Elikagai Ekologikoak eta Teknologia: Osasuna eta Kontsumoa

Enviado por Chuletator online y clasificado en Matemáticas

Escrito el en vasco con un tamaño de 5,28 KB

Produktu ekologikoak: Gure osasuna jokoan

Gizakiarentzat ezinbestekoa da janaria; horiek gorputzari behar dituen bitaminak eta energia ematen baitizkiote. Baina, gaur egun, badakigu zer jaten dugun? Lehen, gure aitona-amonek baserriko edo itsasoko produktu freskoak eta ekologikoak besterik ez zituzten jaten, besterik ez zutelako. Gaur egun, ostera, janari kontuak asko aldatu dira; izan ere, janari artifizial berri asko agertu dira: adibidez, janari energetikoak, bitamina pilulak edo famatu egiten ari den janari azkarra.

Elikagaien kontrola eta segurtasuna

Hainbeste janari berrirekin, ezinbestekoa da kontrolak eta analisiak egitea. Kontrol eta analisi horiekin, janaria egoera onean dagoela ziurta daiteke, eta horren adierazpide dira jartzen zaizkien etiketak, adibidez, Euskal Label etiketa. Nahiz eta kontrolak eta analisiak egin, badaude kontrol horiei ihes egiten dieten kasuak. Orain dela urte batzuk, "behi eroen" gaixotasunak kolpe ederra eman zion Europako abeltzaintzari, eta, gaur egun ere, hegazti gripearen eraginez, jendea kontrol horietan konfiantza galtzen hasi da.

Janari azkarraren gorakada

Kontrolak eta analisiak alde batera utziz, jendeari deskonfiantza sortzen dion beste janari mota bat janari azkarra da. Mundu osoan ezagunak dira McDonald's, Burger King, Bocata eta horrelako enpresak. Baina, osasuntsuak al dira enpresa horietako janariak? Batzuek ezetz diote; beste batzuek, aldiz, baietz. Horixe da janari mota horren inguruan dagoen eztabaida. Bestalde, plazetan eta merkatu txikietan, zorionez, janari ekologikoak eta kalitatezkoak aurki ditzakegu. Hala ere, jendeak nahiago du Eroski, Dia eta horrelako lekuetara jo, prezioak merkeagoak baitira. Gaur egun, kalitatezko produktuak nahi badituzu, ondo ordaindu beharra dago, eta horrek izugarrizko mina egiten die baserriko eta itsasoko produktu freskoei. Hori guztia gure kalterako da, azken finean gu baikara produktu horien azken kontsumitzaileak.

Erantzukizunez kontsumitu

Gaur egun zaila da esatea produktu bat ona edo txarra den. Baina, etiketetan konfiantza baduzu, beti eros dezakezu etiketadun produktua. Adibidez, nire amak Euskal Label produktuak besterik ez ditu erosten; berak dioenez, oso kalitate oneko produktuak dira, eta etxean gustura jaten dira. Nik neuk ere neure neurriak hartzen ditut janari kontuetan; ez naiz McDonald's edo horrelako tokietara joaten, mesfidantza handia baitaukat toki horiekin. Argi dagoena da, osasuntsu bizi nahi baduzu, zure gorputza kontrolatzeaz gain, jaten duzuna ere kontrolatu behar duzula.

Hiritarrak eta teknologia: Eraldaketa digitalaren erronkak

Nork ez dauka ordenagailu bat etxean, nahiz eta jokoetara ibiltzeko bakarrik erabili? Zenbatek aldatu ote dute ondo dabilkien telefono mugikorra, moda aldatu delako? Hau guztia ikusirik, zer gertatuko ote zen teknologia mundu honetan, 2000. urterako egin ziren aurreikuspenak bete izan balira? Ez dago esan beharrik azken urteotan teknologiak izan duen aurrerapenaren ondorioz, gaur egungo bizimoduaren oinarri bihurtu dela, bihurtu zaigula.

Informazioaren gizartea

Hau gertatzearen arrazoiak ugariak izan daitezke. Adibidez, gizarteak informazioari garrantzi handia ematen dio; beraz, jendea informatuta egon behar dela esan genezake. Hori lortzeko, Internet bide ona da, nahiz eta informazio ugariak ez duen esan nahi informazio hoberena denik. Gainera, aurrerapen teknologikoei esker, aparailuak gero eta merkeagoak dira —DVDak, MP3ak, eskuko telefonoak...—, eta jendearentzat ere eskuragarriagoak dira.

Teknologiaren alde onak eta txarrak

Aurreko guztia esan ondoren, sortzen diren ondorioak onak eta txarrak izan daitezkeela azpimarratu nahi nuke. Ondorio on bat zerbitzuak emateko era berri bat sortu izana da; hau da, hainbat enpresa jaio dira, ia leku fisikorik ere ez dutenak eta zerbitzuak Internet bidez eskaintzen dituztenak. Ondorio txar bat, aldiz, zabor teknologikoaren gehikuntza izugarria da; izan ere, aparailu asko eta asko, ondo funtzionatzen duten arren, zaborretara botatzen dira, berriak erosteko: kolorea aldatzeagatik, memoria handiegia dutelako, forma politagoak dituztelako...

Teknologiarekiko mendekotasuna

Beste ondorio kezkagarri bat, denon ahotan dabilena, teknologia hauek ekarri duten mendekotasuna da. Ez dago esan beharrik gero eta gehiago direla, batez ere gazteak, ordenagailuaren aurrean orduak eta orduak igarotzen dituztenak, bai jolasten, bai Interneten murgilduta. Horrela, bakardadean hazten dira eta, gainera, teknologia hauek erabili ezean "monoa" sortzen zaie. Horrelako martxan, laster batean agertuko da izen berriko gaixotasunen bat ere.

Teknologiaren erabilera arduratsua

Bukatzeko, eta niri dagokidanez, esan beharra daukat orain arte aipatutako tresnak eta Internetarako sarbidea baditudala. Baina uste dut horien erabilera egokia egiten dudala; beste modu batean esanda, nirekin ez dute diru askorik irabaziko. Hau da, mugikor bakarra dut, dagoeneko lau urte dituena, eta mezuak bidaltzeko baino ez dut erabiltzen; Internet informazioa bilatzeko eta e-mailak idazteko erabiltzen dut; "pen-drive"ak disketeak baino hobeak direlako erosten ditut. Laburbilduz, esan nahi nuke teknologia aurrerapenek bizitza errazten digutela, baina erabilera kontrolatu egin behar dela, bakoitzak dituen beharrizanen arabera, hain zuzen ere.

Entradas relacionadas: