Erreforma Protestantea: Jatorria, Kausak eta Hedapena
Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Religión
Escrito el en vasco con un tamaño de 4,86 KB
1. Erreforma Protestantea
Erreforma Protestantea, edo Erreforma soilik, XVI. mendean garatutako mugimendu kristaua izan zen. Honek zisma (zatiketa) bat eragin zuen Eliza Katolikoaren barnean, eta eliza eta organizazio ugari sortu zituen, 'protestante' terminoaren barnean bilduta. Erreforma Germaniako Erromatar Inperio Santuan (gaurko Alemanian) hasi zen, baina gero beste lurralde batzuetara hedatu zen: Suitza eta Ingalaterrara, esaterako.
Martín Lutero (Saxoniako Dukatua; Germaniako Erromatar Inperio Santua, 1483-1546) Erdi Aroa eta Aro Berriaren arteko trantsizioan jaiotako teologo eta fraide germaniarra izan zen, batez ere historiako katolizismoko zatiketa garrantzitsuena egiteagatik ezaguna dena. Zatiketa hau berak bultzatutako erreforma protestantearen eta, hortik eratorrita, luteranismo deituriko doktrina teologikoaren bitartez eman zen.
Erreformaren Aurrekariak
Germaniako Erromatar Inperio Santua sortu zenetik (K.o. 962an), enperadoreen eta aita santuen etengabeko borroka egon zen boterearen nagusitasuna lortzeko. Gehienetan borroka hori Elizak irabazten zuen, Germaniar Inperioaren oposizioa handituz joan zena. Egoera hori askoz gehiago okertzen hasi zen XIV.-XV. mendeetan, alemaniar nazionalismoaren indartzearekin batera.
Baina Aita Santutzaren kontrako sentimendu hori ez zen bakarrik Alemanian eman. XIV. mendean, John Wycliff britainiar teologo-erreformatzaileak Biblia itzuli zuen (hori Elizaren autoritatearen kontra zihoan, Biblia latinez bakarrik irakurri ahal zelako eta ez hizkuntza herrikoietan) eta santuen eta erlikien gurtza ezabatu zuen. Garai berean, Jan Huss txekiar teologo-erreformatzaileak Wycliffen doktrinak hedatu zituen Bohemian zehar, eta “Nazio-eliza” baten sorrera bultzatzen saiatu zen. Hala ere, 1415ean Huss heriotzara kondenatua izan zen eta pira batean erreta. Horrek Gerra Husitak eragin zituen, Hussen aldekoek hasitako altxamendu bortitza. Baina, azkenean, gogor zapaldua izan zen Elizaren eta Germaniar Inperioaren bidez. Nolabaiteko gerra zibil hau Alemanian aurrerago gertatuko zen iraultza erlijiosoaren aurrekaria izan zen.
Kausa Erlijiosoak
Elizaren Ustelkeria
Diru nahia hori ez zen horretan geratu. XVI. mendean, eraikuntza-prozesuan zegoen San Pedroko Basilika finantzatzeko “bekatuen indulgentziak” saltzen hasi ziren: Elizari ordaintzen zitzaion borondatezko diru kantitate bat, bekatuak barkatzeko edo hildako baten arima zeruan sartzeko. Hots, salbazioa ziurtatzen zuen agiria. Horren ondorioz, santu baten 15 esku eta 20 oin aurkitu zitezkeen bananduta. Aipatzekoa da Johann Tetzel fraide bula-saltzailearen leloa: “txanpona kofrean sartzen den momentuan, zeruan dagoen arima penarik gabe salto egiten du”.
Kleroaren Ezjakintasuna
Elizgizonak gizateriaren eta Jainkoaren arteko bitartekariak dira Elizaren arabera. Baina garai honetan elizgizon ugari doktrina kristaua ez zuten ondo ezagutzen eta prestakuntza falta izugarria aurkezten zuten kultu-funtzioak egiterako orduan. Jainkoarekiko bitartekariak ez baziren erlazio hori mantentzeko gai, beste bide bat bilatu beharko zen Jainkoarekin komunikatzeko.
Testu Erlijiosoen Hedapena
Inprentaren asmakuntzarekin, liburu idatzien hedapena modu izugarrian hazi zen. Kopiatutako lehen testua Biblia izan zen, eta honi jarraitu zioten bai beste testu erlijiosoek bai beste gaietakoek. Edonork eskuratu ahal zuen merke Biblia bat, eta, ondorioz, testu sakratuari buruzko interpretazioak hazi ziren (asko Eliza Kristauaren doktrinaren kontrakoak ziren).
Kausa Sozioekonomikoak
Burgesiaren Sendotzea
Eliza Kristauak aberastasuna eta onura ekonomikoa (lukurreria) kondenatzen zituen, prezio justuaren aldekoa izanik. Dena den, aipatzekoa da hori ez zutela guztiz praktikan jartzen, goi-kleroa aberastasunez eta luxuz beteta bizi baitzen eta Elizak esku hilean ondasun ugari biltzen zituela. Moral ekonomiko honek talka egiten zuen hazkundean zegoen burgesiaren ideologiarekin, enpresen etekin ekonomiko maximoa lortzearen aldekoak zirenak.
Kausa Politikoak
Nazio-Monarkien Indartzea
Feudalismoaren gainbeherarekin, erregeek boterea berreskuratu eta handitu zuten, noblezia eta kleroaren gainean kokatuz. Baina erregeek oraindik egin behar zioten aurre oztopo bati: erreinuko barne-arazoetan sartzen zen Eliz-boterea. Eliza Kristauak, egoitza Erroman izan arren, kristautasuna bateratzen zuen instituzio unibertsala bezala aurkezten zen.
Baina europar nazioen sentimendu nazionalistaren indartzearekin, unibertsaltasun horrek indarra galduz zihoan. Estatu bakoitzak (hizkuntza, ohitura edota kultura berezia zuena) bere berezitasunak aldarrikatzearen aldeagoa zen. Hortaz, Erreforma protestanteak interes nazionalistekin bat egin zuen (esaterako, testu erlijiosoen itzulpenen aldekoa zen, hizkuntza herrikoietan: ingelesa, frantsesa, gaztelania…).