Espainiako Trantsizio Demokratikoa: Erreforma, Konstituzioa eta Autonomiak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,02 KB
1976ko Erreforma Politikoa
Torcuato Fernández Mirandaren aholkuz, Joan Karlos erregeak Arias Navarro kargutik kendu eta Adolfo Suárez izendatu zuen presidente. Adolfo Suárezen jatorri politikoa frankismoa zen (Mugimendu Nazionalaren idazkaria), baina trantsizio demokratikoaren aldekoa zen. Gutiérrez Mellado jenerala presidenteorde izendatuz, armada, gehienbat immobilista, lasaituko zen.
Adolfo Suárezek erreforma politikorako proiektua aurkeztu zuen, eta Gorte frankistek oniritzia eman zioten: aldaketaren abiapuntua frankismoaren Lege Organikoa izango zen, eta erregimena demokraziarako bidean jarriko zen. Hala, Erreforma Politikorako Legea erreferendumean onartu zen 1976ko abenduan. Horrek frankismo immobilistaren amaiera ekarri zuen.
1977ko Hauteskundeak eta Moncloako Itunak
Hurrengo urratsa hauteskunde orokorrak deitzea zen. Horretarako, alderdi guztiak legeztatu behar ziren, komunista barne. Hauteskundeetan UCD (Suárez) garaile atera zen, baina gehiengo absoluturik gabe. Aldaketa politikoak, ordea, ez zuen kaleko giro sozial larria baretu: erregetza ezbaian zegoen, ETAren indarkeria, krisi ekonomikoak eragindako istiluak, ika-mika politikoa… Egoera hori baretzearren, ordezkaritza politikoa zuten alderdi guztiek urrian Moncloako Ituna sinatu zuten. Aldaketa politikoa sendotu egin zen horren ondorioz.
1978ko Konstituzioa
Hurrengo urratsa Konstituzioa egitea zen. Alderdi konstituziogileak UCD, PSOE, AP, PCE eta PDC izan ziren. EAJ kanpoan geratu zen, abertzaletasunaren inguruan egin zitzakeen eskaerak onartezinak izan zitezkeelako.
Konstituzioaren ezaugarriak:
- Oinarrizko giza eskubide eta askatasunak biltzen ditu.
- Autonomiak onartzen ditu.
- Botere banaketa ezartzen du.
- Instituzio gorenak zehazten ditu: Monarkia, Parlamentua (bi ganbera: Kongresua eta Senatua), Gobernua, Auzitegi Konstituzionala.
- Sufragio unibertsala ezartzen du.
Lurralde Antolaketa eta Autonomiak
Politika autonomikoa bideratzeko lau bide nagusi ezarri ziren:
- 151. artikulua: Herrialde historikoak aitortzen zituen (Katalunia, Euskadi eta Galizia). Andaluziarentzat ere erabili zen (diputazio guztiak eta udalen hiru laurdenak ados egonda). Erreferenduma behar zuen. Bide azkarra zen eta eskumen ugari ematen zituen. Euskadiko Estatutua 1979an onartu zen bide honetatik.
- 143. artikulua: Diputazioen eta udalerrien bi herenek baiezkoa eman behar zuten. Ez zuen erreferendumik behar. Bost urteko epea ematen zuen eskumenak lortzeko.
Nafarroako Kasu Berezia: Foru Hobekuntza
Nafarroari Foru Hobekuntza eman zitzaion 1982an (Gernikako Estatutuaren bidea saihestuz). Aurretiko foraltasuna aitortzen zaio (Lege Hitzartua). Bere esparru politikoa salbuespena da Espainian. Hori ulertzeko, Nafarroako 1977ko hauteskundeen emaitzak aztertu beharko lirateke: UCD garaile atera zen 3 diputaturekin (botoen % 23 baino ez bazuen ere), eta PSOE bigarren izan zen 2 diputaturekin. Emaitza horiek erabakigarriak izan ziren Nafarroako etorkizun politikorako.
Hauteskundeak baino lehen, hainbat indarrek (EAJ eta PSOE barne) Itun Autonomikoa sinatu zuten (1977). Bertan, Hegoaldeko lau lurralde historikoentzako esparru autonomiko baten alde egingo zutela adierazi zuten, Nafarroako berezitasuna kontuan hartuta. Baina 1977ko hauteskundeetan, Nafarroako ezkerreko alderdien zatiketak eta D'Hondt legearen aplikazioak erraztu zuten UCDren garaipena eta, azkenean, haren irizpidea nagusitzea. Hau da, Nafarroa Euskal Kontseilu Nagusian sartzeko erreferenduma beharko zela esanez, Nafarroa Euskadin sartzeko balizko aukera atzeratu egin zen. Gernikako Estatutuak Nafarroaren integrazioa aurreikusten du, baina hori saihesteko, Espainiako Gobernuak Nafarroako iragan forala aitortu zuen Foru Hobekuntzaren bidez (1982), erreferendumik gabe.