Erromatarren Aurreko Herriak eta Hispaniaren Konkista
Enviado por Chuletator online y clasificado en Francés
Escrito el en vasco con un tamaño de 3,32 KB
Erromatarren Aurreko Herriak
Erromatarrak iritsi baino lehen (K.a. III. mendean), Iberiar Penintsulan hainbat herri bizi ziren, kultura anitz eta desberdinak zituztenak (gaur egun informazio handirik ez badago ere). Garapen mailari eta kulturari dagokionez, hiru multzo nagusitan sailka daitezke:
- Alde batetik, iberiarrak, penintsulako hego-ekialdean kokaturik. Feniziar eta greziar zibilizazioen eraginagatik, kultura konplexuagoa zuten: bizimodu hiritarra, merkataritza, moneta... Baina erromatartzen lehenak izan ziren.
- Bestetik, Mesetan eta mendebaldeko kostaldean, herri zeltiarrak (zeltiberiarrak, lusitaniarrak...), Europatik etorritako indoeuroparrak. Garapen maila txikiagoa zuten: herri abeltzainak ziren, tribuen arabera antolatzen ziren... Horietako batzuek (Numantzia aldekoek eta lusitaniarrek, adibidez), erromatarrei erresistentzia handia egin zieten.
- Azkenik, iparraldeko herriak (asturiarrak, kantabriarrak, baskoiak...), kastroetan antolatzen ziren eta garapen maila txikienekoak ziren (nekazaritza eta abeltzaintza xumea zuten). Oro har, erromatarrek konkistatu zituzten azkenak izan ziren.
Herri guztien arteko desberdintasunak gorabehera, denak Erromaren menpe amaitu zuten, eta horrek haien bizimodua aldatu zuen.
Baskoiak
Baskoiak egungo Nafarroan eta inguruetan, erromatarrak penintsulara iritsi aurretik, bizi zen herri euskaldun aurre-erromatarra ziren, ustez Historiaurretik bertan ezarria. Euskaraz mintzatzen ziren (hizkuntza ez-indoeuroparra) eta tribuetan antolatzen ziren (beren artean batasun politikorik gabe). K.a. 75. urteaz geroztik, hau da, konkistaren ondoren, erromatarren menpe geratu ziren, baina ongi moldatu zirela uste da (erromatar armadan baskoien presentzia aurki baitaiteke). Erromatarrek, bizimoduaren arabera, bi eremutan banatu zuten haien lurraldea:
- Ager Vasconum: hegoaldeko eta erdialdeko nekazaritza-lurrak. Bertakoek erromatartze prozesu sakon eta azkarra jasan zuten, intereseko lurretan baitzeuden (nekazaritza, merkataritza...), eta erromatar asentamenduak ugariak izan ziren.
- Saltus Vasconum: mendialdeko baso eta larreak. Bertako baskoi abeltzainek erromatarren eragin txikia jaso zuten, erromatarrentzat lur ezezagunagoak baitziren; horregatik, asentamendu gutxiago egon ziren.
Hala ere, baskoien lurraldea K.a. I. mendeaz geroztik erromatartu zen, eta horren aztarnak gaur egun arte iritsi dira.
Erromatarren Konkista Hispanian
K.a. III. mendetik K.a. I. mendera arte iraun zuen prozesu historikoa izan zen. Erromatarren lehen presentzia penintsulan Bigarren Gerra Punikoaren testuinguruan kokatzen da, Erroma Mediterraneoaren kontrolerako Kartagoren aurka lehiatzen ari zen gerra hartan. Orduan, Erromak Kartagok kostaldean zituen merkataritza-guneetatik hasi zuen konkista, kartagotarrak garaitu eta iberiarrak menderatuz. Ondoren, Ebro haranetik iparralderantz jo zuten, eta handik Mesetaren konkistari ekin zioten. Zenbait herri zeltiarren erresistentziari aurre egin behar izan zieten (Numantzia, Lusitania...). Azkenik, iparraldeko lurraldeak konkistatu zituzten; azkenak asturiarren eta kantabriarren lurraldeak izan ziren, Augusto lehen erromatar enperadorearen garaian. Horrela amaitu zen Hispaniaren konkista.