Estatu Frankistaren Sorrera eta Bilakaera (1936-1975)

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,4 KB

Sarrera

Frankismoa, 1936tik 1975era bitartean Espainian ezarritako erregimen politikoa, hainbat faktoreren ondorioz finkatu zen: militarra (Europa mailan ospe handia zuen), nazioartekoak (faxismoaren garaia), barnekoak (lehiakiderik eza) eta erlijiosoak (Elizak altxamenduaren alde egin zuen).

Erregimenaren Ezaugarri Ideologikoak

Erregimenak erreferentzia ezberdinetako ezaugarri ideologikoak zituen: sistema totalitarioa, zentralista eta tradizionalista zen. Diktadura pertsonala eta autoritarioa zen, sistema parlamentarioaren aurkakoa. Antikomunismoa eta militarismoa oso nabarmenak ziren, militarrek ordena publikoaren erantzukizuna zutelarik. Nazionalkatolizismoa errotu zen, pentsaera nazional-katoliko erradikalarekin. Azkenik, korporatibismo faxista zegoen, nazional-sindikalismoa izenekoa.

Erregimenaren Oinarriak

Hainbat erakunde izan ziren erregimenaren oinarri. Armada horietako bat zen: goi-mailako kargu militarrak txertatu ziren politika, administrazio eta ekonomia erakundeetan. Alderdi bakarra zegoen, FET eta JONS (Falange Española Tradicionalista y de las JONS). Eliza Katolikoak estatu-kolpea eta gerra zibila legitimatu zituen, eta erregimena babestu zuen. Estatuko erlijio ofiziala bihurtu zen, diru publiko kopuru handiak eta hezkuntzaren kontrola lortuz.

Gizarte-eliteak diktaduraren alde egon ziren: lur-jabe handiak, industriako enpresariak, finantzetakoak, probintzietako burgesia txikia eta iparraldeko nekazari asko ere. Oinarri politikoak falangistak, karlistak, monarkikoak, katolikoak eta militarrak ziren, “erregimeneko familiak”, eta Mugimendu Nazionala osatzen zuten.

Franco estatuburua, alderdi bakarreko burua, eta armadako burua (jeneralisimo) izan zen. Botere betearazlea, legegilea eta judiziala kontrolatzen zituen. Ez zuen inoiz konstituzio bat egin. Diktaduraren legitimizazioa “Demokrazia Organikoan” oinarritu zen. Bere gobernua instituzionalizatzeko lege konplexuak aldarrikatu zituen:

  • Lanaren Forua (1938): sindikatu bakarra ezarri zuen.
  • Gorteak eratzeko Legea (1942): erregimena finkatzeko legea zen. Gorteak eztabaidak egiteko ziren, baina Francoren kontrolpean.
  • “Itxura liberaleko legeak” egin ziren isolamendutik ateratzeko asmoz:
    • Espainolen Forua (1945): itxurazko eskubideen aldarrikapena.
    • Erreferendumaren Legea (1945).
    • Estatuko Burutzako Ondorengotzaren Legea (1949).
  • Mugimendu Nazionaleko Printzipioen Legea (1958).
  • Zapalkuntza eta errepresioa bideratzeko legeak:
    • Erantzukizun Politikoen Legea (1937).
    • Masoneria eta Komunismoaren Errepresiorako Legea (1940).

Errepresioa eta Oposizioa

Despolitizazio handia egon zen: erregimena irauteko lagungarrienak izan ziren zapalkuntza eta kontzientziazio politiko eza, propaganda eta hezkuntza erabat kontrolatuta zeudelarik. Errepublikano ugarik erbestera alde egin zuten: sozialistak, komunistak, anarkistak eta nazionalistak, besteak beste.

Errepublikarren aurka bideraturiko bortizkeria luzatu zen gerra osteko lehen urteetan zehar, eta etengabeak izan ziren fusilamenduak, espoliazioak, errekisak, garbiketa administratiboak, bortxazko lanak, irainak, zigorrak eta espetxeratzeak. Beldurra nagusitu zen, eta jendea isiltzera ohitu zen. Eskualdeen berezitasunak debekatu zituzten.

Bigarren Mundu Gerra amaiera aldera, faxistak galduko zirelakoan, erregimena desegiteko itxaropenak areagotu ziren. Anarkistek eta komunistek gerrilla-ekintzak (makia) burutu zituzten, baina errepresio gogorra jasan zuten.

Erbestean zeuden alderdi politikoek klandestinitatean jarduten zuten Espainian. Unibertsitate, sindikatu eta lan esparruetan sartu ziren. Oposizioa txikia izan zen, gobernuak egiten zuen errepresioa oso indartsua zelako:

  • PCEk (Partido Comunista de España) benetako oposizioa bultzatu zuen.
  • Sozialisten artean banaketa zegoen.
  • CNT-FAI barne-liskarrak zituen.
  • Monarkikoek joko bikoitza bideratu zuten.

Oposizioaren bilakaera fase ezberdinetan eman zen. 1944-49 bitartean, makiak nabarmendu ziren. 1946tik aurrera, langile-borroka suspertu zen, greba orokorrak bultzatuz. Hermandades Obreras de Acción Católica eta Juventudes Obreras Católicas langile-erakunde kristauak gero eta garrantzi handiagoa izan zuten. Ikasle-mugimendua sortu zen, eta 1956-57an, erreboltak gertatu ziren Madril eta Bartzelonako unibertsitateetan.

Nazioarteko Harremanak

Bigarren Mundu Gerran zehar (1939-1945), Espainiak neutraltasun-estatusa aldatu zuen: ez-beligerante izatera pasa zen, eta babes logistikoa emango zien Alemaniako armadei. 1941eko SESBren inbasioarekin batera, boluntarioz osatutako dibisio bat bidaltzea erabaki zen komunismoaren aurka borrokatzeko (Dibisio Urdina). Gerra norabidea aldatzean, neutraltasun-ituna (1943) sinatu zen, AEBen laguntza ekonomikoa gal ez zedin.

Gatazka amaitzean, Espainia isolatuta gelditu zen nazioartean, gerran izandako jarrera aldakorrengatik eta erregimen antidemokratikoa izateagatik. 1946an, Espainia Nazio Batuetatik kanpo utzi zuten, eta merkataritza-harremanak ahalik eta gehien murrizteko eskatu zen. Frantziarekin zuen muga itxi zen. Herrialde demokratikoek Espainiatik enbaxadoreak atera zituzten. Baina mendebaldeko interes ekonomikoak zirela eta, isolamendua ez zen erabatekoa izan.

Gerra Hotzarekin (1947-1991), Estatu Batuek Espainia aliatu antikomunistatzat hartu zuten, Espainiaren kokapen geografiko estrategikoa aprobetxatuz. AEBk eta Espainiak Madrilgo Ituna sinatu zuten (1953): Marshall Planaren (laguntza ekonomikoa) hondarrak jaso ziren, eta elikagai gehiago heldu ziren. Espainiak lau base militar eskaintzen zituen (Rota, Torrejon, Zaragoza, Moron); SESBk eraso egitekotan, Espainiako gobernuari baimena eskatu gabe armada estatubatuarra irtengo zen. 1950eko hamarkadan, Espainia nazioarteko erakundeetan sartzen joan zen (OME, UNESCO, NBE, …).

1953an, Konkordatua sinatu zen Vatikanoarekin. Elizak hainbat eskubide lortu zituen: Estatuaren konfesionaltasuna, eragina gizarte osoan, hezkuntzaren kontrola, elizgizonen soldatak Estatuak ordaintzea, etab.

Ekonomia Autarkikoa

Frankismoaren helburua ekonomia autarkikoa ezartzea zen, burujabea, kanpoarekiko inolako mendekotasunik gabea. Baina ezegokia zen, industria-atzerapenagatik eta energia-iturri gutxi izateagatik. Politika nazionalista, protekzionista eta interbentzionista finkatu zen. Estatuak kanpo-merkataritza kontrolatu zuen, eta salmentak kontrolatzen zituen.

Industriaren sustapen nazionala eman zen, Industria Nazionala Babesteko Legearekin (1939). Ekonomia prestakuntza gutxiko agintarien zuzendaritzapean geratu zen. 1941ean, Industriaren Institutu Nazionala (INI) sortu zen. Sektore estrategikoak bultzatu ziren, enpresak sortuz: IBERIA, ENSIDESA (siderurgia), ENDESA (energia elektrikoa), etab. Telefonia (CTNE) eta trenbideak (RENFE) nazionalizatu ziren. Herri-lanak egitea sustatu zen: urtegiak, ur-jauziak, trenbideak, etab. Nekazaritza-politika zuzendu zen, prezioak eta kontsumoa arautuz. Kontrol horrek adiskidekeria, eraginen trafikoa, ustelkeria eta proiektu askoren porrota ekarri zituen.

Geldialdi ekonomikoa eman zen: elikagaiak, energia-produktuak, makinak, teknologia modernoa, lehengaiak, etab. falta ziren. Elikagai-eskasiaren ondorioz, prezioak etengabe igo ziren. Biztanleria pobretu egin zen. Miseria eta gosearen ondorioz, errazionamendua finkatu zen. Espekulazioan oinarritutako merkatu beltza sortu zen: estraperloa, non produktu asko aurki zitezkeen, baina oso garestiak.

Ekonomiaren Liberalizazioa

1959 arte, politika autarkikoa mantendu zen. 1951an, Francok aldaketak egin zituen bere gobernuan, ekonomiaren liberalizazio-prozesuari ekinez. Aldaketa xumeak, baina eraginkorrak izan ziren:

  • Produktuen hornidura hobetu zen.
  • Garraio-sistema berregokitzen hasi zen.

Horrek guztiak kontsumoaren hazkundea ekarri zuen. Industrializazio bizkorra hasi zen. Kanpo-sektorean emaitza negatiboenak zeuden, turismotik etorritako dibisek eta iparramerikarren laguntzek estaltzen zituzten arren.

Entradas relacionadas: