Errenazimentua: Arkitekturaren Ezaugarriak eta Artisten Ibilbidea
Enviado por Chuletator online y clasificado en Arte y Humanidades
Escrito el en vasco con un tamaño de 9,44 KB
Errenazimentua: Aro Modernoaren Hasiera
Errenazimentua, Aro Modernoaren hasiera, Italian XV. eta XVI. mendeetan sortu zen mugimendu artistiko eta kulturala izan zen. Garai honetan, Italiako burgesiak, aristokrazia feudalaren eragina bazterturik, arin garatu zen, eta ordura arte ezaguna ez zen dinamismoa zabaldu zen Italiako hirietan, eta haietan Florentzia izan zen, zalantzarik gabe, protagonista nagusia. Mugimendu kultural honen sustrai ideologikoan Humanismoa dugu, Grezia eta Erromako mundu klasikoaren kulturara itzultzeko fenomenoa. Antzinate klasikoan inspiratuta zeuden ereduen bidez, eta kristautasunaren erro sakonak baztertu gabe, gizakia ardatz hartu eta aldaketa etengabean zegoen munduaren ideia defendatu zuten humanistek eta neoplatonikoek. Artea, literatura eta filosofia klasikoen tradizioa fede kristauarekin uztartzen ahalegindu ziren humanista neoplatoniko horiek; Akademietan sortu zituzten debate ideologikoetan, Antzinate klasikoa eta Kristautasuna elkartzeko teoriak planteatu zituzten, eredu paganoak onargarri bihurtzeko. Arte figuratiboetan, biluzia gai garrantzitsu izango da berriro, arimaren garbitasunaren sinboloa bilakaturik. Quattrocentoko artearen babesle mezenasak izan ziren.
Garaiko Artisten Aldarrikapena
Garaiko artistei dagokienez, helburu berria izan zuten, hain zuzen, euren balio eta izaera artistikoa, sormen-jenioa aldarrikatzea, ohiko artisauen izaeraren ordez. Poeta, filosofo edo matematikakoen bezalako balio soziala nahi zuten artistek, gremioko kideengandik urrun. Prestakuntza intelektuala bilatu zuten, beraz, artistek. Sakon ikasi zituzten matematika, geometria, perspektiba, latina eta filosofia klasikoak, humanistekin harremanetan jarriz.
Edertasuna eta Artearen Funtzioa
Kultura molde berri honetan, edertasuna izango da berriro artearen funtsa, artelanaren gaien arteko harreman koherentea eta logikoa, harremanen harmonia, zenbaki baten bidez adierazten zena, erritmo edo matematika-irizpide batean oinarrituriko konposizioa, egonkortasun eta osagaien arteko batasun sentipena sorrarazten zen irudi geometriko baten barruan sartzen dena, triangelu bat edo esfera bat, koherentzia espaziala eta kontraesanik eza. Aurrez aurreko perspektiba konikoa edo lineala erabili zuten, eta matematikan oinarrituriko soluzioak.
Errenazimentuaren Fases
Hiru une desberdin nabarmentzen dira:
- Quattrocento: hitz italiarrak XV. mendea adierazten du, eta lehen Errenazimenduari dagokio. Florentzian du gune nagusia. Handik mende batera, Europa osora zabaldu ziren balio eta formulazio estetiko guztiak.
- Cinquecentoa: Errenazimentuko bigarren fasea da, XVI. mendeko hasierako hamarkadak. Erromak lekua hartu zion Florentziari, Aita Santuaren babespean. Klasizismoa handiagotu egin zen, eta estilo klasizista errenazentista heldutasunera iritsi zen.
- Manierismoa: hirugarren fasea izan zen, 1520tik aurrera. Naturaren imitazioari utzi, eta natura interpretatzeko era desberdinak agertzen dira.
Arkitekturaren Ezaugarri Orokorrak
Eraikuntza-tradizio klasikoetan inspiratu zen Quattrocentoko arkitektura, eraikin erromatarrak aztertuz, baina imitatu beharrean, lengoaia arkitektoniko berriaren teoria definituz. Florentzian hasi eta garatu zen XV. mendean.
- Arkitekturako elementu klasikoak erabili zituzten harmonia bilatu nahian. Beste ezer baino lehen, eraikinak kalkulu matematikoaren ondorio izan behar du. Albertik harmonia arkitektonikoaren kontzeptu hori urrezko proportzioaz definitu zuen: 1 altu x 1,61 zabal.
- Materiala: harri landua eta, batzuetan, marmolez estalia.
- Oinplanoak: oinplano zentralera jotzen dute (karratu, zirkular edo gurutze grekoaren formakoa), neurrietan beti proportzio matematikoa bilatuz.
- Eraikuntza-elementuak:
Murrua: gotikoan galdu zuen garrantzia berreskuratzen da. Aparailua zaindu egiten da, eta, sarritan, kuxindurak agertzen dira.
Euskarriak: ordena klasikoetako koloma edo zutabeak (doriarra, joniarra, korintoarra, toskanarra edo konposatua).
Estalkiak: arkitrabatuak edo gangatuak. Azken kasu honetan, erdi-puntuko arkua, kanoi-ganga kasetoiz eta petxina gaineko kupula erabiltzen dira.
- Fatxadak: garapen horizontala, kuxinduraz dekoratzen dira.
- Dekorazio-elementuak: antzinate klasikoan inspiratzen dira. Gruteskoak (munstro-irudi dekoratiboak), girlandak eta kupido txikiak, kasetoiak, frontoiak, pilastrak...
- Eginkizuna: arkitektura zibilak garrantzi handiagoa hartzen du, jauregi, unibertsitate edo ospitaleen eraikuntzak, baina eraikin programatikoak tenpluak izan ziren.
Quattrocentoko Arkitektura
Florentzia izan zen Errenazimentuko arkitekturaren lehenengo zentroa eta arkitektura horren lehenengo aldia. Brunelleschi eta Alberti dira guztien arteko garrantzitsuenak.
Filippo Brunelleschi
Errenazimentuaren aitzindarietako bat. Arkitekto, eskultore, asmatzailea eta ingeniaria. Santa Maria dei Fioreko kupula zoragarrian, dimentsio handiko gunea eraiki zuen danbor oktogonal baten gainean, eta hori kupula estaliz lortu zuen, kanpoaldetik ojiba-kasko batekin eta barrualdetik kasko esferiko batekin estalia.
Leon Battista Alberti
Garai hartako espirituaren eredua izan zen, artista kultua, letra-gizon eta poeta, humanista, filosofoa, zientzialaria, artista eta artearen teorikoa. Errenazimentuko artearen teoria gorpuztu zuen. Bere meriturik aipagarriena zera izan zen: elementu klasikoak Errenazimentuko norma arkitektonikoan txertatzen jakin izan zuela. Hainbat testu idatzi zituen pintura eta arkitekturari buruz.
Bere obrarik garrantzitsuena Mantuan dago: Sant'Andrea eliza. Amaitu gabe zegoen fatxadan, baoa duen garaipen-arku ikaragarri baten egitura diseinatu zuen. Rucellai jauregiko fatxada ere Albertiren obra adierazgarria da.
Cinquecentoko Arkitektura
XVI. mendeko lehendabiziko hamarkadetan garatu zen. Sasoi horretan, estilo errenazentista sistematizatu egin zen, eta handitasuna eta klasizismo handiagoa lortu zituen. Erroma kultur gune bihurtu zen, Aita Santuen babespean.
Bramante
Klasizismo arkitektonikoari hasiera eman zion artista. Obrak: San Pietro in Montorio: Tenplu eredu bat sortu zuen obra honekin. Harmailadi eta podium baten gainean altxatua, apaindura handirik gabekoa eta kupuladuna, toskanar kolomateria batez inguratuta dago. Ordena klasikoak fideltasunez mantentzen zituen Bramanteren ereduak.
Vatikanoko San Pedro Basilikaren proiektua. Gurutze grekozko oinplanoa (Lurraren irudia) eta petxinek eusten duten kupula ikaragarria (Zeruaren irudia) dauzkan basilika honek unibertsoa sinbolizatzen du, eta Aita Santuaren boterea irudikatzea lortu zuen.
Manierismoa
Manierismoa 1520tik aurrera hasi zen, batzuetan lan klasikoen barne, baina honako ezaugarriekin:
- Ordena klasikoarekin apurtu zuen.
- Arkitektura-elementu batzuen funtzioa desitxuratu edo apaingarri bihurtu.
- Elementuen, proportzioen eta kapritxozko dekorazioaren erabilera guztiz librea.
- Manierismoa efektu bila, fikzio bila zebilen, eta ez zuen natura imitatu nahi.
- Perspektibaren efektu eszenografikoak.
Michelangelo Buonarroti
Vatikanoko San Pedro Basilikako kupula amaitzeaz arduratu zen Michelangelo. Bramanteren oinplanoa errespetatuz, sekulako kupula eraiki zuen. Kupulak 138 metroko altuera du, eta barruan 18 metro lodiko lau ostiko (machones) handitan finkatuta dago. Brunelleschiren kupularen tradizioari jarraituz, honek ere bi txapel ditu, formaz esfera erdiak badira ere. Kupularen danborra: bertan, koloma klasiko bikoitzak azaltzen dira, haien artean baoak, hauek koroatzen frontoi kurbatuak eta triangeluarrak txandakatzen dira.
Kupula bera edo kasketea: Harrizko nerbioak nabarmentzen dira. Nerbio guztiak ihes puntu batean elkartzen dira: linternan. Honek bertikaltasuna multzoari ematen dio. Nerbioen artean leiho txiki batzuk daude. Kupularen beheko partean, taulamendu antzekoa girlandez apaindurik.
Linterna: Kupula koroatzen du, eta danborraren koloma klasiko bikoitzak errepikatzen ditu. Eraikuntza hau luzaroan izan zen eredu beste kupuletarako. Zoragarria da Biblioteka Laurentzianako eskailerak (1520) eta Manierismoaren adibide bikaina. Harritu egiten da daukan heterodoxia eta eskaintzen duen irudi ikusgarriagatik. Liburutegiak daukan sarrera txikia goratzeko, harmaila zabal eta abaniko itxuran diseinatu zituen, atea handiagoa dela efektu optiko-ilusionista sortuz.
Palladio
Antzinateko teorikoa, estilo klasizista orokortu zuen Rotonda (Villa Capra ere deitua) bezalako villa edo landetxeetan. Arkitektura paisaian integratu zuen. Zutabe klasiko erraldoiak dituzten atariak (tenplu klasikoen erara eginda) erabiltzen zituen, idulki baten gainean batzuetan, eta bertara heltzeko harmaila batekin. Aisia-aldietarako eredu hau gustura asimilatu zen Europan, eta, gero, Estatu Batuetan, nazio berri honen hegoaldeko nekazale-jauntxoen landetxeetarako eredu ideal bihurtuz. Villa Capra edo La Rotonda (1567-1569) da Palladioren villa ezagunena. Forma klasikoei mintzaira berria erantzi zien. Oin guztiz simetrikoa du, lau fatxada berdinak, idulkien gaineko atari joniarrekin. Erdiko aretoaren gainean, Panteoia gogoratzen duen kupula, eraikuntza zibil batean erabiltzen den lehenengo aldiz.