Errodamendu Motak: Karga Erradial, Axial eta Mistoetarako Gida

Enviado por Chuletator online y clasificado en Tecnología Industrial

Escrito el en vasco con un tamaño de 6,01 KB

Errodamenduak funtsezko elementuak dira makina birakarietan, kargak jasan eta mugimendu leuna ahalbidetuz. Hainbat motatako errodamenduak daude, bakoitza karga mota eta aplikazio espezifikoetarako diseinatuta. Jarraian, errodamendu mota nagusiak eta haien ezaugarriak aztertzen dira:

Karga Erradialetarako Errodamenduak

Biraketa-ardatzarekiko perpendikularrak diren kargak jasateko diseinatuta daude.

  • Boladun errodamendu zurrunak: Diseinu erraza dute, ezin dira desmuntatu, eta biraketa-abiadura handietarako egokiak dira. Karga erradialak jasateko aplikazio zabala dute.
  • Arrabol zilindrikodun errodamenduak: Diseinu sinplea dute, eta gehienetan desmunta daitezke. Boladun errodamendu zurrunen antzeko aplikazioak dituzte, baina hiru edo lau aldiz handiagoak diren esfortzu erradialak jasan ditzakete, eta ez dute bultzada axialik onartzen.
  • Errotulako boladun errodamendu erradialak: Bolez osatutako bi ilara dituzte, eta kanpoko eraztunean errodadura-bide esferiko komuna dute. Karga erradial handiak eta bi noranzkoetako erdi-mailako karga axialak jasateko gaitasuna dute.
  • Errotulako arrabol zilindrikodun errodamenduak: Arrabolez osatutako bi ilara dituzte, eta kanpoko eraztunean errodadura-bide esferiko komuna dute. Barnealdeko eraztuneko errodadura-bide bakoitza inklinatuta dago, errodamenduaren ardatzarekin angelua osatuz.

Karga Axialetarako Errodamenduak

Eraztunak ardatzkideak dira, eta errodadura-pistak alboan dituzte. Esfortzu axialak bakarrik jasan ditzakete.

  • Boladun errodamendu axiala (efektu bakunekoa): Karga axialak jasotzeko eta ardatza noranzko bakarrean finkatzeko egokiak dira; hala ere, ezin dituzte karga erradialak jasan.
  • Efektu bikoitzeko errodamendu axiala: Karga axialak jasotzeko eta ardatza bi noranzkoetan finkatzeko egokiak dira; hala ere, ezin dituzte karga erradialak jasan.
  • Errotulako errodamendu axiala: Karga axialak jasotzeko, eta motaren arabera, ardatza noranzko batean edo bietan finkatzeko egokiak dira; hala ere, ezin dituzte karga erradialak jasan.

Karga Mistoetarako Errodamenduak

Aldi berean esfortzu erradialak eta axialak jasan ditzakete. Boladunak edo arraboldunak izan daitezke.

  • Kontaktu angeluarreko boladun errodamenduak: Barnealdeko nahiz kanpoaldeko eraztunetako errodadura-bideak elkarrengandik bereizita dituzte errodamendu-ardatzaren norabidean. Horregatik, oso egokiak dira karga konbinatuak jasateko. Karga axiala jasateko gaitasuna handiagoa izango da kontaktu-angelua handitzen denean.
  • Arrabol konikodun errodamenduak: Bi bertsio daude. Lehenengoa, esfortzu erradiala axiala baino handiagoa duten ardatz horizontaletarako erabiltzen da gehienbat. Bestea, ardatz bertikaletarako egokiagoa da, eta, oro har, esfortzu erradialak esfortzu axialen % 50etik % 60ra bitartekoak gainditzen ez dituenean erabiltzen da.

Aurrekargak Errodamenduetan

Errodamenduen jarrera bakoitzak, funtzionamendu-lasaiera positiboa edo negatiboa behar du, aplikazioaren arabera. Kasu gehienetan, funtzionamendu-lasaierak positiboa izan behar du (txikia izan arren). Beste kasu batzuetan, berriz, egokiagoa da funtzionamendu-lasaiera negatiboa izatea (aurrekarga), errodamenduen jarreraren zurruntasuna edo biraketaren zehaztasuna handitzeko (karga axial etengabea aplikatuz). Errodamendu-motaren arabera, aurrekarga erradiala edo axiala izan daiteke.

Aurrekargen Ondorioak

  • Zurruntazuna handitzea.
  • Martxan daudenean zarata murriztea.
  • Ardatzaren gidatze-zehaztasuna handitzea.
  • Funtzionamenduaren ondorioz gertatzen den narriadura eta asentamendua konpentsatzea.
  • Iraupena luzatzea.

Errodamenduen Jarrerak: Alderdi Finkoa eta Askea

Errodamenduen jarrerek bi errodamendu behar izaten dituzte gehienetan ardatzari eusteko eta modu egokian kokatzeko.

  • Alderdi finkoa: Alderdi finkoak esfortzu erradiala jasaten du, eta lotura axiala du bi noranzkoetan. Beraz, axialki ardatzari eta euskarriari lotu behar zaie.
  • Alderdi askea: Alderdi askeak esfortzu erradiala jasaten du soilik, eta errodamenduen artean sortutako elkarrenganako tentsioak gerta ez daitezen, axialki mugitu egin behar du.

Parekatutako Errodamenduen Muntaketa

Boladun errodamendu zurrunak: Parekatuta munta daitezke X, O edo Tandem jarreretan. Fabrikatzeko unean parekatzen dira, eta, elkarren ondoan muntatzen direnean, kargaren banaketa uniformea lortzen da. Muntaketa karga axiala erradiala baino txikiagoa denean egiten da.

Kontaktu angeluarreko boladun errodamenduak:

  • O jarrera: Bi noranzkoetako karga axialak jasan daitezke, baina errodamenduetako batek baino ez. Muntaketa honek jarrera zurruna ematen du, eta makurdura-momentuak jasan ditzake.
  • X jarrera: Bi noranzkoetako karga axialak jasan ditzake, baina errodamenduetako batek bakarrik.
  • Tandem jarrera: Errodamendu-pareak noranzko bateko karga erradialak eta axialak baino ezin ditu jasan, eta karga axiala bi errodamenduen artean banatzen da. Errodamendu-pareak kontrako noranzkoan jokatzen duten karga axialak jasan behar dituen kasuetan, hirugarren errodamendu bat jarri behar da horien kontra.

Bereizgailuak Parekatutako Errodamenduetan

Aplikazio askotan, errodamenduak bereizgailuen bidez banatzen dira. Kanpoaldeko nahiz barnealdeko espazioek zabalera bera izan behar dute, eta aurpegiek lauak eta paraleloak izan behar dute.

  • O jarrera: Barnealdeko bereizgailua kanpoaldekoa baino estuagoa izan behar da aurrekarga handitzeko.
  • X jarrera: Kanpoaldeko bereizgailua barnealdekoa baino estuagoa izan behar da aurrekarga handitzeko.

Aurrekarga taparen bidez egiten da. Finkapen-azkoinak errodamendu-multzoa axialki finkatzen du bakarrik.

Entradas relacionadas: