Euskal Antzerkiaren Hastapenak: Barrutia eta Etxahun

Enviado por Chuletator online y clasificado en Latín

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,14 KB

Barrutia: Euskarazko lehen antzerkigile ezaguna

Pedro Ignazio Barrutia Araban jaio zen, Aramaio herrian, 1682an, eta Arrasaten bizi izan zen. Arrasateko eskribau izan zen 1710 ingurutik hil zen arte, eta beste hainbat kargu izan zituen herri horretan. Bere lehengusina batekin ezkondu zen, eta horretarako, Aita Santuaren baimen berezia eskatu behar izan zuen. Zazpi seme-alaba izan zituzten. Barrutia idazlea izan zela badakigu Gabonetako Ikuskizuna antzerki-obra agertu zelako. Ez dakigu gehiago idatzi zuen edo ez. Arrasaten hil zen, 1759an.

Gabonetako Ikuskizuna: Obra Bakarra

Barrutiaren obra bakar bat iritsi zaigu: Acto para la Nochebuena (Gabonetako ikuskizuna). Ez dakigu noiz idatzi zuen zehazki. Eskuizkribua XIX. mendearen bukaeran agertu zen eta 1879an argitaratu zen lehen aldiz. Jesusen jaiotzaren inguruko gertakizunak kontatzen dira obran, baina modu berezi batean. Belen agertzen da, eta Ama Birjina eta San Jose, eta aingeruak eta artzainak, eta baita deabru batzuk ere. Baina horiekin batera, Arrasate agertzen da eta Arrasateko zenbait pertsonaia; Mari Gabon eta Grazioso, besteak beste.

Egitura Bikoitza

Egitura bikoitza du obrak. Bi leku, bi denbora eta bi pertsonaia eta gai mota tartekatzen dira: Arrasate eta Belen; I. mendea eta XVIII. mendea; Bibliako pertsonaiak eta pertsonaia herrikoiak; gai erlijiosoak eta satirikoak.

Obraren trikimailu hori sinplea da, baina abilezia handikoa. Horrek pentsaraz dezake obra modernotzat jo daitekeela eta Barrutiaren teknikak berritzaileak zirela, baina hori ez da egia. Horrelako obrak ugariak ziren Europan.

Teatro erlijioso erromanikoaren generokoak ziren. Jakintza erlijiosoa eman nahi zioten jende xehe eta ezjakinari eta, horretarako, ironia eta egoera barregarriak erabiltzen zituzten. Umorearen bidez doktrina zabaltzen zuten asmoa.

Etxahun: Olerkari erromantikoa, kantuan eta bizitzan

Bizitza zaila izan zuen, gorabeheraz betea. Zuberoan jaio zen, Barkoxe herrian, 1786an. Txikitatik ez omen zuten asko maite izan familian. Gaztetan, Maria etxeko neskamearekin maitemindu zen; neska haurdun gelditu zen, baina familiak ez zion utzi Etxahuni harekin ezkontzen, eta etxe oneko neska batekin ezkonarazi zuen. Etxahun harekin ezkondu zen gogoz kontra, herentzia ez galtzeko. Emazteak beste gizonekin engainatzen omen zuen. Herentzia gehiena, gainera, bere anai bati eman zioten. Etxahunek, egun batean, lagun bat aizkoraz zauritu omen zuen, emaztearen amorante bat zelakoan. Espetxean eman zituen hainbat urte. Irten zenean tiro bat bota omen zion beste gizon bati. Harrapatu zuten, eta heriotza zigorra eskatu zuten. Eroarena eginez, errugabe atera zen. Erromara eta Santiagora joan zen erromes. Iruzurra eginez saiatu zen herentziako ondasunak berreskuratzeko (paper faltsuak lortu zituen). Harrapatu zuten eta eroarena egin zuen berriz epaiketan. Iloba batekin gatazka bat izan eta begi bat galdu zuen tiro batez. Ondasun guztiak galduak zituen ordurako. Artzain, eskean, otordu trukean bertsoak kantari eta bertso-paperak saltzen ibili zen azken urteetan. Bizitzako azken egunetan Barkoxera itzuli zen, seme baten etxera, 1862an hil zen.

Entradas relacionadas: