Frankismoaren azken urteak eta oposizioaren gorakada
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 6,38 KB
Mugimenduaren Biltzarra eta errepresioa
Mugimenduaren Biltzarrera gonbidatu zituzten hainbat pertsona. Bertan, demokraziaren aldeko eta erregimena gaitzesteko adierazpena egin zuten. Baina, gobernuak gogor egin zuen barneko parte-hartzaileen kontra, eta batzuk espetxeratu egin zituen, eta beste batzuk, erbesteratu. Erreakzio horrek zalaparta handia eragin zuen Europako prentsan.
Francok, krisi hori aprobetxatuta, gobernu berria eratu zuen eta ministro berri batzuk izendatu zituen, baina Julian Grimauren exekuzioak denak berdin jarraitzen zuela frogatu zuen.
Mugimendu nazionalistak
Katalunian, indar demokratikoak bildu ziren, eta Euskadin, ETAren terrorismoak EAJ bazterrean utzi zuen. ETA, hain zuzen, EAJtik banandutako nazio-askatasunerako mugimendu iraultzailea zen.
Frankismoaren agonia
Francoren diktadura luzea amaitzear zegoen. Erregimenak ez zuen jakin askatasunak eskatzen zituen gizartea egokitzen. Ez zirudien irtenbiderik zegoenik, beti polizia-errepresioarekin erantzuten baitzuen, eta politikariek irtenbideak bilatzen saiatu ziren.
Erregimenaren barne tentsioak areagotuz joan ziren Francoren heriotzara arte, eta agerian geratu ziren zenbait legeren eztabaidan. Erregimenaren oraina eta Francorik gabe izan zezakeen etorkizuna ziren eztabaidaren funtsa. Eztabaida horretan, alde hauek zeuden: irekitasunaren aldekoak (Fraga), erregimena gizarte-errealitatera egokitu nahi zutenak; immobilistak, Gerra Zibiletik sortutako erregimenaren ezaugarriei eutsi nahi zietenak, inolako aldaketarik gabe; eta kontserbadoreak, erregimenak oinarriak aldatu gabe jarraitzeko egin beharreko erreformak baino ez zituzten onartzen.
MATESA eskandalua ustelkeria-kasu sonatu bat izan zen. Matesa ehungintzako makinak ekoizten jarduten zuen enpresa zen, babes zabala zuen politikarien artean eta erregimenaren babes ekonomikoa ere bazuen. Prentsa-lege berriari esker izan zen eskandaluaren berri, eta Matesa kasuak agerian utzi zuen teknokraten eta falangisten artean botereagatik zegoen borroka.
Erregimenak karlisten protestei aurre egin behar izan zien, Borboi-Parma familia Espainiatik bidali ondoren. Krisi orokorraren ondorioz, Francok joera bakarreko gobernu bat eratu behar izan zuen.
Frankismoak eboluziorako ezintasuna azaldu zuen, eta hori agerian jarri zen Burgosko prozesuan. Epaiketa horretan, ETAko zenbait kide heriotza-zigorrera kondenatu zituzten, polizia baten hilketagatik. Azkenean, diktadoreak kondenatuak barkatu behar izan zituen.
Erregimenaren ageriko krisiak areagotu egin zituen lan-gatazkak, oposizioaren presentzia, Elizarekiko tentsioa eta armadaren barruko gatazkak.
Francok gobernuko buruzagitza eta Estatukoa bereizi zituen, eta gobernuko presidente izendatu zuen Luis Carrero Blanco, bere konfiantzazko gizona. Hilabete gutxi batzuen ondoren, ETA talde terroristak Carrero Blanco hil zuen atentatu batean. Ondoren, Carlos Arias Navarro kontserbadorea izendatu zuen Francok gobernuko presidente, eta bere programa azaldu zuen Gorteetan, erregimena irekiko zela aginduz. Errealitatea, ordea, ez zen horrela izan, ez zelako agindutakoa bete eta Arias Navarrok porrot egin zuen.
Gobernuak aurre egin behar izan zien ekonomia-krisiari, ordena publikoari eta terrorismoari. Orduan, gobernuak terrorismoaren aurkako lege berri bat onetsi zuen.
Francok, zahartuta zegoenez, ezin zuen boterean zuzenean jardun, ondorioz, Caudilloaren amaiera igartzen zen. Terrorismoaren aurkako lege berriari jarraituz, ETAko kideak exekutatu zituzten, eta horren aurkako mobilizazioak egin ziren nazioartean, baina Francok, hala ere, ez zuen grazia-eskubidea erabili eta erregimena bakartuta gelditu zen. Caudilloaren jarraitzaileek berriro goraipatu zuten Oriente plazan. Beranduago, beste talde terrorista batek lehen atentatua egin zuen.
Kanpo-politikan ere nabaritu zen erregimenaren ahultasuna, deskolonizazioa bizkortu baitzen. Independentzia eman zitzaien Marokori, Gineari eta Saharari. Marokoko erregeak Espainiako krisia aprobetxatuz, mugako eremuen inbasio baketsu eta sinbolikoa egin zuen: Martxa Berdea. Espainiak ez zuen ondo erreakzionatu eta, gerraren beldur, Madrilgo Ituna sinatu zuen. Bertan, Espainiar Sahara Marokori eta Mauritaniari eman zien.
Franco 1975eko azaroaren 20an hil zen, berak egindakoak jarraituko zuelakoan. Baina, Francorik gabe, frankismoa ezinezkoa zen.
Euskadi, 1960tik 1975era
Euskadi etapa berri batean sartu zen, esparru guztietan, 1960tik aurrera: gizartean, ekonomian, politikan eta kulturan. Urte hartan onetsitako Egonkortasunerako Plana izan zen abiapuntua. Planaren ondorioz, atzerriko kapitalak heldu ziren, enpresa berriak sortu ziren, Araba industrializatu zen, eta milaka etorkin heldu ziren.
Industria astunaren hedapena izan zen Euskadiko ekonomia-hazkundearen oinarria. Urte horietako gertaera garrantzitsuenetako bat mugimendu kooperatibistaren sorrera izan zen: Arrasate izan zen mugimendu horren gune nagusia gazte batzuk ULGOR enpresa sortu zutenean. Aldi berean, mugimendu kooperatibistaren barruan, enpresak elkartuz joan ziren, Mondragon Kooperatiba Taldea sortu arte. Gaur egun, talde horrek enpresa asko ditu, eta gaur egun, mugimendu kooperatibista EAEko hiru probintzietara hedatu da.
Industrializazioaren bultzadaren ondorioz, bizimodu berriak sortu ziren, eta etorkin asko etorri ziren. Immigrazioaren ondorioz, Euskadiko biztanleria asko hazi zen.
Erbesteratu askorentzat, frustrazio-urteak izan ziren haiek. Geroago, beste kolpe latz bat jaso zuten, Agirre lehendakaria hiltzean. Jesus Maria Leizaolak ordeztu zuen, baina ez zuen Agirre bezalako karismarik. Diktadorea hil arte, erbesteratutako euskaldunak frankismoaren aurkako borroka eusten saiatu ziren.
Euskadi barruan, frankismoaren aurkako oposizioa areagotu egin zen aldi horretan, eta apaizek lan handia egin zuten oposizio horretan. Dokumentu bat argitaratu zuten, eta hor, frankismoaren zapalkuntza eta euskal herriaren eskubideen zapalketa salatzen zituzten. Horrez gain, liskarrak izan ziren gobernuaren eta apezpiku baten artean, apezpikuak euskal herriaren kultura defendatzeagatik.
Aldi berean, oposizioak protestak eta grebak antolatu zituen, eta errepresio gogorraren bidez erantzun zuen frankismoak.