Erregenerazionismoa eta 98ko krisia: Espainiako Errestaurazioaren gainbehera

Enviado por Chuletator online y clasificado en Historia

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,29 KB

Joaquín Costaren "Oligarquía y caciquismo" liburuaren analisia

Sarrera

Aztergai dugun testu hau testu literarioa da, hain zuzen ere, Joaquín Costaren Oligarquía y caciquismo como forma actual de gobierno de España liburuaren pasarte bat, kontuan izanda saiakera hau politikoa dela. Joaquín Costak, erregenerazionismoaren aitzindariak, idatzi zuen liburu hau, eta Madrilen argitaratu zuen 1901ean. Bertan, Errestaurazio sistema aztertzen du, Canovasek sortutako sistema politikoa, eta, batez ere, hura kritikatzen du.

Errestaurazio sistemaren osagaiak Costaren arabera

Costak Errestaurazio sistemaren osagaiak aipatzen ditu, hauek zehaztuz eta sailkatuz hiru mailatan:

  • Oligarkak: agintean txandakatzen ziren alderdi bietako buruzagiak, Sagasta eta Canovas, Madrilen bizi eta bertan gobernu zentrala osatzen zutenak.
  • Jauntxoak: probintzietan bizi ziren.
  • Gobernadore zibilak: aurrekoen artean bitartekaritza lana betetzen zuten.

Costak dio oligarkek eta jauntxoek osatzen dutela klase gobernatzailea, baina hauek ez dira nazioaren ordezkariak, hauek ez baitira herriak hautatutakoak. Baliabide guztiak erabiltzen dituzte hauteskundeetan iruzurra eginez herria menperatzeko.

Errestaurazio garaiaren testuinguru historikoa

Testua Errestaurazio garaian kokatzen dugu, Errestaurazioaren hasieran, hain zuzen. Seiurteko Iraultzaileak hondoa jo eta errepublika finkatzeko saioak ezerezean gelditu zirela, 1874aren amaieran, Borboitarren monarkia ezarri zen berriro Espainian, Isabel II.aren seme Alfontso XII.a buru zela. Horrela hasi zen Errestaurazioa; erregimen hori 1923ra arte egon zen indarrean, eta alderdi politiko guztien artean oreka eta batasuna lortzea izan zuen xede nagusia. Tarte luze horretan hainbat errege-erregina izan ziren agintean: Alfontso XII.a (1875-1885), Maria Kristina erreginaordea (1885-1902) eta Alfontso XIII.a (1902-1931).

Canovas del Castilloren sistema politikoa

Antonio Canovas del Castillok eratu zuen Errestaurazio garaiko sistema politikoa. Alderdi kontserbadorea sortu zuen, eta gizarte ordena eta aurrerabide ekonomikoa bermatuko zuen sistema politikoaren oinarri juridikoak finkatu zituen. Errestaurazio sistema politikoaren oinarriak txandakatze politikoa eta hauteskundeen manipulazioa (iruzurra eta jauntxokeria) ziren.

Txandakatze politikoa eta hauteskunde iruzurra

Canovasek, alderdi guztien arteko batasuna lortzeko, txandakatze sistema ezarri zuen. Sistema horretan bi alderdi politikok zuten agintea, txandaka, aldez aurretik hitzarmenez erabakitakoaren arabera. Alderdi Kontserbadorea 1875ean sortu zuten, Canovas buru zela, garaiko liberal moderatuak eta unionistak biltzen zituena. Alderdi Liberala 1880an sortu zen, Sagasta buru zela, liberal progresistez eta demokrata monarkikoz osatuta zegoena. Burgesiaren alderdien arteko txandakatzea bermatzeko, hauteskundeak manipulatu eta iruzur egin behar zuten agintariek ezinbestean. Nekazari guneetan jauntxoek kontrolatzen zituzten bozketak, eta nahierara aldatzen zituzten hauteskundeen azken emaitzak, une horretan aginpidea haren esku izatea egokitzen zitzaion alderdiaren mesedetan.

Maria Kristinaren erreginaordetza eta 98ko krisia

Sistemaren oinarri hauek 1923ra arte iraun zuten indarrean, eta, lehen aipatu dugunez, tarte luze horretan hainbat errege-erregina izan ziren agintean. Costasek liburu hau Maria Kristina erreginaordetzaren amaieran argitaratu zuen. Alfontso XII.a hilda, 1885eko azaroan, erreginaorde bihurtu zen bere emazte Maria Kristina, Alfontso XIII.az haurdun egoela. Canovasek eta Sagastak txandakatze politikoari eta Errestaurazioaren erregimenari jarraipena ematea hitzartu zuten El Pardoko Itunaren bitartez. 90eko hamarraldian, alderdien txandakatzea zorrotz bete zen. Baina alderdi biek zailtasun handiak izan zituzten krisi politiko, ekonomiko eta sozial gogorrak zirela eta. Azken kolonien galerak berebiziko garrantzia izan zuen, Errestaurazioaren 98ko krisia piztu baitzuen.

98ko krisiaren eragina erregenerazionismoan eta 98ko belaunaldian

Estatu Batuek eragindako porrot militarra oso latza izan zen espainiarrentzat, pesimismo garaia eta gutxiagotasunezko sentimendua ekarri baitzuen herritarrengan. Kritika horiek eragin handia izan zuten erregenerazionismoaren aldeko mugimenduaren eta 1898ko belaunaldiaren sorreran.

Erregenerazionismoaren ezaugarriak

Erregenerazionismoak kritika gogorra egin zion Errestaurazioaren sistemari eta sistema liberala eraberritzea proposatzen zuen, jauntxokeria, analfabetismoa, gutxiengoek zuzendutako gobernua eta lur jabe handien mendeko nekazaritza ustiategiak deuseztatuz. Joaquin Costa dugu, hain zuzen ere, joera honen aitzindari.

98ko belaunaldiaren ezaugarriak

Mende aldaketan, erregenerazionismoaren aldeko jarrera eta pesimismoa nagusitu ziren, eta kutsu horixe dute 98ko belaunaldiko kideen literatura lanek eta artistikoek (Miguel de Unamuno, Pio Baroja, Azorin…). Tradizioan murgilduta eta iraganean erotuta zegoen Espainia ilunaren kritikan jarri zuten arreta; eta modernizazio eta eraberritze sozialaren, politikoaren, ekonomikoaren eta kulturalaren beharra agerian uzten saiatu ziren.

Ondorioa

Errestaurazioan gertatutako 98ko krisiak Errestaurazio osoan zehar iraun zuen, Primo de Rivera jeneralak diktadura ezarri zuen arte, 1923an.

Entradas relacionadas: