidual eta kolektiboaren arteko lotura: Ezinezkoa da ongizate indibiduala ongizate kolektibotik bereiztea. Bien arteko lotura hain da estua, non bere desagerpenak arazo larriak sortuko lituzkeen.
  4. Merkatu-ekonomia sozialaren mugak eta gizarte-politika modernoen araberako emankortasun-eskaera: Ongizate-estatu modernoetan, behar sozialen hasetzea xahupen publikoaren emendatzearekin eta emankortasun-ezarekin lotu da. Joera hori agertzen da xahupen publikoaren bitartez eta errenta-politiken bidez, non estatuak eginkizun berbanatzailea betetzen duen, zergak erabiliz eta ekimen pribatua mugatuz. Zerbitzuek gero eta toki handiagoa betetzen dutenez, diru-laguntza eta emankortasun-eza logikak alde batera utziko dira, zerbitzuen emankortasuna bilatuz.
  5. Familiaren paper berria: Gizabanakoen beharrak bideratzeko eta asetzeko tresnarik hoberena familia bera da. Familiak langabezi-egoerak, seme-alaben heziketa eta bere kideen zailtasun-egoera guztiak bere gain hartzen ditu, bazterketa-egoerak maiz saihestuz. Familia da, zalantzarik gabe, gizartearen ordena eta oreka soziala arriskuan jar dezaketen desbideraketa sozial egoerei aurre egiteko modurik egokiena eta eraginkorrena.
  6. Indibidualismoaren gogoeta berri bat: Modelo administratibo-egilearen arabera, behar sozialak gizabanakoaren meritu eta egintza-gaitasunen arabera ase behar dira, ongizate-estatua oinarritzen duen printzipio unibertsala kritikatuz. Zahartzaroaren aurrean, gero eta gehiago, gizarte-politikak pertsonek beraien bizitzan bete dituzten postuak eta eduki dituzten diru-sarrerak kontuan hartzen ditu. Aitzitik, unibertsaltasunaren printzipioari eustea ezinbestekoa da.
  7. Legegilea eta ikuskaria den estatu berria: Testuinguru berrian, estatuak bere eginkizuna berriz definitu behar du, kontuan izanik soilik estatuak bi eginkizun behar den neutraltasun eta eraginkortasunarekin bete ditzakeela: merkatuak garatzen dituen mekanismoek huts egiten duten egoeretan laguntza eskaintzea eta, ahal bezainbat, bere gaitasun legegile eta ikuskariak erabiltzea, logika burokratiko, arrazional eta administratiboen bidez.

1.3. Amaiera

Beraz, bere ibilbide historikoan, gizarte-politika erabili da agertu diren arazo sozial larriak konpontzeko eta, bide batez, oreka kolektiboak mantentzeko. Hurrengo urte eta hamarkadetan, gizarte-politikak, ekimen indibidualak indartzeaz gain, eragile ekonomiko dinamikoak lagundu beharko ditu. Hori dela eta, zerbitzuen eskaintza publikoa eskaintza pribatuarekin uztartuko da, gizarte-politika koherente baten barruan, beraien osagarritasuna bilatuz.

2. Ondorioak

Lehen aipatu dudan moduan, gizarte-politikaren problematika nagusia gobernuek ematen dieten garrantzi txikia da, beste politika batzuei ematen dieten garrantziarekin alderatuta, gizarte-politikek berebiziko garrantzia duten arren.

Bestalde, gizarte-politikaren oinarriei dagokienez, gaiarekin bat datorren hipotesi nagusia gobernuek gizarte-politikari duten baino garrantzi gutxiago ematen dietela da.

Lan hau eginda, lehen aipatutako hipotesi nagusia egiaztatzen dela frogatu dezakegu. Hain zuzen ere, gobernuek egindako gizarte-politikak ez dira nahikoak behar sozialak asetzeko dituzten arazoak dituzten pertsonek bere beharrak asetzeko. Hori dela eta, gizarte-politikak ez dira nahikoak arazo sozialak pairatzen dituztenen egoerak hobetzeko. Gobernuek garrantzi handiagoa eman beharko liekete gizarte-politikei; horrela, gizarte-politika gehiago eta landuagoak egongo lirateke eta gizartearen egoera hobetuko zen.

Entradas relacionadas: