Gaixotasunen Epidemiologia: Kutsakorrak eta Ez-kutsakorrak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Biología

Escrito el en vasco con un tamaño de 10,88 KB

EZAUGARRI EPIDEMIOLOGIKO OROKORRAK

Epidemiologia, gaixotasunak gizakiengan duen banaketa eta haren maiztasuna zehazten duten faktoreak aztertzen dituen zientzia da. Definizio horren arabera, gaixotasun jakin baten epidemiologia deskribatzen denean:

  1. Biztanlerian gaixotasunaren existentzia kuantifikatu behar da adierazle desberdinen bidez.
  2. Gaixotasunak gehien eragiten dien gizabanakoen taldeak zehaztu behar dira.
  3. Gaixotasunari lotuta dauden faktoreak (arrisku-faktoreak eta faktore babesleak) eta gaixotasun bakoitzaren banaketan eragin dezaketen faktore determinatzaileak (arrisku-markatzaileak) zehaztu behar dira.
  4. Esku-hartze prebentibo eta terapeutikoen eraginkortasuna ebaluatu behar da.

1. Arrisku-faktoreak

Gaixotasun bat izateko probabilitatea handitzen duten kanpo-faktoreen multzoa da. Kanpokoak izanik, aldatu daitezke. Funtsezkoak dira lehen mailako prebentzioan.

Adibidez, alkoholaren kontsumoa arrisku-faktorea da ahoko minbiziarentzat, gaixotasun kardiobaskularrentzat eta gibeleko zirrosiarentzat. Biztanlerian patologia horiek agertzea prebenitu nahi bada, alkoholaren kontsumoa murriztu behar da.

Arrisku-markatzaileak

Aldatu ezin diren eta gaixotasuna izateko joera handiagoa zehazten duten pertsonen ezaugarriak dira, esate baterako, sexua, arraza, genetika edo adina. Gaixotasunen lehen eta bigarren mailako prebentzioa modu berezian egin behar da biztanleria-talde horietan.

Adibidez, genetika bularreko minbizian arrisku-markatzailea da.

Arrisku-adierazleak

Gaixotasunaren presentzia goiztiarra adierazten duten zeinuak dira. Horiek identifikatzeak interes handia du bigarren mailako prebentzioan, diagnostiko goiztiarrean.

Adibidez, C proteina erreaktiboa gaixotasun kardiobaskularraren adierazle gisa eta gaixotasun horren pronostiko-adierazle gisa erabiltzen da.

Prebentzio maila ezberdinak daude:

  1. Prebentzio primarioa: gaixotasuna ez agertzea da helburua. Populazioaren arrisku-faktoreekiko esposizioa kontrolatu behar da.
  2. Prebentzio sekundarioa: gaixotasunaren detekzio goiztiarra da helburua. Tratamendu goiztiarra eman eta pronostikoa hobetu behar da.
  3. Prebentzio tertziarioa: gaixoen tratamendu eta errehabilitazioa da helburua.

GAIXOTASUN KUTSAGARRIEN EPIDEMIOLOGIA

Gaixotasun kutsagarriak agente infekzioso espezifiko batek edo haren produktu toxikoek eragindakoak dira.

Infekzioa: Agente infekziosoak ostalari kutsakorra inbaditzen badu, edo bertan ugaltzen bada.

Infestazioa: Agente eragilea organismoan sartzen ez bada, gainazalean geratzen bada.

Agente infekziosoak bakterio, onddo, parasito, birus edo prioi mota desberdinak izan daitezke.

Gogoratu! Gaixotasun infekziosoaren eta gaixotasun kutsagarriaren terminoak ez dira nahastu behar. Mikroorganismo bat ostalarian sartzen denean eta kalteak sortzen dituenean sortzen dira gaixotasun infekziosoak. Organismo patogeno hori ostalari batetik bestera pasa badaiteke zenbait mekanismoren bidez, gaixotasun infekzioso kutsagarriaz hitz egingo genuke. Baina gaixotasun infekzioso guztiak ez dira kutsagarriak.

Gaixotasun kutsagarri gehienen intzidentzia eta prebalentzia jaitsi egin da azken mendean herrialde garatuetan. Garapen-bidean dauden herrialdeetan, berriz, mortalitate eta morbilitate handia eragiten dute, bereziki, biztanleria-talde ahulenetan, haurren eta pertsona nagusien artean.

Azken urteotan mundu mailan agertzen ari dira, herrialde garatuetan zein garatzeko bidean daudenetan, osasun publikoko benetako arazoak diren gaixotasun kutsagarri emergenteak eta birremergenteak. Hauek dira gaixotasun horiek:

  • Agente infekzioso berriek sortutakoak, hala nola, hegazti-gripearen birusak, COVID birusak, GIBak edo ebolaren birusak.
  • Lehendik ezagunak diren baina intzidentzia nabarmen handitzen ari diren mikroorganismoek sortutakoak, hala nola dengeak, elgorriak edo sukar horiak.
  • Dagoeneko desagertutzat edo kontrolatutzat jotzen ziren mikroorganismoek sortutakoak, hala nola, poliomielitisa edo tuberkulosia.

1. Gaixotasun kutsagarrien faseak

  1. Inkubazio-fasea: mikroorganismoa ostalarian sartzen denetik gaixotasunaren lehen zeinuak eta sintomak agertzen diren arteko aldia. Fase subkliniko ere deitzen zaio. Gaixotasun bakoitzak inkubazio-aldi bereizgarri bat du, baina aldatu egin daiteke faktore askoren arabera, adibidez, ostalarian sartu diren mikroorganismoen kopurua, hauen ugalketa-tasa edo ostalariaren egoera inmunologikoa. Aldi horretako lehen etapan, latentzia-aldia, ezin zaio infekzioa beste gizabanako bati transmititu, latentzia-aldiaren ondoren, fase klinikoan jarraitzen duen gaixotasunaren transmisio-aldia hasten da.
  2. Fase klinikoa: fase honetan zehar gaixotasunaren zeinuak eta sintomak agertzen dira, fase prodromikoa eta fase kliniko espezifikoa bereizten dira.
  3. Fase prodromikoan, gaixotasunaren lehen adierazpenak hasten dira, kasu gehienetan ez-espezifikoak direnak, hau da, berdinak prozesu infekzioso askotan. Normalean, sukarra, apatia, ondoez orokorra edo buruko mina agertuko dira.
  4. Fase kliniko espezifikoan, infekzioaren sintoma eta zeinu espezifikoak agertzen dira, baita sintoma prodromikoak ere, agerpen horiei eta datu analitikoei esker, gaixotasunaren diagnostiko zuzena egin daiteke.

Fase klinikoa igarotakoan, agente infekziosoaren eta ostalariaren erantzunaren arabera, honako egoera hauek gerta daitezke:

  1. Guztiz berreskuratzea: barizelan edo gripean bezala.
  2. Sekuela ezgaitzaileak: poliomielitisa, meningitis bakterianoa.
  3. Heriotza: ebolaren birusak eragindako infekzioa.
  4. Gaixotasun kronikoa: HIESa, paludismoa edo B hepatitisa. Infekzioa ostalari batengandik bestera transmititu ahal izango da latentzia-aldiaren ondoren inkubazio-aldian hasi ohi den eta fase prodromikoan eta fase kliniko espezifikoaren lehen egunetan mantentzen den transmisio-aldiko edozein unetan.

2. Kate epidemiologikoa

Mikroorganismo patogenoa ostalariarekin kontaktuan jartzea errazten duten bide eta sistemen multzoa da. Kate honetan lau elementu identifika daitezke:

  1. Agente eragilea: Gaixotasuna sortzen duen mikroorganismo patogenoa da.
  2. Ostalaria: Mikroorganismo patogenoa jasotzen duen izakia da. Ostalaria infektatzen duten mikroorganismo guztiek sarbide eta irteera bat izango dute. Sarbidea normalean digestio-aparatu edo arnasbidearen bidez izaten da, baina azal eta mukosaren bidezkoa ere izan daiteke. Behin ostalarian, mikroorganismoak ugaldu eta irteera bideetatik askatzen dira. Mikroorganismoa ostalariarekin kontaktuan jartzean gaixotasuna garatzea zenbait faktoreren araberakoa izango da. Behin kontaktu hori egondakoan, bi egoera desberdindu daitezke:
    • Gaixoa: inkubazio-epe baten ostean sintomak adierazten dituen izakia da. Gaixotasuna kutsakorra izanez gero, beste izaki batzuei transmititu ahalko die.
    • Eramailea: gaixotasuna sortzen duen agentearekin kontaktuan egon arren, ez ditu sintomak aurkezten. Hala ere, kasu batzuetan, gainontzekoei transmititu ahalko die gaixotasuna.
  3. Gordailua: Ostalaritik kanpo mikroorganismoa denbora luzez bizi eta ugal daitekeen eremua da. Gordailuak izaki bizidunak edo edozein material edo substantzia izan daiteke. Gaixotasun infekzioso bat kutsakorra denean, ostalariak berak jokatzen du gordailu bezala. Agente infekziosoa zein den jakitea gordailua nolakoa izango den identifikatzeko erabilgarria da.
  4. Transmisio-bidea: Mikroorganismo patogenoak ostalariarengana heltzeko erabiltzen duen bideari deritzo. Transmisioa zuzena edo zeharkakoa izan daiteke:
    • Transmisio zuzena: bi ostalarik kontaktu zuzena izandakoan ematen da. Kasu hauetan, gaixotasuna kutsakorra dela esaten da.
    • Zeharkako transmisioa: gordailuen bidezko transmisioa da, kutsatutako objektu, material edo eremuekin kontaktuan jartzean gertatzen da. Modu honetan transmititzen diren gaixotasunei gaixotasun transmitigarri deritze.

3. Gaixotasun kutsagarrien aurkezpenak

Populazio batean, gaixotasun kutsagarriek, gaixo kopuruaren arabera, aurkezpen ezberdinak izan ditzakete:

  • Kasu esporadikoak: infekzioaren kasu isolatuak ematen direnean, eraginpeko gizabanakoen kopuru txiki batera mugatzen da.
  • Epidemia-agerraldiak edo epidemia: populazio batean espero diren balioekin alderatuta, kasuen igoera esanguratsua gertatzen denean edo gaixotasunatik libre egon ohi den eremu batean gaixotasuna agertzen denean.
  • Endemia: gaixotasuna biztanleria jakin batean modu bereizgarrian agertzen denean, beste populazio batzuekin alderatuta, prebalentzia-tasa eta intzidentzia altuak izanik.
  • Pandemia: gaixotasuna populazio askotara aldi berean zabaltzen denean.

4. Gaixotasun kutsagarrien kontrola

Gaixotasun kutsagarriak kontrolatzeko, kate epidemiologikoko pausoetako edozeinetan jardun daiteke. Katea hausten bada, gaixotasuna ez da transmitituko.

  • Ostalaria: gaixoen tratamendua eta zaintza epidemiologikoa.
  • Transmisio-bidea: gaixoen isolamendua, babes-ekipamenduaren erabilera (muxukoak...).
  • Ostalari berriak/sentikorrak: prebentzio-neurriak, adibidez, txertaketak.

GAIXOTASUN EZ KUTSAGARRIEN EPIDEMIOLOGIA

Gaixotasun ez kutsakorrek (GEK) ezaugarri hauek dituzte komunean:

  • Sorreran ez da mikroorganismo patogeno bat agertzen.
  • Kausa anitzekoak dira.
  • Latentzia-denbora luzeak dituzte.
  • Ezin dira pertsonatik pertsonara transmititu.
  • Kasu gehienetan, iraupen luze eta bilakaera geldokoak dira.
  • Denboran zehar narriadura fisiko eta/edo mental progresiboa sortzen dute.
  • Osasun publikoko benetako arazoa dira.

Prebalentzia handieneko eta heriotza-tasarik handienak eragiten dituzten lau GEK-ak honako hauek dira: gaixotasun kardiobaskularrak, minbizia, arnas aparatuko gaixotasun kronikoak eta 2. motako diabetesa.

GEK guztien artean, minbizia da hurrengo urteetan gehien handituko den gaixotasuna.

Gizonezkoetan, minbizi ohikoenak biriketakoa, prostatakoa, kolonekoa, ondestekoa, urdailekoa eta gibelekoa dira.

Emakumetan, bularrekoa, kolonekoa, ondestekoa, biriketakoa, umetoki-lepokoa eta urdailekoa.

Entradas relacionadas: