EAEko Industria: Analisia eta Ezaugarriak

Enviado por Chuletator online y clasificado en Geografía

Escrito el en vasco con un tamaño de 8,32 KB

EAEko Industria: Analisia eta Ezaugarriak

Sarrera

Iruzkindu beharreko dokumentua mapa tematikoa da, koropleta-mapa, hain zuzen ere. Kolore-intentsitate desberdinez, mapan fenomeno bat adierazten da: Euskadiko industriako sektorean okupatutako biztanleriaren ehunekoa udalerrika. Kolore berdeak dituzten udalerriek industria-sektoreko langile gutxiago dituzte; aldiz, zenbat eta kolore arrosa ilunagoa izan, orduan eta langile gehiago daude industrian. Legendan, hamar maila bereizten dira, ehunekotan, eta batetik bestera pasatzeko %4,23ko tartea dago. Mapan ikus daitekeenez, Gipuzkoako udalerriek dituzte industriako langileen ehuneko altuenak (lurraldeko ekialdean izan ezik). Bizkaian, ekialdean agertzen dira balio altuenak, eta beste eskualdeetan kolore berdeak dira nagusi. Araban, kolore berdeak ikus ditzakegu, oro har. Mapa honen interpretazio egokia egiteko, kontuan izan behar dugu erakusten diguna industrian lan egiten duen biztanleriaren ehunekoa dela, eta ez lanpostu kopuru osoa.

Iruzkina

Hasteko, euskal industriaren garrantziaz jabetzeko, hona hemen datu eta ezaugarri orokor batzuk: Industriaren garrantzia handia da EAEn, bai sortzen duen enplegu kopuruagatik (lanpostuen %20), bai eta sortzen duen balio ekonomikoagatik ere (aberastasunaren %24). Hala ere, mapan ikusten den bezala, banaketa hori ez da orekatua, eta aldaketa handiak daude eskualde batzuetatik besteetara. Euskal industrian nagusi dira enpresa txikiak eta ertainak, zenbait enpresa handi ere egon arren. Ekoizpen osoaren ia heren bat esportatzen da.

Gipuzkoa

Donostialdea

Langileen ehuneko handiena zerbitzuetan aritzen da lanean, baina industria ere garrantzitsua da, eta langile kopuru handiak egiten du lan bertan. Gune nagusiak: Donostia, Hernani, Pasaia, Errenteria, Lasarte-Oria... Miramongo Parke Teknologikoa (Donostia) 1994an sortu zen, eta telekomunikazioak, informatika, enpresa-zerbitzuak eta elektronikan egiten dute lana.

Debako bailara

Eskualde honetan kolore arrosak nagusi dira; langile gehienek industrian egiten dute lan. Sektore nagusiak metalurgia, makineria eta makina-erreminta dira. Arrasate, Oñati, Bergara, Elgoibar eta Eibar dira gune nagusiak. Kooperatibismoaren sorlekua da.

Goierri

Goierri ere dentsitate handiko industria-gunea da. Sektore nagusiak hauek dira: garraiorako materiala, metalurgia, makineria eta ekipo elektrikoak... Gune nagusiak: Beasain, Ordizia, Idiazabal, Ormaiztegi...

Urola eta Oria haranak

Aurreko eskualdeetan baino dentsitate txikiagoa dago, baina udalerri gehienak %20 eta %30 artean daude. Tolosa, Andoain, Azpeitia edo Zarautz gune garrantzitsuak dira. Bertan, metalurgia, makineria, altzarigintza, ontzigintza eta papera dira sektore nagusiak (azken hiru horiek krisi sakona jasan dute).

Bizkaia

Bilbo Handia

Eskualde honetako langile gehienak zerbitzuetan aritzen dira, eta, horregatik, nagusitzen da kolore berdea. Adibideak: Bilbo (%84 zerbitzuetan), Barakaldo, Sestao, Portugalete eta Santurtzi (%77 eta %81 artean). Udalerri hauek oso ondo erakusten dute bigarren sektoreak azken mendean izan duen bilakaera. Bertan hasi zen industrializazioa, nagusi izan zen XX. mendearen lehen erdian, baina krisi desberdinen ondorioz, tertziarizazio-prozesu nabarmena gertatu da, datuek argi erakusten duten bezala.

Zamudioko Parke Teknologikoa 1985ean sortu zen, eta azpimarratzekoa da ikerkuntzan eta teknologia-berrikuntzan duen eragina; bertan kokatzen baitira teknologia aurreratuenetako enpresak: telekomunikazioak eta aeronautika.

Durangaldea eta Lea-Artibai

Eskualde hauetan daude industriako sektoreko langileen ehuneko altuenak: %26tik gora. Sektore nagusiak metalurgia, makinak eta ekipoak eta garraiorako materialak dira. Eremu horretan sartzen dira: Durango, Elorrio, Ermua, Abadiño...

Araba

Gasteizko biztanleriaren %20 aritzen da industrian lanean (%75 zerbitzuetan). Ehuneko txikia izan arren, Gasteizek 255 mila biztanle dituela kontuan izan behar dugu industrian langile asko daudela hiriburuan ulertzeko. Araba guztiak 335 mila biztanle dituenez, Gasteiz da Arabako industria-gune garrantzitsuena. Sektore nagusiak honako hauek dira: garraiorako materialak, kautxua eta plastikoak, metalurgia, makineria, elikagaiak... Eremu horretan enpresa handi batzuk daude: Mercedes-Benz, Michelin eta Gamesa aeronautikoa. Arabak abantaila batzuk ditu industriaren kokapenerako: komunikabide egokiak eta lurzoru ugari eta merkeak.

Miñaoko Parke Teknologikoa 1992an sortu zen, eta bertan informatika, aeronautika, telekomunikazioak, ingeniaritza eta energia-teknologiak dira puntako sektoreak.

Mapan, Arabako balio altuenak Aiaraldean agertzen dira: Laudio eta Amurrio dira gune nagusiak. Eskualde hau Bizkaiko ekonomiari lotuta dago, gehienbat. Sektore nagusia metalurgia da.

Ondorioa

Orokorrean, gaur egungo euskal industria XX. mendeko azken laurdeneko krisiaren ondorioa da. Orduan emandako aldaketen ondorioz, industria astunen presentzia murriztu egin da nabarmen (siderurgia, papergintza edo ontziolak, adibidez), eta Bilbo izan daiteke dentsitate industrialaren galeraren adibide garbiena. Lehen industria zegoen leku askotan, gaur egun zerbitzuak eskaintzen dituzten jarduerak daude, eta, gainera, industria periferiatara zabaldu da, garraio-azpiegituren hobekuntzak medio.

Gaur egun, euskal industriaren egoera ez da txarra, baina baditu aurre egin beharreko zenbait erronka: bere teknologia-maila hobetzea, deslokalizazioari aurre egitea eta enpresek kanpoko lehiari malgutasunez erantzutea.

Definizioak

  • Nekazaritza intentsiboa: Era jarraituan eta espazio txikietan produktu-kantitate handiak ekoizten dituena da. Horretarako, ureztatze-teknikak, ongarriak eta produktu kimikoak (plagizidak, pestizidak...) erabiltzen ditu.
  • Nekazaritza estentsiboa: Lur-eremu handietan egiten den nekazaritza mota; labore bakar bat lantzen du eta hektarea bakoitzeko produkzio txikia du. Eskulan gutxi behar du, mekanizazio-maila eskasa (teknika tradizionalak) eta inbertsio txikikoa da.
  • Abeltzaintza intentsiboa: Giza erabilerarako abere-hazkuntza mota honetan, ganadua ukuiluratuta egoten da, eta pentsuekin elikatzen da erabat edo zati handi batean. Inbertsio handiak eskatzen ditu, eta etekin handiagoak ditu helburu.
  • Abeltzaintza estentsiboa: Giza erabilerarako abere-hazkuntza eta zaintza mota hau, aire zabaleko ustiategietan egiten da, non abereek beren elikagaiak lortzen dituzten.
  • Nekazaritza-ustiapena: Enpresa baten edo nekazari beraren esku dagoen nekazaritza-produkzioa. Bi modutan sailka daiteke: tamainaren arabera eta ustiapenaren forma juridikoaren arabera.
  • Erabilitako nekazaritza-azalera (ENA): Landutako lurren eta larreetarako erabiltzen diren lurren azalera.
  • NBP (Nekazaritza Politika Bateratua): Europar Batasunak 1960ko hamarkadatik ezarritako politika-multzoa: Europako nekazaritza-sektorea kanpoko lehiaren aurrean babesteko, sektorearen ekoizpena areagotzeko, nekazarien bizi-maila hobetzeko, merkatuak egonkortzeko eta kontsumitzaileei nekazaritzako gaiak arrazoizko prezioetan ziurtatzeko.
  • Akuikultura: Itsasoko edo ur gezatako (akuikultura kontinentala) landare- eta animalia-espeziak haztean datzan jarduera ekonomikoa.
  • Industria: Energia-iturri bat erabiliz lehengaiak produktu erdilandu edo landu bihurtzen dituen jarduera da.
  • Enpresa: Produkzio-unitate ekonomikoa da, berezko nortasun juridikoa du eta eraldatze-jarduera egiten du. Beraz, erabakitzeko edo kudeatzeko gaitasuna duen erakundea da, gizarte-egoitza du eta establezimendu edo produkzio-unitate bat edo batzuk ditu.
  • Industria-deslokalizazioa: Enpresa baten zerbitzuak eta produkzio osoa edo zati bat garapen gutxiagoko herrietara edo eskualdeetara eramatea, non lan-kostuak txikiagoak diren, lurzorua merkagoa den, abantaila fiskalak dituzten...
  • Goi-teknologiako industria: Ezagutza zientifiko eta teknologikoen berritze azkarra eta konplexutasun-maila handia ezaugarri dituen industria-mota da. Enpresa hauen helburuak ikerkuntza, garapen teknologikoa eta berrikuntza dira.

Entradas relacionadas: