Elektrizitatea: Pila, Sorgailua eta Zirkuituak

Enviado por Programa Chuletas y clasificado en Tecnología Industrial

Escrito el en vasco con un tamaño de 3,91 KB

Elektrizitatearen Hastapenak

1798an, Alessandro Volta fisikari italiarrak lehen pila eraiki zuen, zinkezko eta kobrezko xaflen artean ur gazitan bustitako ehunak txertatuz. Muturrak kontaktuan jarri ondoren, substantzia horien konposizioa aldatu eta korronte elektrikoa sortzen zen. Aparatu sinple hori izan zen gaur egungo pila elektrikoen, baterien eta zenbait eguzki-plakaren prototipoa. Pila hauek, dauzkaten materialen propietateei esker, elektrizitatea sortzen dute. Pila izan zen elektrizitate-iturri bakarra 1831ra arte.

Faraday-ren Aurkikuntza

1831n, Michael Faraday zientzialari ingelesak aurkikuntza garrantzitsua egin zuen: kobrezko kablea imanen artean mugituz gero, elektrizitatea sortzen zen kablean. Horixe izan zen elektrizitate-sorgailuaren hastapena. Mugimendua aprobetxatuz, elektrizitatea sor dezakeen gailua da sorgailua. Bizikletaren dinamoa, adibidez, gurpilen biraketa aprobetxatuz elektrizitatea sortzen duen sorgailu txikia da. Dinamoak kobrezko harila dauka barruan, eta harilaren alboan imanak.

Elektrizitatearen Efektuak

Beroa

Elektrizitateak eroalea zeharkatzean, eroalea berotu egiten da. Efektu hori zenbait gailutan erabiltzen da, esaterako, lisaburdinetan, lehorgailuetan, txigorgailuetan... Aparatu horiek erresistentzia izeneko metalezko piezak dituzte.

Argia

Eroalearen tenperatura igotzean, kolorea ere aldatu egiten da: lehenengo gorri eta gero zuri bihurtzen da, argia igorriz. Fenomeno horri gorritasun esaten zaio, eta bonbillen oinarria da. Bonbillen harizpiak 3000 °C-ko tenperatura harrapatzen du gutxi gorabehera. Lanpara halogenoak ere fenomeno horri esker funtzionatzen dute, baina argi zuriagoa eta distiratsuagoa igortzen dute. Lanpara fluoreszenteetan eta kontsumo txikiko lanparetan, lanparek barruan izaten dituzten gasek dauzkaten propietateei esker sortzen da argia.

Mugimendua

Elektrizitateak motor elektriko txikiak mugiarazten ditu.

Soinua

Txirrinek, alarmek, sirenek eta bozgorailuek elektrizitateari esker sortzen dituzte soinuak.

Zirkuitu Elektrikoak

Osagaiak

  • Sorgailuak: korronte elektrikoa ematen duten elementuak dira.
  • Hargailuak: korronteari dagokion energia aprobetxatzen duten gailuak dira.
  • Eroaleak: korronte elektrikoak zirkula dezan, sorgailua eta hargailua lotzen dituzten kableak edo metalezko xaflak dira.
  • Maniobratzeko elementuak: eroaleak konektatuz edo deskonektatuz, zirkuitua ixteko edo irekitzeko balio dute.
    • Etengailuak: egonkorrak dira, eta zirkuitua irekitzen edo ixten da.
    • Pultsadoreak: sakatzen zaienean, korronte elektrikoa pasatzen uzten dute, eta, sakatzeari uztean, eten egiten dute korrontea.
  • Babesteko elementuak: tentsio handiko zirkuituetan, babesteko elementuak ipini behar dira. Sinpleena fusiblea da.

Konexio Motak

  • Serieko konexioa:
    • Bonbillak: elkarren segidan jartzen dira, pilak korrontea pasatzeko bide bakarra osatuz.
    • Pilak: pila guztien tentsioen baturaren baliokidea da.
    • Fusibleak eta maniobratzeko elementuak: hargailuekin seriean konektatu behar dira beti.
  • Paraleloko konexioa:
    • Bonbillak: pilaren poloek bonbilla bakoitzaren borneetara konektatuta egon behar dute.
    • Motorrak: beste hargailuren batera paraleloan konektatu behar dira beti.
    • Pilak: tentsio bereko pilaren baliokidea da.

Segurtasuna

Tentsio txikiko pilak dituzten zirkuituak manipulatzeak ez du inolako arriskurik osasunerako. Osagaiak konektatzen ditugunean, zirkuitulaburrik ez sortzeko kontuz ibili behar dugu. Oso arriskutsua da etxebizitzetako 220 V-eko zirkuitu elektrikoak manipulatzea; izan ere, deskarga elektrikoa sor daiteke.

Entradas relacionadas: