Euskal Herriko Paisaien Analisia: Hiru Adibide
Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía
Escrito el en vasco con un tamaño de 8,1 KB
1. Landa Inguruneko Herrigunearen Eraldaketa
Izaera eta Elementuak
Izaera antropikoko paisaia da, ikusten diren elementu guztiak gizakiaren esku-hartzearen ondorio baitira: belardiak, zuhaixkak eta baso landaketak (elementu biotikoak), baita eraikuntzak eta azpiegiturak ere (elementu abiotikoak). Izaera naturala izan dezakeen bakarra, atzeko planoan ikusten den mendilerroa da.
Erliebea
Mendi hegal okertua ikusten da, orogenia alpetarrean altxatutako eta tolestutako mendigune batean kokatua, beraz, kareharrizko materialez egina, ziur aski.
Landaretza, Klima eta Ura
Landaretzari dagokionez, eraldatutakoa da; izan ere, landaretza-klimaxa ez da agertzen. Aldiz, gizakiak landatutako eta sortutako belardiak, larreak, fruta-arbolak eta baso-landaketak tartekatzen dira. Paisaia aztertuta, klima ozeanikoaren ezaugarriak daudela ondoriozta daiteke, hau da, negu eta uda leunak eta prezipitazio ugari eta erregularrak. Landaretza-klimaxa zuhaitz hosto-erorkorreko basoz (hariztiak) eta otalurrez osatuko litzateke.
Funtzioa
Landa ingurunean kokatutako herrigune bat da, sakabanatutako baserri eta bizitegi-eraikinekin. Beraz, agertzen zaizkigun funtzioak anitzak dira: batetik, landa eremuko funtzioak ditu, belardietan modu estentsiboan eta baso-landaketan intentsiboki landuak; bizitegi-funtzioa ere badu, etxebizitza mota ezberdinek osatzen dutena; eta, azkenik, azpiegitura funtzioko argindar-dorreak ere ikus ditzakegu.
Natura-Gizarte Harremana
Irudiak EAEko isurialde atlantikoko landa-ingurunearen ohiko paisaia erakusten du: landa-gune tradizional txikiak, hiriguneetatik eta jarduera ekonomikotik hurbil daudenez, urbanizaziorako erabili dira. Urbanizazio hauetan egindako eraikuntzen ezaugarriek paisaia horien izaera aldatzea, lurzoru artifizialaren azalera (urbanizatua) handitzea eta azpiegitura-sarea ugaritzea ekarri dute. Hala, hirian zabaltzen den eta lurraldean hedatzen den urbanizazio-eredua gero eta elementu kritikoagoa bihurtzen da jasangarritasunerako.
GAIA: Herri txikien identitatea galtzen ari da.
2. Azpiegituren Inpaktua Landa Ingurunean
Izaera eta Elementuak
Paisaiak hiru plano oso ezberdin ditu. Lehen planoan, isurialde atlantikoko paisaian ezagunak diren belardiak ikus ditzakegu, izaera antropikokoak eta elementu biotikoz osatuak. Bigarren planoan, baso landaketez estalitako mendiak zatitzen dituen obra handi bat da deigarriena; izaera erabat antropikoko planoa da, landaketak biotikoak eta baserria, bidea eta eraikitzen ari diren azpiegitura abiotikoak izango liratekeelarik. Azken planoan, Bianditz mendia atzematen da, izaera naturala duen inguru bakarra.
Erliebea
Lehen bi planoetan, mendi hegal aldapatsuak agertzen dira; orogeniak tolestutako mendiak eta haranak dira, eta labainketa prozesuak izateko arriskua dago. Atzeko aldeko planoan, kareharrizko mendi altxatua gailentzen da.
Landaretza, Klima eta Ura
Baserri inguruetako belardien atzean, hosto-erorkorreko eta baso-landaketa orbanak tartekatzen dira. Baldintza klimatiko euritsu eta leunengatik, hostozabalen baso mistoa dagokio landaredi potentzial gisa (hariztia) eremu osoan; aldiz, belardiak eta hosto-erorkorreko baso-landaketa orbanak tartekatzen dira. Atzeko planoan agertzen den mendian, estaietan antolatutako landaretza ere bereizten da, basoa, otalurrak eta larreak daudelarik.
Funtzioa
Paisaia abeltzaintzako eta basogintzako landa-inguruneari dagokio, funtzio landatarra izanik nagusiki. Baina komunikazio-azpiegitura batek zeharkatzen du (Abiadura Handiko Trena eraikitzen ari dira), beraz, zerbitzu-funtzio bat sortzen ari da.
Natura-Gizarte Harremana
Haran ugariz eta malda handiko hegalak dituzten mendiz osatutako erliebea da ingurunea, eta horrek edozein azpiegitura linean eraikitzeak ingeniaritza-lan handiak egitera behartzen du. Proiektu horiek diseinatu aurreko azterketek mehatxu bezala hartzen dute kontuan ezaugarri hori. Horrez gain, eraikuntza linealek sortzen dituzten naturguneen etendurak ere kaltegarriak dira biodibertsitatea babesteko hain garrantzitsuak diren korridore ekologikoentzat.
GAIA: Azpiegiturek inpaktu handiak eragiten dituzte.
3. Ibaiertzeko Espazioaren Okupazioa Hirigunean
Izaera eta Elementuak
Izaera antropikoa du eskuinaldeko etxebizitzetan, argi eta garbi, eta ibaiaren kanalizazioan ere gizakiaren esku-hartzea atzematen da. Elementu biotikoak dira landareak, abiotikoak etxebizitzak eta ibai-hondoko harriak, eta hidrikoa ur-lamina.
Erliebea
Irudian, ibai baten ibilgua ikusten da, ikus daitezkeen paisaiaren ezaugarriengatik Kantauri isurialdeari dagokion haran batean. Ibai higadura izan da modelatze prozesuan nagusi, eta, ondoren, ertz eskuina etxebizitzek okupatu dute.
Landaretza, Klima eta Ura
Landaretzari dagokionez, ezkerraldean (eskuinaldean gutxiago) ibaiertzeko baso bat dago, askotariko zuhaitz eta zuhaixkekin (zumarrrak, lizarrak, haltzak eta sahatsak). Paisaia aztertuta, klima ozeanikoaren ezaugarriak daudela ondoriozta daiteke, negu eta uda leunak eta prezipitazio ugari eta erregularrak. Landaretza klimaxa ibaierteko landaretza litzateke. Ur gorputza ibai baten erdiko ibilguari dagokio, momentuko emaria ez da ugaria, ibai-oheko materialak atzematen baitira.
Funtzioa
Paisaia hiri espazio bati dagokio; bertan, eskuineko aldean, bizileku funtzioa betetzen duten etxebizitzak daude, eta, ezkerraldean, basoak funtzio naturala mantentzen du.
Natura-Gizarte Harremana
Gure lurraldeko jarduera antropiko ohikoenetako bat jasotzen du paisaia honek: ibaiaren espazioaren okupazioa; batzuetan, lautada alubialak okupatuz, eta, beste batzuetan, ur-laminaraino helduz. Horrek ibai sistema arriskuan jartzen du, eta, gaur egun, babes neurriak areagotu dira. Bestalde, ibaien funtzionamendu naturalak eraikitako eremuetan eragin dezake, uholdeak eta kalteak sortuz inguruko eraikinetan.
GAIA: Ibaiaren prozesu naturalak eten egin ditugu.
4. Parke Teknologikoaren Paisaia
Izaera eta Elementuak
Paisaia erabat antropikoa da, oro har, atzealdean ikusten den mendilerroa izan ezik. Hiru motatako osagaiak identifika daitezke: abiotikoak, eraikin eta bide sareetan; biotikoak, gizakiak landatutako landaredi eta soroetan; eta hidrikoak, aintzira artifizial eta ur-biltegian.
Erliebea
Lautada bat da, ezaugarri nagusia lautasuna izanik, nahiz eta muino txiki batzuk bereizten diren. Ez du orogeniarik jasan, eta margaz (material bigunez) osatutako erliebea da. Atzematen den modelatze bakarra ibai formei loturikoa da (Zadorra ibaia).
Landaretza, Klima eta Ura
Bi eremu bereiz daitezke paisaia honetan. Batetik, lehen planoan agertzen den parke teknologiko inguruko landaretza antropikoa, hau da, lorategietan landatutakoa. Bigarren planoan, landa-soroak eta hosto-erorkorreko baso orban txikiak tartekatzen dira. Eremu honetan, klima eta erliebeari erantzunez, landaredi potentziala erkameztia eta haritza izango lirateke. Inguruneko paisaia aztertuta, klima ozeaniko eta mediterraneoaren arteko trantsizioko eremua dela ondoriozta daiteke; euri ugari eta erregularrak izango dira, baina udako lehortea gerta daiteke, eta kontinentalizazio kutsua izango dute udak eta neguek. Ikusten diren ur-gorputzak artifizialak dira, giza ekintza bidez eraikitako ur-biltegiak.
Funtzioa
Funtzio ekonomikoa du nagusiki, industriak, zerbitzuek eta azpiegiturek osatzen baitute paisaia, oro har. Ezaugarri eta egituragatik, Ikerketa, Berrikuntza eta Garapenarekin (I+G+B) lotuta egon daiteke.
Natura-Gizarte Harremana
Teknologia parkeak ikerketan, garapenean eta berrikuntzan oinarritutako industria dibertsifikazioaren aldeko apustua izan dira. Kalitate-inguruneetan dauden espazioak dira, eta teknologikoki aurreratuta dauden hainbat sektoretako enpresak hartzen dituzte. Euskadik nazioartean lehiakorra izateko helburuak finkatu ditu, eta, horretarako, I+G-n inbertitu behar da. Funtzio horiek garatzeko, kalitatezko urbanizazio espazioak egin ohi dira, paisaia eraldatu arren, berdeguneak mantenduz eta inguruan ahalik eta inpaktu bisual gutxiena eginez.