Espainiako II. Errepublika eta Gerra Zibila: Historia eta Ondorioak
Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia
Escrito el en vasco con un tamaño de 16,67 KB
Espainiako II. Errepublika eta Gerra Zibila (1931-1939)
5.1 1931-1936/39 bitarteko II. Errepublika Espainiako historiako aro demokratiko eta errepublikarraren hasiera izan zen, Alfontso XIII.aren monarkiari eta Primo de Riveraren diktadurari amaiera emanez. Monarkiaren erorialdia eta 1931ko udal hauteskundeek garrantzi handia izan zuten, Espainiako gizartean eta politikan aldaketa sakonak eraginez. Primo de Riveraren diktaduraren amaieran, tentsio sozial eta politikoak areagotu ziren, eta 1930ean Donostiako Hitzarmena sinatu zen oposizioko alderdi nagusiek Errepublika aldarrikatzeko asmoarekin. Jakako Pronuntziamenduak huts egin bazituen ere, Errepublikaren aldeko mugimendua indartu egin zen. 1931ko apirilaren 12ko udal hauteskundeek monarkikoentzat porrot handia ekarri zuten, eta apirilaren 14an Alfontso XIII.ak abdikatu eta ihes egin zuen. Langile klaseak eta burgesia ertainak ilusioz hartu zuten erregimen berria, baina oligarkiak, Eliza, lurjabe handiak eta eskuineko sektoreek mesfidantzaz hartu zuten. Behin-behineko Gobernua sortu zen, Donostiako Ituneko kideek osatuta (Alcalá Zamoraren gidaritzapean), eta 1931ko ekaineko hauteskunde demokratikoak antolatu ziren. Hauteskundeetan sozialistek eta errepublikanoek irabazi zuten, eta parlamentu konstituziogilea osatu zen. 1931ko Konstituzioak izaera demokratiko eta aurrerakoia izan zuen, eta bere artean azpimarratzekoak ziren:
- Sufragio unibertsala: Emakumeek botoa emateko eskubidea izan zuten.
- Estatu laikoa: Elizaren eta estatuaren arteko bereizketa.
- Autonomia erkidegoen aitortza: Lurraldeei autonomia eskubideak ematea.
- Langileen eskubideen bermea: Langileen eskubideak babesteko neurriak.
Hala ere, eskuineko sektoreek eta Elizak aurkakotasuna adierazi zuten Konstituzioaren aurka. 1936ra arte indarrean egon zen osotasunean, baina Gerra Zibilaren hasierarekin errepublikar lurraldeetara mugatu zen. 1939an Franco boterera iritsi zen eta errepublika amaitu egin zen.
Bi Urteko Erreformista (1931-33)
Espainiako II. Errepublikaren lehen fasea izan zen, 1931ko apirilaren 14an erregimen berria aldarrikatu ondoren. Garai honek ezkerreko eta zentroko indar politikoen gobernua izan zuen, eta helburu nagusia Espainiako egitura politiko, sozial, ekonomiko eta militarra modernizatzea izan zen. Gobernuaren buruan Manuel Azaña zegoen, eta berarekin batera PSOE, Acción Republicana eta katalan zein galego nazionalistak parte hartu zuten. Erreforma nagusien artean, Hezkuntza Erreforma nabarmendu zen, hezkuntza sistema modernizatu eta alfabetatzea handitzeko asmoz. Eskola publikoak sortu, maisu berriak kontratatu eta erlijioa hezkuntzatik bereizi zen, neurri horrek Elizaren oposizio handia piztu zuelarik. Bestalde, Elizaren aurkako hainbat neurri ezarri ziren, hala nola dibortzio legea onartzea eta elizaren subentzioak kentzea, horrek gatazka sozial eta politikoak areagotu zituen. Nekazaritza Erreforma ere martxan jarri zen, lur latifundisten desjabetzea eta nekazariei ematea xede hartuta. Horretarako, Nekazaritza Institutua sortu zen, baina lur jabe handien oposizio gogorrak eta jornalari askoren lur okupazioek tentsioa areagotu zuten. Aldi berean, Lan Erreforma bat abian jarri zen, langileen eskubideak bermatzeko neurriak ezarriz, hala nola istripuen aseguruak, amatasun eskubideak eta lan kontratuak arautzea. Enpresari handiek, ordea, neurri hauek aurkako hartu zituzten. Gobernuak Erreforma Militarra ere bultzatu zuen, armada txikitzea eta ejertzitoaren boterea mugatzea helburu zuela. Militar asko erretiratu ziren eta Zaragoza akademia militarra itxi zen. Erreforma horrek ere oposizioa piztu zuen, eta 1932an Sanjurjada izeneko estatu-kolpe saiakera gertatu zen. Autonomia Estatutuak ere funtsezko erreforma izan ziren, eta 1932an Kataluniak autonomia lortu zuen. Euskal Herriko Lizarrako Estatutua, aldiz, baztertu egin zuten, Eliza babesten zuelako. Prozesu honek eskuindarren eta militar batzuen gaitzespena jaso zuen. Erreforma hauek guztiak oposizio gogorra eragin zuten bai eskuinetik bai ezkerretik. Eskuineko indarrak, hala nola CEDA (Gil Robles), Renovación Española (Calvo Sotelo) eta Falange (Primo de Rivera), indartzen hasi ziren, eta Elizak ere errepublikaren aurkako propaganda egin zuen. Ezkerreko sektore erradikalenek, batez ere komunistek eta anarkistek, gobernua kritikatu zuten neurri bigunak hartzeagatik. Tentsioa areagotu egin zen 1933an Casas Viejasen gertatutako errepresio bortitzaren ostean, eta horrek gobernuaren kontrako haserrea piztu zuen. Ondorioz, hauteskundeak aurreratu ziren, eta 1933ko azaroan eskuineko indarrak nagusitu ziren, Bi Urteko Erreformistari amaiera emanez.
Biurteko Erradikal-Cedista (1933-36)
5.3 1931n II. Errepublika ezarri zen, eta etapa politiko nagusietako bat 1933-36 bitarteko biurteko erradikal-cedista izan zen, eskuineko indarren garaipenekin. 1933ko hauteskundeak: Casas Viejasen gertatutako istiluen ondorioz, Alcalá Zamorak hauteskundeak deitu zituen. Eskuina ondo antolatuta aurkeztu zen, eta CEDAk irabazi zuen. Ezkerreko indarrek diputatu asko galdu zituzten, anarkisten abstentzioaren eta emakumeen botoaren ondorioz. Gehiengorik gabe, Lerroux buru zuten erradikalek osatu zuten gobernua, CEDAren babesean. Gobernuaren politika eskuindarra: Aurreko erreforma gehienak bertan behera utzi ziren:
- Nekazaritza: Lurren banaketa eten egin zen.
- Erlijioa eta militarra: Elizari finantzaketa itzuli zitzaion, eta kolpistei amnistia eman zitzaien.
- Autonomiak: Euskadiko estatutua gelditu eta Kataluniari autonomia kendu zitzaion.
Horrek oposizioa piztu zuen, batez ere langile eta ezker indarren artean. Grebak eta mobilizazioak ugaritu ziren, krisi ekonomikoak egoera okerragotuz. 1934ko urriko iraultzak: Asturias: Langileek iraultza sozialista aldarrikatu zuten, baina Francok gidatutako Afrikako Legioak gogor zapaldu zuen matxinada. Katalunia: Companysek Kataluniako Errepublika aldarrikatu zuen, baina armadak zapaldu eta autonomia bertan behera utzi zuen. Gobernuaren erradikaltasuna eta Herri Frontearen sorrera: CEDA gobernuan sartu zenetik, konstituzioa aldatzen eta oposizioa zapaltzen saiatu ziren. Gobernua ustelkeriaz josita zegoen, eta Europako faxismoaren gorakada kezkagarria zen. Horren aurrean, Azañak Herri Frontea sortu zuen, ezkerreko indarrak biltzeko. Tentsioa muturrera iritsi zen, eta 1936ko otsailean hauteskundeak aurreratu ziren.
