Estatuen Antolaketa Politikoa eta Lurralde-Antolamendua
Enviado por Chuletator online y clasificado en Matemáticas
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,79 KB
Estatu Demokratikoak
Estatu demokratikoetan edo zuzenbide-estatuetan, boterea banatuta dago, pertsona edo talde bakar batek estatu osoa kontrola ez dezan:
- Parlamentuak botere legegilea du (hots, legeak onartzen ditu) eta gobernua kontrolatzen du.
- Gobernuak botere betearazlea du. Horrek esan nahi du legeak ezartzen dituela eta herrialdea administratzen duela.
- Epaileek botere judiziala dute: herritarrek eta erakundeek legeak bete ditzaten arduratzen dira.
Herritarrek gobernuan parte hartzen dute. Denek zuzenean parte hartzea zaila denez, ordezkari batzuk aukeratzen dituzte haien ordez goberna dezaten. Hauteskundeetan aukeratzen dituzte ordezkariak, sufragioaren edo botoaren bidez. Adin nagusiko herritar guztiek dute aukera bozkatzeko eta hauteskundeetara aurkezteko.
Hauteskundeek zenbait baldintza bete behar dituzte. Hauteskundeetara aurkezten diren pertsonek edo alderdi politikoek aukera izan behar dute askatasunez erakusteko beren programa, zentsurarik gabe. Hauteskundeak aldizka egin behar dira, pertsonak ez daitezen boterean betikotu, eta emaitzak garbiak direla bermatu behar da.
Zuzenbide-estatu batean, pertsona guztiek errespetatu behar dituzte legeak. Konstituzioa da lege gorena. Bertan zehazten da estatuaren forma eta arautzen dira pertsonen eskubideak eta betebeharrak.
Monarkiak eta Errepublikak
Estatuburutzat errege bat duten estatuak dira monarkiak. Erregeak jaiotza-eskubidez eskuratzen du bere kargua, eta ondorengoei transmititzen die. Diktatoriala edo demokratikoa izan daiteke monarkia.
Bi motatako monarkia demokratikoak daude:
- Monarkia konstituzionala, baldin eta monarkak gobernu-zereginetan parte hartzen badu, betiere konstituzioan ezartzen den heinean.
- Monarkia parlamentarioa, baldin eta monarka bada estatuburua, baina gobernu-zereginik egiten ez badu. Esaterako, Espainia monarkia parlamentarioa da.
Estatuburutzat presidente bat duten estatuak dira errepublikak. Diktadura diren errepubliketan, talde boteredunek aukeratzen dute presidentea; errepublika demokratikoetan, aldiz, herritarrek aukeratzen dute.
Bi motatakoak izan daitezke errepublika demokratikoak:
- Errepublika parlamentarioa, baldin eta parlamentuak aukeratzen badu estatuburua, eta estatuburua eta gobernuburua ez badira pertsona bera.
- Errepublika presidentzialista, baldin eta estatuburua eta gobernuburua pertsona bera badira eta herritarrek zuzenean aukeratzen badute estatuburua. Esaterako, Estatu Batuak errepublika presidentzialista bat da.
Estatuak, Erlijioaren Arabera
Erlijioak estatu barruan duen lekuaren arabera, badaude estatu laikoak, konfesionalak eta teokratikoak.
- Estatu laikoetan, erabat bananduta daude erlijioa eta estatua. Herritarrek nahi duten erlijioa izan dezakete, edo ezta bat ere, eta legeak ez dira oinarritzen erlijio-doktrina batean.
Batzuetan, estatuek hitzarmenak egiten dituzte erlijio batzuekin, eta abantaila batzuk ematen dizkiete, tradizioz garrantzia izan dutelako gizartean.
- Estatu konfesionaletan, badago erlijio ofizial bat, pribilegio ugari dituena.
Badaude estatu konfesional demokratiko batzuk (Erresuma Batua, Suedia eta Danimarka, kasu). Estatu horietan, zilegi da beste erlijio batzuk praktikatzea. Dena den, estatu konfesional gehienetan, debekatuta dago erlijio ofiziala ez den beste edozein erlijio praktikatzea.
- Estatu teokratikoek badute erlijio ofizial bat, erlijio-liburuak dira legea, eta erlijiosoek eragin handia dute politikan. Estatu horietan, debekatuta dago beste erlijio batzuk praktikatzea.
Estatuaren Lurralde-Antolamendua
Estatuak lurralde-unitate txikiagotan antolatzen dira, lurraldea hobeto administratzeko. Banaketa horiek izen jakin bat dute herrialde bakoitzean: autonomia-erkidegoak, kantonamenduak, departamenduak... Horregatik, estatu batean, bi gobernu-erakunde mota egon ohi dira: estatukoak, eta eskualdekoak eta tokikoak.
- Estatuko erakundeek estatuaren lurralde osoari eragiten dioten erabakiak hartzen dituzte. Estatuko erakundeak dira parlamentu nazionala, herrialdeko gobernua eta auzitegi gorenak.
- Eskualdeko eta tokiko erakundeek beren lurralde-eremuari (eskualdeari, probintziari, udalerriari...) eragiten dioten erabakiak soilik hartzen dituzte.
Estatuko erakundeen eta eskualdeko eta tokiko erakundeen arteko harremanak nola antolatzen diren, estatu zentralizatuak eta estatu deszentralizatuak bereiz ditzakegu.
Nekazaritza-Paisaien Elementu Definitzaileak
Abeltzaintza-paisaietan, lursailen tamainak, formak, mugek eta ustiapenak eta ustiapen-sistemari lotutako beste alderdi batzuek moldatzen dute nekazaritza-paisaia.
Baso-paisaietan, zuhaitz-espezieak (koniferoak, hostotsuak, etab.) definitzen du nekazaritza-paisaia.