Euskara Batua: Historia, Erabilerak eta Erronkak
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Lengua y literatura
Escrito el en vasco con un tamaño de 7,82 KB
Euskara Batua, Aukera Zuzena
Euskal Herria "euskaldunen herria" da etimologikoki. Gaztelaniaren dialektoak andaluza, extremeñoa eta leonesa dira. Espainian 8 dialekto eta 24 subdialekto daude. Franco hil ondoren (1975), eta handik urte batzuetara, euskarak ofizialtasuna lortu zuen. Euskaltzaindia izan zen euskara garatzeko eta bultzatzeko erakunde bakarra. 1968an, Bergarako kongresuan, Euskara Batua sortu zen. Eztabaidak eta haserreak piztu ziren batasunaren aldekoen eta aurkakoen artean. Borrokaren erdian, bi gauza kontrajarri balira bezala agertu ziren euskalkiak eta Batua. Gaur egungo gazteriaren zati handi batek Euskara Batua eta euskalkiak bata bestearen osagarritzat jotzen ditu.
Euskara Batuaren Beharra
Gaur egun, Euskara Batuaren beharra dago. Honako hauek dira Euskara Batuari esker eskuratu ditugunak:
- Leku guztietako euskaldunok eroso ulertzen diogu batak besteari.
- Edozein gairi buruz geroz eta erosoago hitz egiten dugu.
- Euskaldun berrien kopurua asko hazi da.
- Eremu erdaldunetara eta atzerrira zabaldu da.
- Euskara Batua nazio hizkuntza bilakatu da.
- Euskara prestigioko hizkuntza izatea lortu da.
Euskara Batuaren Oinarriak
Euskara Batuaren eredu estandarra erdialdeko euskalkian oinarritu zen. Hiru arrazoi mota daude aukera horren alde:
- Hizkuntza bera: Erdialdeko euskalkia da euskaldun guztietan ulerterrazena. Mendebaldekoa arrotza gertatzen da euskaldunik gehienentzat.
- Demolinguistikoa: Mendebaldean eta erdialdean dago gaur egun euskaldunen kopururik handiena.
- Soziolinguistikoa: XVIII. mendetik hona, euskara giputzak izan du prestigioa, eta Hego Euskal Herri osora zabaldu da haren eragina.
Nafarroari dagokionez, Bortzirietan, Malerrekan, Bertizaranen, Baztanen eta Sakanan nabari da euskararen aldeko jarrerarik biziena, baita "erdialdeko euskalkia" osatzen duten Araitz, Larraun, Basaburua eta Imotz eskualdeetan ere. Mendebaldeari dagokionez, berriz, Busturialdean, Arratian, Lea-Artibai eskualdean, Durangaldean eta Deba arroan dago euskararen indarra.
Euskara Batuak literatura tradizioa oso kontuan hartu zuen, eta aldaera lexikoak aukeratzeko orduan, adibidez, mendia / mendie / mendiya / mendixa / mendixe artean bat edo beste aukeratzeko orduan, bakoitzaren antzinatasunari eta literaturan izandako lekuari begiratu zitzaion. Hizkuntzaren gainerako atal guztietan zeuden horrelako zalantzak. Aditzean, adibidez, daukat / dauket / dakat. Literatura tradizioan bakoitzak egindako bidea eta bakoitzaren oparotasuna izan ziren kontuan. Horretarako, ezinbestekoa gertatu zen Koldo Mitxelenaren jakituria eta bere Fonética Histórica Vasca lan bikaina.
Euskara Batuko erabakien gainean dauden desadostasunak hitz jakin bat era batera edo bestera idazteari, hitz jakin bat itxura honekin edo harekin erabiltzeari, deklinabide atzizki hau edo hura aukeratzeari buruzkoak dira. Baina azaleko desadostasunak dira, egitura baita garrantzitsuena.
Euskara Batuaren Mugak eta Mugaz Gaindikoak
Euskaltzaindiaren erabakiak 1968ko Euskera agerkarian argitaratu ziren, eta Arauak bilduman azaldu dira berriro. Hiztunok gara gauzak geure erara moldatu ditugunak. Hiru ardatz nagusi ditu Euskara Batuak:
- Ortografia: Ortografia da Euskara Batuaren lehenbiziko ardatza. Herri / erri, ilun / illun, Gasteiztik / Gasteiz-tik, galdera marka esaldiaren amaieran ala hasieran eta amaieran idatzi behar ote dugun erakusten digu Euskara Batuak.
- Aldaera lexikoak: Aldaera lexikoen artean bat hautatzea da bigarren ardatza. Eskaini / eskeini, esan / erran. Euskalkian ari garenean, bertako aldaerak erabili ahalko ditugu. Eskubi (eskuin).
- Aditza: Aditz sistema bakarra zehaztea izan zen hirugarren ardatza. Naiz, zait, dit, dezaket aukeratu ziren, eta ez nas, niz, jat, zaut. Euskalkian ari garenean, bertako aldaerak erabili ahalko ditugu.
Hiru ardatz hauetan, arauak oso zehatzak dira. Beste arlo batzuetan ere erabatekoa da batasuna: erakusleetan eta lexikoaren zati batean, gehienbat hiztegi teknikoari (1), nazioarteko hitzei (2) eta nazioarteko toponomastikari (3) dagokionean.
- Hiztegi teknikoaren alorrean, maiztasun hitza nagusitu da, eta ez sarritasun / arduratasun.
- Nazioarteko hitzak direnean, beti erabili behar ditugu modu berean, bai Batuan eta bai euskalkian ari garenean. Souvenir idatziko dugu, eta ez subenir.
- Nazioarteko toponomastikan, Danimarka eta Aristoteles aukeratu dira, eta ez Dinamarka eta Aristote.
Laburbilduz, Euskara Batuan, lexikoan eta sintaxian askatasun handia daukagu. Hiztegi kontuan, muga bakarra jartzen du Euskara Batuak: ez bilatzeko hitzik beste hizkuntzen harrobian. Baina hori euskarak berak ezartzen duen muga da, ez Euskara Batuak. Beste muga bat: ez nahasteko euskalki batzuetako eta besteetako hitzik. Hori ez du debekatzen Euskara Batuak, baina bai zentzu onak. Bere euskalkian egitura horiek darabiltzanak eskubide osoz erabil ditzake Euskara Batuan.
Eskualdeetako Hizkerak
Hizkera berezia duten eskualdeak: kostaldea Lapurdin, Sakana Nafarroan, Debagoiena Gipuzkoan eta Durangaldea Bizkaian. Lan errazagoa da hitz eta esaldi jakin batzuk ikastea, aditz egitura osoa, eta fonetika eta intonazioa barneratzea baino. Gaur egungo gizarte egitura honetan, herriko hizkera erabiltzea baino egokiago gerta daiteke honen eta Batuaren tarteko bat moldatzea. Ipar Euskal Herrian, Batua onartu arren, ez dituzte bertako euskalkiak guztiz baztertu. Euskalkiaren izenean, hainbat berrikeria, bitxikeria eta, batez ere, frantseskeria sartu dira, eta horri ere muga jarri behar zaio.
Batua versus Euskalkia
Euskara Batuak 30 urte egin ditu, eta urte hauetan akats batzuk sumatu dira Batua erabiltzeko orduan. Batetik, norberaren hizkera utzi eta hizkera arrotz batean aritzea; eta, bestetik, jatorrizko hizkuntza alde batera utzi eta eskolakoa hartzea. Euskalkia erabiltzeko lau arlo zehazten ditu Koldo Zuazok:
- Aisialdia
- Irakaskuntza
- Herri hedabideak
- Administrazioa, batez ere udal eta foru esparruetakoa
Ezinbestekoa da lau arlo hauetako ordezkarien elkarlana, baita Euskaltzaindiaren esku hartzea ere. Euskararen osasuna (erabilera) hobetu behar da. Euskaldunok, Euskara Batua ezinbesteko tresna dugu.
Euskara Batuaren Helburuak eta Arrazoiak
1960ko hamarkadan, bi hutsune nagusi bete nahi izan ziren Euskara Batuaren bidez: leku urrunetako euskaldunek bata bestearekin euskaraz ulertu ahal izatea, eta gairik jasoenak ere euskaraz erabili ahal izatea. Euskara Batua bultzatzeko beste arrazoi batzuk ere baziren. Ez dugu zertan erdarara jo behar beste edozein euskaldunekin hitz egiteko.
Hiru Hiztun Multzo
Hiru hiztun multzo bereizi behar dira:
- Erdialdeko hiztunak: Gipuzkoako giputzak eta Nafarroako mendebaldekoak. Erdialdeko eremukoendako Batua ez da maila jasoagoko hizkera baino; beraz, ez dute horretan oztopo larririk ikusten.
- Euskaldun "berriak": Euskara Batua besterik ez dakitenak. Euren beharrizan guztiak asetzea lor dezakete. Dena den, Batua ikasita gero, hango edo hemengo hizkera ikasi eta bertakotzen direnak ere badira.
- Erdialdeko euskalkia ez den besteren bat hitz egiten dutenak: Betidanik erabili ohi duten euskara nabarmen aldentzen da eredu estandarretik. Kontua da sistemaren zati handi bat desberdina dela. Beraz, multzo honetakoena da arazoa.