Herri Frontea eta Gerra Zibilaren Hasiera (1936)
5.4 1936ko otsailean, Espainiako hauteskundeak ezkerreko Herri Fronteak (Frente Popular) irabazi zituen, botoen %48a eskuratuz, eskuinak %46,5 eta zentroak %5,4. Koalizio honek programan adostutako neurriak defendatu zituen: preso politikoen amnistia, lanpostuetatik kaleratuak izandakoen itzulera eta erreformen berrezarpena. CNT sindikatu anarkistak ez zuen hitzarmenean parte hartu, baina ez zuen abstentzioa eskatu, eta anarkista batzuek ezkerra bozkatu zuten. Eskuineko alderdiek ere koalizioak osatu zituzten, baina ez zuten batasunik lortu. Herri Fronteko gobernuak bi urteko erreformen bidea berreskuratu zuen: Kataluniako autonomia berrezarri, nekazaritza-erreformak berritu eta Errepublikaren konstituzioa bermatzeko neurriak hartu zituen. Gainera, militar kolpisten aurkako neurriak hartu ziren, hala nola Franco Kanarietara bidali eta Mola Iruñera. Hala ere, krisi sozial eta ekonomikoak protestak eragin zituen, eta oposizio eskuindarrak gobernuaren aurkako kanpainak sustatu zituen, ezkerra marxismo eta iraultzarekin lotuz. Falanjistek eta eskuin muturreko beste talde batzuek enfrentamendu armatuak hasi zituzten. 1936ko udaberritik aurrera, militar kontserbadoreak konspiratzen hasi ziren, helburua Errepublika desagerrarazi eta ordena zentralista eta kontserbadorea ezartzea zelarik. Konspirazioa Molak zuzendu zuen, eta militar ugarik parte hartu zuten (Franco, Sanjurjo, Queipo de Llano, etab.), baita falangistek, monarkikoek eta Elizak ere. Karlistek miliziak antolatu eta armak pilatzen hasi ziren. Uztaileko hilketek egoera are gehiago tentsionatu zuten: uztailaren 13an Calvo Sotelo parlamentari monarkikoa hil zuten, eta uztailaren 17an Melillan estatu kolpea abiatu zen. Hurrengo egunean, Franco Melillara iritsi zen Kanarietatik, eta altxamendua penintsulan hedatu zen. Altxamendu militarra ez zen guztiz arrakastatsua izan, baina gerra zibil odoltsu baten hasiera ekarri zuen, Espainia 40 urteko diktadura frankistara eramanez.
Frankoren Gorakada eta Gerraren Garapena
6.2 1936ko udan Espainiako Gerra Zibila piztu ostean, Francisco Francok bere burua matxinatuen buruzagi nagusi gisa ezarri zuen, hainbat faktoreri esker. Lehenik eta behin, Afrikako Armada (Espainiako Marokoko tropa kolonialak) bere agindupean egoteak pisu militar handia eman zion. Bigarrenik, Alemaniaren eta Italiaren laguntza goiz jaso zuen, batez ere aireko baliabideei dagokienez, eta horrek tropen lekualdatzea eta ekintza militar azkarrak ahalbidetu zituen. Horrez gain, bere aginte-estiloa sendoa eta erabakigarria zela erakutsi zuen, eta horrek prestigioa ekarri zion altxamenduko beste buruzagien artean. 1936ko urrian, Burgosen Defentsa Batzordea sortu zen matxinatuen administrazio gisa, eta berehala Francoren esku utzi zuten gidaritza politiko eta militarra. Urriaren 1ean, Burgosen, Francok "Estatuko Buruzagi" titulua jaso zuen, matxinatutako bandoaren buruzagi absolutu bihurtuz. Erabaki horrek haren legitimazioa sendotu zuen, bai barnean, bai nazioarteko aliatu faxisten aurrean. Bere lidergoaren aldekoek haren izaera autoritarioa eta ordena berrezartzeko gaitasuna nabarmendu zituzten. Matxinatuen bandoa kohesionatzeko helburuarekin, Francok 1937ko apirilean Batasun Dekretua aldarrikatu zuen. Dekretu horren bidez, Falange Española Tradicionalista y de las JONS (FET y de las JONS) sortu zen, Falange eta karlistak (Tradizionalistak) batuz. Francok alderdi bakarreko sistema ezarri nahi zuen, faxismoaren ereduari jarraituz, eta horrela, disidentzia ideologiko oro ezabatu zuen bere bandoaren barruan. Alderdi hori izan zen frankismoaren zutabe politiko nagusia eta erregimenaren propaganda tresna garrantzitsua. Frankismoaren lehen fasean, errepublikaren legedi guztia bertan behera utzi zen, eta erregimen berriak bere oinarriak finkatzen hasi zituen. Horren adibide dira:
- 1938ko Lan Forua, lan-harremanak kontrolatu eta langileen eskubideak murriztu zituena.
- Eliza Katolikoaren pribilegioak berrezartzea, Errepublikaren garaian galduak zituen eskumenak itzuliz.
- Lege errepresiboak, oposizio politikoa deuseztatzeko. Milaka pertsona atxilotu, erbesteratu edo exekutatu zituzten, eta espetxe eta kontzentrazio-esparru ugari ezarri ziren.
Frankismoaren lehen urteak gerrako garaipena sendotzeko errepresio bortitzez eta botere autoritario zentralizatua ezartzeaz karakterizatu ziren.
Gerra Zibilaren Ondorioak
Gerra Zibilak ondorio sakonak izan zituen Espainiako biztanlerian, hildakoen kopuru altuarekin eta biztanleriaren egitura aldaketarekin. Borroketan ez ezik, errepresio politikoaren, erbestealdiaren eta gosetearen ondorioz ere milaka pertsona hil ziren.
- Fronteko hildakoak: 300.000 eta 500.000 pertsona artean hil ziren borroketan eta bonbardaketetan (adib. Gernika, 1937).
- Errepresio politikoa: Frankistek 130.000 pertsona baino gehiago exekutatu zituzten, eta errepublikarren aldean ere 50.000 hildako inguru izan ziren. Frankismoaren garaipenaren ondoren, errepresioa jarraitu egin zen, espetxeratze eta fusilatze masiboekin.
- 500.000 pertsona erbesteratu ziren, gehienak Frantziara, Mexikora eta Argentinara. Horien artean intelektualak eta politikari errepublikarrak zeuden, Espainiako kultura eta oposizio politikoari kalte handia eraginez.
- Biztanleriaren hazkundea moteltu zen, jaiotza-tasak behera eginda.
- Hezkuntza-sistema frankismoaren kontrolpean jarri zen, Eliza Katolikoaren esku.
- Langile kualifikatuen galera gertatu zen, industria eta zerbitzu sektoreetan kalte eginez.
- Ekonomia suntsitu zen: ekoizpena gutxitu, eta autarkia politikak gosete latza ekarri zuen.
- Biztanleriaren berrantolaketa: hiri eta landa-eremu askotan populazioa murriztu zen, fronteko eskualdeetan bereziki.
Gerra Zibilak hamarkada luzetarako ondorioak utzi zituen Espainiako gizartean, populazioa ahulduz eta herrialdea suntsituz.
Errepublikaren Atzealdeko Kaosa eta Zatiketak
Espainiako Gerra Zibilaren hasieran, Errepublikaren atzealdean kaosa eta ezegonkortasuna nagusitu ziren. Matxinatuen aurkako erresistentzia langile eta sindikatuen mobilizazio espontaneoen bidez antolatu zen, eta anarkistek zein komunistek beren kabuz ekin zioten borrokari. Gobernuak armak banatu zituen, baina horrek barne tentsioak areagotu zituen. Estatu kolpearen ondoren, gobernu aldaketa azkarrak izan ziren. Casares Quirogak dimisioa eman zuen, eta haren ordez José Giralek hartu zuen agintea, iraultza sozialaren hazkundearekin topo eginez. CNT eta POUM-en eraginez, hainbat eskualdetan lurrak eta fabrikak kolektibizatu ziren, eta milizia iraultzaileak sortu ziren. Largo Caballeroren gobernuak fronte bateratua mantentzen saiatu zen, baina milizia autonomoen eta armada erregularraren arteko tentsioak handitu ziren. 1937ko maiatzean, Bartzelonan istiluak piztu ziren anarkisten eta POUM-en aldekoen eta Alderdi Komunistaren babesa zuen gobernuaren artean. Komunisten nagusitasunak ezker iraultzailearen ahultzea ekarri zuen. 1937an, Juan Negrín gobernura iritsi zen eta gerra luzatzeko estrategia hartu zuen, Sobietar Batasunaren laguntzarekin. Hala ere, barne oposizioak eta Ebroko Guduko porrotak errepublikarren gainbehera bizkortu zuten. 1939ko martxoan, Casado koronelak Madrilen estatu kolpea jo eta Negrínen gobernua eraitsi zuen, baina Francok baldintzarik gabeko errendizioa eskatu zuen. 1939ko apirilean gerra amaitu zen, frankisten garaipenarekin. Errepublikaren barne gatazkek haren ahultasuna azaleratu zuten, eta zatiketek gerra zibilaren emaitza baldintzatu zuten.
Frankismoa: Diktadura eta Ondorioak
Frankismoa, Francoren diktadura, Espainiako historian ia 40 urtez luzatu zen erregimen autoritario eta totalitarioa izan zen. Boterea kontzentratzea zuen oinarri, eta Eliza, Armada eta alderdi bakarra (FET + JONS) izan ziren bere zutabe nagusiak. Nazioarteko egoeraren arabera moldaketak egin bazituen ere, printzipio totalitario eta antiliberalak mantendu zituen. Frankismoa 1939an hasi zen, Espainiako Gerra Zibila Francoren garaipenarekin amaitu zenean, eta 1975ean bukatu zen Francoren heriotzarekin. 1945ean faxismoaren porrotaren ondoren, Francok politika aldaketa bat egin zuen nazioarteko isolamendua saihesteko. Erregimena "demokrazia organiko" gisa aurkeztu zen, baina boterea Francoren eskuetan mantendu zen. Diktadura honetan Francok botere legegilea, betearazlea eta judiziala kontrolatu zituen. Armada eta Guardia Zibila izan ziren errepresio tresna nagusiak, eta Elizak diktadura legitimatzen lagundu zuen gizartearen kontrol morala hartuz. Espainiar nazionalismoa eta zentralismoa sustatu ziren, eta bestelako hizkuntza eta kultura guztiak baztertu ziren. Sistema komunismoaren eta liberalismoaren kontrako diskurtsoan oinarritu zen. Frankismoak alderdi bakarra eta sindikatu bakarra ezarri zituen, eta oposizioaren errepresioa izan zen nagusi. Informazioaren kontrola zentsuraren eta propagandaren bidez bermatu zen. Erregimena hainbat sostengu sozial eta instituzionaletan oinarritu zen: Falangea, Armada, Eliza Katolikoa, tradizionalistak, monarkikoak eta Opus Dei. Hasieran Falangeak zuen eragin handiena, baina gerora monarkikoek eta Opus Deik gero eta pisu handiago hartu zuten. Frankismoak gizartea kontrolatzeko mekanismo sofistikatuak erabili zituen, eta bere printzipioak (antiliberalismoa, antikomunismoa, nazionalismoa eta nazional-katolizismoa) gizartean errotu zituen. 40 urte baino gehiago iraun zuen Espainiako historiako garai ilunetako bat izan zen.